ANáLISIS

Euroa ez genuen erabiltzen...

7K-k lehen aleak kaleratu zituenean, oraindik ere pezetak generamatzan gure diru-zorroetan. 2002ko urtarrilaren 1ean hasi ginen euroak erabiltzen eta 166,386 zenbaki aldrebes hori geure egiten. Estatu frantsesean euro bakoitza 6,56 frankoren truke aldatu zen. Jaiegun izanagatik ere, urteko lehen egun horretan zenbait bankuk ateak zabaldu zituzten eta kutxazainetan ilarak sortu ziren, estreinatu berri ziren billeteak eskuratu ahal izateko.

Orotara, Europako15 herrialdetan ezarri zen euroa eta modu horretan Europan barna bidaiatzeko dirua aldatzeko beharra alboratu zen; bai, behintzat, euroa diru gisa hartu ez duten herrialdeetara bidaiatu ezean.

Aldaketak berak eragin zuen zirrara igarota, kontsumitzaileak moneta aldaketaren ondorioak antzematen hasi ziren, besteak bestea, borobiltzeak ekarri zuen prezioen igoera.

2020ko abenduaren 31ra arte pezetak euroen truke aldatzeko aukera dago oraindik. Hainbatek bilduma egiteko gorde dituzte txanpon zaharrak, beste batzuek, etxeko bazterren batean galduak dituzte... Orotara, Estatu espainolean esaterako, oraindik 1.600 milioi euro daude aldatu gabe. Estatu frantsesean 2012ko otsailean amaitu zen aldaketa egiteko epea, eta agerian geratu zen askok nahiago izan zutela oroigarri gisa gorde.

Egunerokoan kontsumitzen ditugun produktuen prezioa nabarmen igo da. 2002an, 80-100 pezetaren truke har zitekeen kafe bat. Egun, 1,1 eta 1,4 euro artean ordaintzen da. Ia bikoitza ordaintzen dugu, beraz. 7K-k lehen pausoak egin zituenean posible zen eguneko menu bat 1.000 pezetaren truke jatea, leku batzuetan merkeago. Gaur egun, menuak 10 eta12 euro  ordaintzen dira. Bikoitza, beraz.

Nahi duenak  Interneten eros ditzake baliorik gabe geratu diren bestelako monetak. Jaulkitze urtearen arabera, balio desberdina har dezakete. Esaterako, 1949ko bost pezetako txanpon baten truke 20.000 euro ordaintzera irits daiteke.