JOKIN URAIN
IRITZIA

Joko garbiak

Ez dakit zelan gertatzen den, baina egunero daude futbol partidak, saskibaloikoak eta bestelakoak telebistan edo irratian, eta sail handiak hartzen dituzte egunkarietan. Orrialdeak betetzen dituzte gauero zernahi motatako kirol berriekin, eta goizean, egunkariari begirada bat bederen emateko ohituran tematuta orri-pasan hasten zarenean, hortxe dauzkagu muturraren aurrean, publizitatea bezain aspergarri sarritan.

Indar proba da kirola orokorrean, norgehiagoka den heinean, eta banakakoena edo talde murritz batena den lehia jendartera igarotzen da, jendarte multzoen arteko lehia bilakatzen da. Futbol partiden kasuan, arriskutsutzat jotzen dituzte batzuk, alde bateko eta besteko zaleen arteko talka elkarrentzat arriskutsu izan daitekeelako. Futbol partida guztiak dira, dirudienez, oso garrantzitsuak taldearentzat eta zaleentzat. Eta irabaztea da hemen balio duena. Tira, jakitez ez dakit irabaztea ote den garrantzitsua, ala besteak galtzea. Kontu serioak dira nolanahi, eta ez txantxetan edozein lekutan eta edozein moduz astintzekoak.

Milioika euro ordaintzen dituzte futbol talde batzuek jokalari on edo oso ontzat duten bat erosteko, harekin partidak eta txapelketak irabazteko asmoz. Tirabira maila horretaraino iritsita, ez zait harrigarria iruditzen jokoa beti ez izatea guztiz garbia, are gutxiago lagunarte girokoa, eta irabazi nahi horretan iruzurrak egitea gainera, edo iruzur horiek gero eta modu finagoan egiteko moduak asmatzen aritzea batzuk.

Duela ez asko atzeman omen dute halako iruzurgile sare bat Espainian, partida irabaztearren beste taldeko jokalariren batzuk, arbitroa, atezaina eta behar zena erosten zuena. Atxilotu egin omen dituzte, eta ez dut ongi ulertzen delitua. Talde handiek milioika euro badituzte munduko jokalari onenak erosteko dena irabazi asmoz, pentsatzekoa da talde apal eta dirugabeenak ere haiek adina handi direla desio eta asmoetan, zer esanik ez ametsetan, nahiz eta munduko futbolari onenik ezin erosi.

Ez dakit zer irudituko zaizun zuri, Juankar, baina nik esango nuke munduko futbolari onenagatik milaka milioi ordaintzea bezain zilegi dela talde aurkariko futbolariak eskupekoz modu eroso batean erostea, eta arbitroa bera ere bai beharrezkoa bada partida irabazteko, partida irabaztea edo aurkariak galtzea baldin bada kontua.