Maria Mendizabal
osasuna eta produktibitatea

Jarduera fisikoa lan ordutegian txertatuta

Lan baldintzetan jasoa. Horrela dute Suediako hainbat enpresak jarduera fisikoa egiteko betebeharra. Kirolak onurak ditu langileentzat –osasuntsuago egoteko besteak beste–, baina baditu halaber, abantailak enpresarentzat, ikerketek diotelako produktibitatea handitzen eta absentismoa murrizten duela. Agian, azken arrazoi honek eraman ditu zenbaitentzat muturrekoa den neurri hau abian jartzera.

Gorputz eta buru osasunean jarduera fisikoak duen onurez jabetuta, gero eta gehiago dira eguerdiko atseden tartean igerilekura, korrika egitera edota gimnasiora joaten direnak; kiroldegietan eguerdiko orduetan eskaintzen den ikastaro mordoari begiratu baino ez dago joera horretaz jabetzeko. Apurka, baina lan eremuan ere hasi dira langileei kirola egiteko aukerak eskaintzen, baita gure inguruan ere. Izan ere, ikerketa hainbatek baieztatu dute enpresetan jarduera fisikoa sustatzeak, besteak beste, produktibitatea handitzen duela eta absentismoa murrizten. Hala dio, esaterako, Kataluniako Universitat Obertako Anna Bach eta Laura Esquius irakasleek egin duten azterketak. «Kirolak efizientzia handitzen du eta sormena bizkortzen du», dio, oro har, herritarren osasun egoera hobetzeko eta arlo honetan egiten den gastua murrizteko balio duela aipatzearekin batera.

Aipatu arrazoiak tarteko, Suedian enpresa batzuk harago joan dira eta kirol jarduera lan betebehar egin dute. Hori da, esaterako, Kalmar Vatten ur horniketa enpresa publikoaren edota Björn Borg arropa markaren kasua. Azken honetan, ostiralero langileak enpresak Stockholmen duen egoitza utzi eta auzoko kirol zentro batera joaten dira. Hala erabaki zuen orain bi urte enpresako zuzendari orokor Henrik Bungek. «Langileren batek ez badu kirolik egin eta enpresaren kulturan txertatu nahi, joan egiten da», dio, oraindik neurri hau dela-eta inork ez duela enpresa utzi nabarmenduta. Helburuak argiak dira: produktibitatea, errentagarritasuna eta langileen arteko giroa hobetzea. 2014an Stockholmeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek frogatu zuen lanaldiaren barruan jarduera fisikoa egiteak abantailak dituela enplegatuarentzat –osasuntsuago eta kontzentratuago daudelako– eta patroiarentzat, absentismoa %22 murrizten delako. Kontuan hartzeko zenbatekoa, aintzat hartuta Suedian gaixotasunagatiko bajak Europako batez bestekoaren bi halako direla.

Aurpegia gorrituta eta irribarretsu, 60 bat langile aldageletara doaz, yoga eskola bat hartu ostean. «Gutariko gehienentzat lan asteko momentu onena da hau», dio Cecilia Nissborgek.

Natura eta aire libreko jarduerak. Suediarrek aszesia, esfortzua eta egiten duen eguraldia edozein izanda ere ariketa fisikoa egitea baloratzen dituen kultura luteranoa dute. «Uste dugu naturan aire librean mugituz gero osasuntsu, indartsu eta zoriontsu garela», dio Carl Cederströmek, Stockholmeneko Unibertsitateko ekonomia ikertzaileak eta kirola edozein preziotan egitearen arriskuak salatzen dituen “The Wellness Syndrome” liburuaren egileak. Gainera, bere esanetan, «kirola eginez gero edota gorputza zainduz gero pertsona batek halabeharrez ona» izan behar duela pentsatzeko joera zabaldu da.

Suediarrak harro daude Europan kirol gehien egiten duen herrialdea izateaz. Eurobarometroaren arabera, 2014an biztanleen %70ek astean behin egiten zuten kirola eta %51k astean bitan edo hirutan. Erraztasunak ere badituzte: 1980ko amaieraz geroztik, enpresa gehienek kirol jarduerak diruz laguntzen dizkiete euren langileei, urtean 500 euroraino.

Björn Borgen, Bungek dio hobeto bizi eta lan egiten den lan eremua sortu duela; eta gaineratu du, proiektu hau abiatu zenetik, taldearen datu nagusi gehienek gora egin dutela. Abantailak baino ez dizkio ikusten; izan ere, derrigorrezko kirol ordua taldean egiten dute eta zerbitzuen arteko harremanak estutzeko eta erlazio hierarkikoak apaltzeko ere balio duela nabarmendu du. «Kirol aretora sartzean guztiok maila berdinean gaude. Zuk enpresan duzun lekuak ez dauka inolako garrantzirik», dio Ida Langek, enpresako kontulariak.

Carl Cederströnen iritziz, Suedia kirolaren bitartez ongizatea eta errendimendua bilatzen duen herrialde bakarra ez bada ere, lanorduetan kirola egitea derrigortzen duten enpresen kasuan muturreko egoera du herrialde nordiko honek. Haren esanetan, eztabaidan jartzeko modukoa da, gainera, joera hau: «Kirola egiten duelako pertsona bat ama edo aita hobea edo lagun hobea dela pentsatzen hasten garenean, irits gaitezke ondorioztatzera, osasuntsu ez dauden edota, besteak beste, erretzaileak diren pertsonak ez direla horren onak».