Alaia Martin
IRITZIA

Bai

Gaur bezalako martxoaren 18 batean, 1980an, Erich Fromm filosofoa hil zen. Jaio aurretik, agian. Berak esana baita, pertsona beti hiltzen dela erabat jaio aurretik. Pertsonaren betebehar nagusia bizitzan, bere iritziz, bakoitzak bere burua erditzea da, benetan den hura bihurtzeko. Ahalegin horren emaitza gorena pertsona horren nortasuna litzateke. Bizitza ere, haurdunaldi etengabe horretan, era horretan definitzen zuen, hautatu behar horretan: bizitzaren eta heriotzaren artean aukeratu behar horretan, sormenaren eta indarkeria suntsitzailearen artean, errealitatearen eta ilusioen artean, objetibitatearen eta tolerantziaren artean, ahizpatasunaren eta banakakotasunaren artean, menperakuntza eta sumisioaren artean aukeratzea zela, alegia.

Hiltzeko gogorik gabe jaio ginenok ere nahiko lan izaten dugu egunero geure burua erditzen, mila zatitan apurtu gabe. Giza kontsumitzaile potentzial izateko programatutakook kontsumitu egiten gaitu askotan egunerokoak, eta egunerokoaren pilaketak disolbatu egiten gaitu inguruaren sulfatoetan. Elkarren ongarri baino, ongarri izatera igarotzen gara, literalki.

Egunero erditu beharrean, mugarrika mugatzen ditugu gure garapen aukerak. Hamarkadaka batzuek, kolpeka besteek, nekearen pisuz, askok. Nor garen erabakitzeko, eta gogoratzeko, ahalegin horrek ez lekarke, besterik gabe, norberaren garapena. Taldearen benetako taldetasuna lekarke, nor bere gaitasunen jabeago izatea, eta besteenak ikusteko beste umiltasun bat, lehiatu beharrean puzzlean geure ondoko pieza izan litekeena hauspotzeko jarrera.

Ume-umetan ikasten baitugu zer ez, eta Z horien haizea arnastuz pasa genezake bizitza osoa, erdizka. Gero ez baitigu inork irakasten, zorte handirik izan ezean, ezezko horiek zalantzan jartzen, edo are garrantzitsuagoa dena, zer bai pentsatzen edo aukeratzen.

Bizitzaren lehen hamarkadarako, hamarka lanbide proposatu dizkizute, eta zugan zer ikusten duten, hura ikusiko duzu zeuk ere. Zer izango ez zaren zerorrek sailkatuko duzu, entzundako aipuen eta barreen bidetik. Borondate handia eta konfiantza handiagoa beharko duzu, ezezko haietatik aurrera egin eta ezezko bide horietariko bat aukeratzeko.

Beteko dituzu hiru hamarkada eta normalki erabakita izango duzu ordurako zertarako gai zaren, eta zertarako ez. Eta zertarako ez-ak gero eta urrutiago geratuko zaizkizu zeure hatz-mamietatik, zeuk bakarrik ez, jendeak ere erabaki duelako, zertarako zaren gai, eta zertarako ez. Orduan, pertsona, alderdi, elkarte zein ideologia izan, bi aukera izango dituzu, zure paperen laukitxoetan idatzi dizkizuten x-ak onartu, edo aljebran tematu, eta hizki berriak asmatu.