2018/04/15

GALDER PEREZ
Gorputzen berbak
Zergatik dugu hanka sartzearen horrenbeste beldur? Buruari horrenbeste eragin beharrean, gorputzen nahiei jaramon egingo bagenie, ekintza gailenduko litzateke, akzioa eta erreakzioa, bidegabekerien aurreko erantzuna eta protesta, iraultza irudimentsuak eta alaiak.

Gure gorputzek zerbait, edozer, sentitzen dutenean, izan plazera, izan mina, ezin benetakoagoa izan ohi da. Gure nekeak, dardarak, dantzak, kolpeak, jausiak, ibilaldiak, lanak eta akzioak sentitu, neurtu eta desegiteko egiarik handienak dira gure gorputzen berbak, gure gorputzen irudiak eta usainak. Gorputzek gehienetan egia esaten digute. Gezurretan ere badakite, oholtzan daudenean, adibidez. Baina kalera etorrita, gorputzek hobeto adierazten dituzte gure barreneko egiak, pentsamenduak baino. Tamalez eta beharbada ez diegu kili-kilizko zirrikituetan gehiegi galtzen uzten. Errazegi lotzen ditugu gure gorputzak, ipurdia goxo aulki baten gainean. Inguratzen gaituen beste oro bezala, gainera, gero eta arautuagoak dira gorputzak: estetika homogeneo batean galdu nahi da gorputzen aniztasuna eta bizitasuna. Horra gorputz zonbien ejertzitoa. Imajina dezagun gorputzak dena, den-dena, egituratzeko gai direla, gure bideak, gure mapak, gure legeak, eta baita gure testu eta pentsamenduak ere. Gogoa eta plazera gailenduko lirateke ziurrenik, ezin anitzagoak gainera, gorputz bi ez direlako sekula berdin.

Gure gorputzek garraiatzen bagaituzte, gehiago utzi beharko genieke gure agintari, edo hobe gidari, izaten. Pentsamenduak zer eta arrazoiak, idealak eta borondateak sortzen ditu, ez, aldiz, benetako gogorik. Egin diezaiogun behingoz arrazoiei eta borondateei burla. Bizi gaitezen inkontziente, eta gorputzarekin kontziente. Kontrakoa egin ezean, arrazoiak betiko gatibu egingo gaitu. Sor ditzagun gorputzetatik gure idealak, gure borondateak eta arrazoiak. Bete ditzagun kontraesanez gorputzak, aska ditzagun mugimenduan gure korapiloak, sor ditzagun gorputzetatik korapilo berriak. Buruz buru ordez, gorputzez gorputz borroka egin dezagun.

Gure lantokietan, gobernatu nahi gaituzten politika eta legedietan, gorputza bigarren mailako zera bat da, ez baldin bada kontsumo edo osasunerako zio, noski. Pentsatzen dugu, gaixook, buruarekin soilik betetzen ditugula gure lanak eta aginduak, pentsamenduak, ametsak eta teoria guztiak. Hainbeste teorizatzen ari garen garaiotako teoriak. Dogma gehiegi eta praktika gutxiegi. Buru asko eta gorputz gutxi. Arriskuz betetako teoria asko, agian, baina oso ziurrak. Izan ere, praktikan jartzen ez ditugunez, ez dugu sekula huts egingo, lasai geratuko gara hanka sartu ez dugulako. Baina, esan gabe doa, horrela jokatuz gero ez dugu sekula asmatuko. Zergatik dugu hanka sartzearen horrenbeste beldur? Buruari horrenbeste eragin beharrean, gorputzen nahiei jaramon egingo bagenie, ekintza gailenduko litzateke, akzioa eta erreakzioa, bidegabekerien aurreko erantzuna eta protesta, iraultza irudimentsuak eta alaiak. Esan bezala, gorputz bi ez dira sekula berdin. Buru bi, ordea, bai eta gehiegi. Gero eta igualtsuagoak, gainera. Gorpuzkera txarra jartzen dit honekin pentsatzeak; gero eta buru berdintsuagoek kantatzen dituzte gure gorputzek dantzatzeko fandango eta arin-arinak. Lerro batzuk idazten jarraituko dut, ipurdia goxo aulkian eta burua martxan.