Amaia Ereñaga
Elkarrizketa
jon maia, igor elortzaeta unai iturriaga

«7K hasi zenetik hona, erreferentzialtasun handia galdu du euskal kulturak»

Nola aldatzen diren gauzak kamaradak»... hausnarrean nindoan autoan –Hertzainak taldearen baimenarekin– Durangorako bidean, mahai-inguru, elkarrizketa, debate, berriketaldi, tertulia, elkarrizketa edo dena delako hau gauzatzeko egunean. Bezperan, eta Garzon jaunari «esker», “Egin”-eko erredakziotik berreskuratutako nire telefono-agenda gastatu eta zaharkituari begiratu bat eman nion. Ez dakit zergatik ez dudan behingoz zakarretara botatzen; tira, aitor dezadan, iraganeko garai nahasi eta bizien oroigarri legez garraiatu dut erredakzio batetik bestera urte luze hauetan. Ez dut inoiz erabiltzen, baina hor dago, tiraderan, badaezpada. Post-it-ez jositako antigoaleko lan tresna honetan, “M” hizkian, Mariasun Monzon lankidearen notatxo hau itsatsita: «Jon Maiaren telefono berriak. Artikulua bihar goizean bidaliko du». Jonen zenbaki “berri” haiek ohiko 943rekin hasten ziren, noski, orain ia bi hamarkada gutxik baikeneukan telefono mugikorrik. Ez zegoen gaur egungo Whatsapp talderik –hitzordu hau lotzeko sortu dudana bezalakoa, guztiz eraginkorra–, eta makina bat neska-lagun edo erantzungailurekin hitz eginak gara garaiz iristen ez ziren artikuluen “arrastoen” peskizan genbiltzanean. Posta elektronikoaren hastapenean geunden –bidaltzean une batez telefono linearik gabe gelditzen zinen eta modem-ak piiiiii soinu sarkorra egiten zuen– eta artikulu asko, nahi baino gehiago, fax-ez iristen zitzaizkigun... eskuz idatzita, «maiuskulaz, oso letra txarra nuelako», Unai Iturriagak gogoan duen bezala.

7K-ko zenbaki berezi honetan orduko eta gaurko kontuez hitz egiteko aitzakiarekin jarri dugu hitzordua Igor Elortza, Jon Maia eta Unai Iturriagarekin. Ni koordinatzaile nintzela, 1999an kaleratu genuen lehenengo zenbaki hartatik 2002ko irailera arte orrialde hauek astero topaleku bihurtzen ziren; hiru bertsolari eta kultur eragileon artekoa, bai eta irakurleekikoa ere. Gutunak, artikuluak, hiruren arteko posta? Ez nintzateke ausartuko genero berri bat asmatu genuela esaten, baina hemengo hedabide batean nekez aurkituko duzue estilo horretako zerbait. Hasieran Long Johnek (Jon Maia), Alanbrek (Igor Elortza) eta Txomin tabernariak edo Komandanteak (Unai Iturriaga) astean behin gaurkotasunarekin lotutako fikziozko pieza bat plazaratzen zuten, txandaka. “Poto taberna” zen atalaren izena, nik gogoan dudanez, Gasteizko El Parral tabernaren fikziozko paraleloa zena. Gero bigarren orrialdera pasatu genituen, “ohorezko” tokira, “Postakutxadura” izenpean... Hirurak batera!

Euria ari du Durangon eta Igor Elortza iritsi da lehena. Orain ia bi hamarkada bezala. Ez dira horrenbeste aldatu gauzak, kamaradak. Zain gauden bitartean, Landakoko egoitzako segurtasun langileari esker, toki ikoniko honetan argazki saioa lotu dugu. Argazkilariaren aginduei men eginez han eta hemen paratzen diren bitartean... orduan pezetetan ordaintzen genuela, ea denen artean nork izan zuen lehen ordenagailua eta abar komentatzen dihardugu; “Cuéntame” telesailean gaudela iruditzen zait batzuetan atzera begirako honetan, tabakoa erretzeko debekurik ez zegoelako –kea erotikoa eta apurtzailea zen orduan– eta orduko Euskal Herria bizia, bortitza, nahasia eta dibertigarria zelako. Garai hartan, rockaren bularretik hazitako eta bertso eskoletan enbortutako bertsolariak gerra ematen ari ziren. Eta mahai baten bueltan, txorizo muturren eta bakailao tortilla baten inguruan, hauek atera zaizkigu. Ez dago hizketaldi osoa, noski, ezinezkoa baita.

Bertso eskoletatik sortutako bertsolari berrien adibide zarete hirurak. Zuekin hasi zen mamitzen bertsolaritzan iraultza bat.

Igor Elortza: Apur bat arintxoago hasi zen, 90eko hamarkadan, orokorrean; bertsobooma deitu zitzaion orduan, gu baino helduagoei lotuta. “Hitzetik hortzera” telebista saioari lotuta hasten da eta, batez ere, gure aurreko belaunaldiarekin. Egaña, Sarasua, Euzkitze, Lizaso eta hauek zeuden. Eta 1992-93an gure belaunaldia sartu zen bete-betean, Jonek bere liburuan esplikatzen duen bezala, bestelako ezaugarri batzuekin eta beste jende batekin konektatuz. Eta “bertsolari gazteen saioak”egiten hasi ziren, izen eta guzti, bertsolaritzaren boom orokor horren barnean; boom paralelo bat egon zen, gure belaunaldiarekin lotuta, urte batzuk iraun zuena..

Jon Maia: Bertso eskolek posible egin zuten edozein perfileko pertsona iritsi ahal izatea bertsotara. Lehen familiako transmisioan oinarritzen zena aldatu egin zen: bat-batean solfeora apuntatzen zinen bezala edo euskal dantzara, bertsotara ere apunta zintezkeen, nahiz eta etorkinen alaba izan, nahiz eta komikizalea izan…

Koka gaitezen. 1998an Igorrek Bizkaiko Bertso Txapelketako txapela lortu zuen lehen aldiz; gerora lau lortuko zituen. Unaik eta Igorrek dagoeneko kaleratuta zenituzten 7 Eskaleen bi diskoak eta Unaik «Berandu da gelditzeko» nobela argitaratu berri zuen. Garai mugituak eta sormen handikoak ziren, Jonek «Berriak jaio ginen» liburuan islatu duen moduan.

U. Iturriaga: Ordurako bertsolari gazteak kontsideratzen gintuzten. 1999ko Igor eta Jon Gasteizen elkarrekin bizi ziren Josu Goikorekin, bertso-tramak egiten; gu 7 Eskalerekin aritzen ginen. Esango nuke, niri dagokidanez behintzat, burua erakutsi eta gero, hor tarte batean 1999ra arte izan zela “geratu ezin” bat. Hainbat gauza gertatu ziren, niri dagokidanez behintzat, neurri batean nire kontroletik kanpo.

J. Maia: Modu natural batean ateratzen ziren, ez zen estrategia bat edo “Euskal Herriak hau behar du” edo “bertsolaritzak hau behar du”. Gure nahietatik sortzen zen, gure kultura hori zelako: rock kulturatik gentozen, gure belaunaldiko gazte asko bezala, baina bertsolariak izan nahi genuen. Bertsolaritzarekin harremanak izaten hasi ginen eta beste hiritar giro alternatibo batean hasi ginen, edo Hala Bedi irrati librean eta halako gauzetan, azken finean gure kultura naturala hori zelako. Zerbait tradizionala egiten genuen, bertsotan egiten genuen, baina gure garaiko seme-alabak ginen.

Orduan esan edo egindako gauza asko gaur ez lirateke posible izango; «Mozal legeagatik» diot. Zentsura gogortu egin da, beldur handiagoa dago, kontu handiarekin gabiltza.

U. Iturriaga: Duda barik. Garai hartan bertso mundua eta, bertso munduaren barruan, gazteok indar handia hartzen ari ginen. Hori gaur gertatu izan balitz, egungo baldintzetan, suposatzen dut norbaitek gu zigortzeko gogo handia izango zuela.

J. Maia: Eta aukera legala. Egun raperoekin gertatzen dena?

U. Iturriaga: Egun hauetan pentsatzen aritu naiz, 90eko hamarkada, zelanbait, “gerra hotzaren” garaia zela Euskal Herrian. Gaurko baldintzetan ez dut uste gertatuko zenik, adibidez, 1994an gertatu zitzaigun moduan, ETBk emisioa moztea (“Debaldeko Festa” zuzenean emititzen zen bertso programaren emisioa eten zuen ETBko zuzendaritzak “Kalea gurea da, ertzainik ez” pintada egitean). Orduan guztia oso ebidentea zen, «zuek hor, eta gu hemen». Gaur egungo errealitatea konplexuagoa da, nahasgarria izateraino. Gu orduan, de facto (ez arrazoirik gabe ere) kontra geunden: ETBren kontra, radioformularen kontra…

J. Maia: Akordatzen naiz “Hitzetik hortzera” hasi zenean, Gipuzkoako finalera 11.000 lagun joan zirenean, ia-ia oraingo BECen beste. Orduan hasi ziren bertsolarion argazkiak institutuetako karpetetan agertzen. Hori zen guretzat… bertso saioen bueltan autografoak eskatzen hasi ziren. Orain ere gertatzen zaigu, eta ez dakit beraiek, baina ni gogoratzen naiz ukatu egiten genituela hasieran autografoak. Gu kultura horren kontra geundelako; «ze ostia autografoa! Euskal Herrian eskatzea? Nora goaz? Ze perbertsio da hori?». Horrelako mentalitatean geunden.

I. Elortza: Orain gero eta galdera ohikoagoa da ea bertsotatik bizi daitekeen, edo bortitzagoa, bertsotan zenbat irabazten den. Gu bertsotan hasi ginenean, 1990eko hamarkadan, ez zen horrelakorik galdetzen.

Baina, ordutik profesionalizatu egin al da bertso mundua?

U. Iturriaga: Alderantziz.

I. Elortza: Jendeak orokorrean kultur jarduna begiratzeko duen modua da kontua: lehen, beharbada, sakralizatuegia zegoen, eta gaur egun oso banalizatua dago; ikuskizunaren patroiei lotuta. Orain ‘operación triunfismoa’ da nagusi, eta euskal kulturan ere handia dago. Gure lilurak, hasi ginenean, aparte gure soziologia politikoa, gehiago zihoazen, laburbilduz, gure gurasoen sasoiko Ez Dok Amairutarrekin, eta, batez ere, gure gaztetako rock radikal, gaztetxe, irrati libre eta abarrekin... Euskal Herriak batere instituziorik ez zuen edo hasi berri ziren garaiekin. Eta, beraz, herri mugimenduarekin eta kontrakulturarekin identifikatzen ginen. Eta jende kultuarekin. Gure lilurak gehiago zihoazen hortik.

J. Maia: Bi mundu enfrentatu ziren erabat. Ez zen posible bietan egotea.

U. Iturriaga: Eta jarrera hori ordaindu egiten zen ere; esan nahi dut txaloak jasotzen zirela, baina ordaindu ere egiten zela. Konparazioa egiterakoan, bada gaur kezkatzen nauen gauza bat eta badakit faktore askogatik dela, baina “gerra hotz” hori amaitzeak, edo galtzeak (ez dakit zer esan beharko litzatekeen), azken finean gerra hotz hori orain ez existitzeak, kultur arlotik begiratuta, uste dut kasu batzuetan despiste handia dakarrela. Gauza bat da aurreko baldintzetan ez egotea, baina kulturgile batek, edo kasu zehatz honetan bertsotan dabilen batek, nire ustez beti jakin behar du nondik begiratu behar duen; hau da, bere talaia aukeratu egin behar du. Gurea sinpleagoa zen, baina aukera bat zen ere, eta ez zen mundu guztia hor jartzen. Suposatzen dut guri ate batzuk itxi egin zaizkigula.

Tira, zuei beti parte izatea leporatu zaizue, ikuspegi politikoagatik. Garai hartako bertsogintzatik egungora hain aldaketa handia gertatu al da? Oraingoa ez da horren politikoa?

J. Maia: Nik uste dut gaur egun ere badaudela konpromisotik eta militantziatik aritzen diren bertsolariak. Lehen, gu hasi ginenean, bertso zirkuitu bakarra zegoen, zirkuitu ofizial bat. Hor sartzea zen gure helburua, eta listo. Baina bertso eskolekin, gure perfileko jendea iristen hasten denean, garaiko seme-alabak, hasten gara institutuetako grebetan bertso bat botatzen, ez dakit zer manifaren bukaeran bertso bat botatzen, ez dakit zer grebatan, militatzen –Jarrai, Ikasle Abertzaleak, ez dakit zer... batzuk behintzat–. Akordatzen naiz unibertsitateko mobida guztietan kantatzen genuela; gu gaztetxeetan hasten gara... Hori dena ez zen existitzen bertsotan, militantzia mota hori. Nik uste dut horrek jarraitzen duela. Orain zirkuitu desberdinak daude bertsotan. Ofiziala hor dago (jaialdiak, plazak, betiko bertso afariak), baina badago ere gaztetxeetan edo tabernetan egiten diren saioak, eta bertso musikatuak, edo gazte mugimenduko afariak edo afari feministak. Eta hor bertsolari dezente mugitzen dira, saio dezente izaten dute urte osoan eta kasu askotan 50 euroren truke. Bukatzeko, hasieran Igorrek aipatu duen profesionalizazio horri helduz edo hortik bizi daitekeen galderari erantzunez, ia-ia esan dezakegu 7K irten zeneko cachet ia-ia berarekin jarraitzen dugula, jendeak jakin dezala.

U. Iturriaga: Baldintzak, kultur mailan, orokorrean kaskartu egin dira ordutik.

J. Maia: Pezetaren garaikoarekin jarraitzen dugu.

 

I. Elortza: “Gerra hotz” hori ez nuke zehazki lotuko bakarrik bloke politikoetan. Ez dakit zein den gure “Berlingo harresia”, baina ni ere arduratzen nauen gaia da. Uste dut gaur ere sortzaile bati eskatu behar zaiola kalean egotea eta kritikoa izatea, oro har, baina baita botereekiko ere; izan bankuak, Gobernua, medioak, gizonok edo dena delakoa. Ez izatea edergarri huts bat; mitin askotan ere bagarena, bestalde.

U. Iturriaga: Postmodernitetatik kanpo gelditu gara gu. Edo ni neu geratu nahiz, behintzat. Nik beti esaten dut XX. mendeko pertsona kontsideratzen naizela, horrelako gauzei dagokienez. Mundua aldatu da, nik nire garaiko gauza on batzuk ikusten ditut, beste batzuk ez hain onak, baina bai ikusten dut diluituta. Gizakiok gara likidoak eta nahi dena, perfekto, eta nik ez dut guztiz ulertuko, baina kulturgile batek behar du eduki tiro egiteko askatasuna. Zuk jaten baduzu jaten duzun lekutik, tiro egiteko askatasuna galtzen duzu. Hautu bat da. Batzuetan ez dago beste aukerarik, jateko behar duzulako. Hori beste kontu bat da, baina autonomia eduki behar bada, lotura horrek ordain batzuk dituelako.

 


Etorkizunari begiradatxo bat. Joan den mendeko semea dela aitortuta, eta horri jarraiki, datozen urteetan «lata ematen» jarraitzeko asmoa du Iturriagak. Ez du bertso munduko oholtzan bere aulkia libre uzteko asmorik: «Ni momentuz ez noa erretiratzera». Txapelketei dagokienez, ordea, iaz aulkia libre utzi zuen. Esango nuke 2017ko Txapelketa Nagusia zirkulu baten itxiera gisa begiztatu daitekeela, Igor Elortzak txapelketei begirako agurra iragarri zuelako finalean, Iturriagak lehiaketaren aurretik utzi zuen... eta Jon Maiak? Batek daki, 2021. urtea urruti baitago eta gauza asko gerta baitaitezke. Eta galderaz beteta gatoz bien bitartean: XXI. mendeko bertsolaritza nolakoa izango da? Horrelako diziplina tradizionala nola mantenduko da sare sozialen garaian? Bertso txapelketa ez da zaharkitua gelditu?

J. Maia: Nik uste bertsolaritzaren erronkak edukietan daudela. Gu bertsoetara iritsi ginenean gaiak ez ziren sortzen gure unibertsotik. Berrikuntzak beranduago iritsi ziren, bai gaietan, baita epaileetan ere. Guri lehenengoak izatea tokatu zitzaigunez, sentitzen genuen trabesia bat egiten ari ginela zapaldu gabeko eremuetan, eta nahiko bakarrik, nolabait esatearren. Eta orain ere, etorkizunera begira, arriskuak antzekoak dira: bertsolaritzak lortu beharko du, bere estamentu guztietan, gaur egungo gizartearen kezka desberdinei erantzutea eta oraingo publiko potentzialari interesatzen zaizkion gauzak egiten asmatzea, horiei kantatuz, horietaz kantatuz.

I. Elortza: Sare sozialei dagokienez, niretzat plaza bat gehiago dira. Bertso jarriak, adibidez, musikatuta eta CDan zabaldu ziren bezala, hor beste modu batzuetan zabaldu daitezke, eta proba batzuk egin izan dira: Bertsomovie bertso jarrien bideo lehiaketa, adibidez. Baina gauza bat da «zelan» eta beste bat «norentzat» eta «zer». Eta «norentzat» eta «zer» horretan, ohiko formatuei eusteaz batera, proposamen segmentatuak atera dira publiko jakinentzat; guk “Bertso Trama” egin genuen bezala, edo gaur egun “Erradikalak Gara”, “Ez da Kasualitatea” edo beste hainbeste. Etorkizunean horrelakoak ugarituko direla uste dut, jendeak plazara irten gura duelako. Eta hor zerk ipiniko du marra? Ba, sosteniblea izan beharko dela; funtzionatu egin behar duela. Eta sareetan berdin. Logikoena den moduan, euskal herritargoa gero eta ugariagoa da eta gero eta proposamen diferenteagoak sortuko dira. Hori bai, betiko bertso jaialdiaren heriotza iragartzen gabiltza joan diren hogei urteetan, eta hor eusten dio. Eta ez bakarrik txapelketak, frontoi edo antzokiko formatu horrek jarraitzen du nagusi izaten, eta esan behar da badituela alde on-onak: intergenerazionalitatea, bertsokera desberdineko bertsolariak batzea... Hor dago bere iraupenaren sekretua.

J. Maia: Nik liburuan esaten dut asteburuero bertso-jaialdiarekin gertatzen dela astero elkarrekin kantatuko balute bezala Benito Lertxundik, Anarik eta Berri Txarrak taldeak, adibidez. Belaunaldi, erreferentzia, kantaera, lexiko eta desberdintasun maila horrekin. Nik aberastasun bezala ikusten dut eta gizarte-kohesionatzaile funtzioa egiten du, nire ustez, bertsolaritzak.

U. Iturriaga: Nire ustez, sare sozialetan gauzak ez dira gertatzen, edo oso gutxi gertatzen dira. Gauzak hedatzen dira; hau da, oro har, hedabide direla. Bestalde, bertsoak iraungo du oso gauza sinplea delako, gertatu daitekeelako hemen, oraintxe bertan, edo BECen. Beste bat da Igorrek esaten duena, zein irisgarritasun edukiko duen? Ze babes? Baina iraungo du, nik ez daukat zalantzarik. Eta gero, bestea da, Txapelketa zaharkitu den ala ez. Izan daiteke, ni ez naiz ausartzen esaten, eta segur asko bai, baina badauka zerikusirik euskaldunon gutxiagotasun konplexu batekin, gu denboran atzetik joango bagina bezala; 40 urte betetzen duen zerbait zaharra da eta edozein kulturatan hori ez da horrela. Zenbat eta zaharrago, hobe. Txapelketan ikusten dugu bere oihartzuna eta baita jendeak zer nahi duen. Orduan, bertsoa? Iraungo du, oso erraz gertatzen delako. Nire gusturako, iraungo badu beharbada jendeak ertzetatik indar egiten duelako izango da. Zentroan ere, baina zentroa beti da erdia. Edozelan ere, bertsogintza bezain bizirik dagoen jardun kultural askorik ez da egongo Euskal Herrian. Musikan, adibidez, gure erreferentea izan dena beti, ikuskizun bezala ari dira errepikatzen 60-70eko hamarkadako showak, aldaketa txiki batzuekin.

I. Elortza: Niretzat sare sozialak ez dira hedabideak bakarrik. Plaza bat dira, baina zera gertatzen da, euskarri moduan, beste handicap bat dutela: hor sortzaileak ez duela ikusten txabo txerri bat, ustezko doakotasunarekin lotuta daudelako; beste gauza bat da zenbat telefonia enpresa ari diren aberasten. Baina hor sortu egiten da: Izaro “Paradise” bideokliparekin atera zen, Morauk disko baten sorkuntza partekatu zuen. Nik neuk Angel Erro eta Fermin Etxegoienekin liburutegian desagertutako aterki baten txio-istoriogintzan ederto pasatu nuen behin. Eta garai batean behintzat euskal kulturan beste inon izaten ez ziren eztabaidak izaten ziren Twitterren. Hori dena edukia da. Eta zuzeneko harremana izan dezakezu zaleekin. Beste gauza bat da asko erabiltzen direla autobonborako bakarrik, eta horixe da niri gutxien interesatzen zaidana. «Elkarrizketa egin didate 7K-n» eta lotura ipintzea. Horretarako badaukat 7K. Beste modu batera erabil dezagun plaza hori!

J. Maia: Nik uste dut euskal kulturan gauzak estrukturalki aldatu behar ditugula. Nire ustez, ez dago baldintzarik horretarako eta iruditzen zait ere 7K hasi zenetik hona erreferentzialtasun handia galdu duela euskal kulturak. Eta ez dauzkala hauspoak beste kultur adierazpenekin konpetitzeko, ez dauzkala erakusleihoak eta prekaritate horretan mugitu behar dela. Entzun izan diot Izarori askotan esaten asko kezkatzen duela bere taldeko musikarien lan baldintzak duinak izateak, bere borroka pertsonaltzat hartzen duela hori. Hori duela uste asko egin behar genuen. Eta gaur egun oraindik horrela ibili behar izatea! Beharko genuke eremu askotan normaltasun maila askoz ere handiagoa, gauzek behar bezala funtzionatu ahal izateko. Ordutik, ETB askoz gutxiago ikusten da; ordutik Interneten sorrerarekin-eta, mundu globalean konpetitu behar dugu askoz ere kanal gehiago eta informazio iturri gehiagoren artean… zentzu horretan, askoz txikiagoak bihurtu gara. Gauza askotan aurrera egin dugu: komunikabide lokal askoz gehiago daude garai hartan baino, eta gure indarra nik ikusten dut maila lokalean, gure eskala txikienean; hor daukagu eragin handiena. Herri mailan agian guk kontrolatzen dugu: euskal kultura da eremu askotan gehien mugitzen dena, eragina daukana, gauzak mugitzen dituena herri mailan, kale mailan eta eskala txikienean. Baina bestela erreferentzialtasunak oso behera egin duela iruditzen zait . Gauzek ez dute funtzionatu behar bezala: euskarazko hezkuntza sortu zen, hainbat erakunde eta perfil linguistiko... Baina hori, ez badator unibertso indartsu batez lagunduta, antzua da. Eskolatik basamortura ateratzen dira belaunaldi osoak. Eta, orduan, nik uste dut euskarak eta euskal kulturak bigarren iraultza bat behar dutela. Bigarren jauzi historiko bat, pedagogiaz eta legedia berriez egin beharko dena, ausardiaz. Francoren garaian eman zena bezala ikastolen sorrerarekin eta abarrekin. Horrek bere funtzioa izan du, baina ez errealitateak beharrezkoa bai, baina ez dela nahikoa izan erakusten digu.

I. Elortza: Ni arduratzen nau ikusteak kalea galtzen ari garela. Nik horrekin obsesioa eta dena daukat. Eta larunbatean Ezkurdin, Durango erdian, ikusten dut 15 bat urtetik 20ra bitarteko gaztetxo pila bat daudela mele batean, bafle txiki bat erdian eta “oilar borroka” rapeatzen aritzen direla… Gaztelaniaz da, eta niri oso pobrea iruditu ahal zait maila ideologikoan, artistikoki eta gura dudan dena, baina ikusten dudana da Durangon errepikatu egiten direla eta beste herrietan ere egiten direla… eta gu ez gaudela hor, bulegoetan eta antzokietan gaudela, eta ez kalean.

J. Maia: Baina, Igor, lotuta dago. “Oilar borroka” horrek unibertso zinematografiko bat du atzean, musika global bat, aldizkariak… Eta 15 urteetako umeak zain daude arratsaldeko 5etan Grammyak noiz hasiko. Ingelesez dakite gainera, eta jarraitu egiten dute. Durangoko kaleetan gertatzen diren horiek kristoren ejerzitoa dute atzetik hori gertatu dadin. Gazte horientzat hori da erakargarria eta hori kontsumitzen dute medioetan. Gurea iristeko “Hitzetik hortzera” ikusi behar dute arratsaldeko 3etan edo Bertso.comen sartu.

U. Iturriaga: Niretzat problemarik handiena, momentuka, eta ez da titularra emateko, oro har bere buruaren alde borrokatzen ez duen herri batean bizi garela da. Eta hori ikus daiteke plano politikoan, kulturalean eta denean. Espainola edo frantsesa izatea oso erraza da, eta borrokatzea kosta egiten da. Mila argudio eman eta aztertu daitezke, baina gure belaunaldiko jendea, asteburua iristen denean, 30.000 euroko autokarabana hartu eta bagoaz «deskonektatzera».