2018/04/15

Erreportajea
hauteskundeen ostean
Krisiak bizi du Italia

Amildegiaren ertzean dabil, baina benetan iaioa da horretan Italia. Hainbat krisiri aurre egin beharrean da herrialdea, eta ugari dira etorkizuna «beltz eta beldurgarri» ikusten dutenak. Italiarrek, baina, III. Errepublikari ateak irekitzea erabaki dute bozetan.

Aimar Etxeberria
1003_p016_02

Hauteskunde aurreko astea Italian. Astegun soil bat, goizeko 8.00ak. Kafea egiten jartzearekin batera, telebista piztu eta kaosa agertu begien parean. Debatea deitzen diote, baina gehiago du oilategitik. Pasioa, xextra, beligerantzia. Kanpainako azken egunak dira, eta dena eman beharra dago. Ez da kasualitatea, baina; esperientzia bera errepika daiteke eguna joan eguna etorri, hitzordu elektoralaren bezpera izan edo ez.

Ezberdin bizi du Italiak politika, ezberdin eztabaidatzen dute italiarrek politikaz. Zuri edo beltz, alde edo kontra. Pantailaren alde honetan, baina, beste sentsazio bat da nagusi: nekea, asperdura. Ez da atentzio handirik jartzen eztabaidan; lehenagotik ikusitako kapitulua da, zerbaiten errepikapena, berriz ikusterik merezi ez duen pasartea. Krisian da politika Italian, beste hainbat krisirekin batera: ekonomikoa, immigrazioarena… Bederatzi lehen ministro izan ditu herrialdeak azken hogei urteotan; azken legegintzaldian, esaterako, hiru aurpegi pasatu dira Chigi jauregitik, lehen ministro italiarraren egoitza ofizialetik: Enrico Letta, Matteo Renzi eta Paolo Gentiloni.

Krisi orok bezala, Italiaren krisi politikoak ere baditu bere zergatiak, eta azaleratu ditu ondorioak. Aide Esu Cagliariko Unibertsitateko Zuzenbide, Ekonomia eta Zientzia Politikoen fakultateko irakaslea eta Lorenzo Zamponi Soziologia eta Zientzia Politikoetako ikertzailea elkarrizketatu ditu 7K-k, Italiako politikaren barrunbeak arakatu asmoz. Cagliariko Unibertsitateko bere bulegoan hartu gaitu Esuk, eta mezu elektroniko bidezko elkarrizketa eskaini digu Zamponik, egoitza Florentzian duen ikertzaile gazteak. Analisiak eta usteak, iritziak eta iragarpenak, iraganean jazotakoa azaldu eta datorrenaz ohartarazteko gakoak eskaini dizkigu aditu pareak.


Barne zein kanpo faktoreak. Arrazoiak hamaika, eta nork berea. Halako zerbait gertatzen da kasu honetan ere; esaten diren guztiak dira egiak, baina ez daude egia guztiak. Zamponik, esaterako, kanpora begiratzen du italiarrek politikarekiko sentitzen duten asperduraren arrazoien bila. Europa mailako fenomenotzat du bere herrialdean gertatzen ari dena; paneuroparra da apokalipsiaren dimentsioa, haren ustetan. «Sistema politikoak huts egin du Europako hainbat herrialdetan, ezkerreko zein eskuineko alderdi tradizional ugariren erorialdien ondorioz». Herrialde bakoitzaren krisiak, baina, forma ezberdina hartzen du, eta Italiarenak ere baditu bere berezitasunak.

2011n, Berlusconiren Gobernuak hondoa jo eta Il Cavaliere-k dimititu egin behar izan zuenean hasi zen, Zamponiren arabera, italiar agertoki politikoaren krisiaren azken kapitulua, oraino itxi ez dena. Ezkerra –Alderdi Demokratikoa, Matteo Renzi– eta eskuina –Forza Italia, Silvio Berlusconi– nolabaiteko adostasun batera iritsi beharrean suertatu ziren herrialdearen existentzia politikoa salbatzeko. Mario Montiren gobernu teknokrata sortu zen errauts haietatik, herrialdea, inolako oposiziorik gabe, austeritate politiketara bideratu zuen gobernua. Zamponiren ustetan, baina, hau da okerrena: Renzik, 2014an boterera iritsi zenean, ez zuela Italia austeritate politiken erreitik atera. Politika horiek eraman dute Alderdi Demokratikoa, hein batean, iragan martxoko hauteskundeetan hondoa jotzera, historiako bere emaitzarik okerrenak lortzera.

Ezkerrarengan jartzen du fokua Esuk ere. Azaldu du Alderdi Demokratikoak, Renziren gidaritzapean, bere sektore ezkertiarrenaren –Massimo D’Alema, Pier Luigi Bersani eta enparauak– zatiketa bizi izan duela, eta horrek bere hautesleen baitan lehenagotik zetorren neke sentsazioa areagotu duela. «Gainera, lidergo zein ideia berritzaileen hutsune nabarmena dago ezkerraren baitan», gaineratu du. Hala eta guztiz ere, italiarrak hauteslekuetara gerturatu ziren iragan martxoaren 4an. %73ko parte hartzea izan zuten hauteskunde orokorrek; aurre-analisi guztiek iragarritakoa baino handiagoa, baina historiako baxuena era berean. «Nahiz eta politikarekiko desafekzioa handia izan herrialdean, nazioarteko adituek uste baino jende gehiago gerturatu zen botoa ematera», dio Zamponik. Ezkerra izan zen abstentzioa gehien pairatu zuen familia politikoa, eta horri Bost Izar Mugimendura alde egin zion sektorea gehituz gero, mahai gainean ditugu Renziren porrotaren osagai nagusiak. Bestalde, eta gehiengoaren harridurarako, Matteo Salviniren Lega izan zen eskuineko koalizioaren baitan alderdi bozkatuena, Berlusconiren Forza Italia gaindituz. Bost Izar Mugimendua eta Lega izan ziren, beraz, zita elektoraleko bi garaile nagusiak.

 


Katalizatzaile bi. Ezkerraren krisia, austeritate politikak, Europa, immigrazioa… Hamaika faktorek eragin zuten aipatu alderdien garaipenean. Dena zaku berean sartu ezin badaiteke ere, guztiek dute zerbait komunean: korronte tradizionalaren aurkako botoa izan da nagusi Italiako hauteskundeetan; ideia berritzaile eta erradikalak nagusitu dira, hauek, gehienbat, ideologia eskuindarrari lotuak badaude ere.

Immigrazioa izan zen hauteskunde kanpaina gehien markatu zuen afera; immigrazioa da ondoren datozen haserre guztiak pizten dituen metxa. Izan ere, elkarri lotuak daude italiarren artean arbuio gehien eragiten duten arazoak. Herrialdera iristen den etorkin kopuruak harreman zuzena dauka Europarekin, batez ere Bruselak markatzen dituen zuzentarauekin. Migranteak zapaltzen duen lehen herrialde europarrean dauka erregistratu beharra, eta Italia izan ohi da herrialde horietako bat. Zentzu horretan, bakarrik sentitu dira italiarrak, Europako hainbat herrialdek beren mugak itxi ostean migrante horiek guztiek herrialdean geratu behar izan dutenean, batez ere. 120.000 etorkin iritsi ziren herrialdera iragan urtean; 120.000 pertsona gehiago babestu beharra, beraz, sistema ekonomikoa osasun onenean ez duen herrialdearentzat.

Esuk, baina, punta ateratzen dio gaiari. Etorkinen iritsieraren ondorioetako bat italiarrek sentitzen duten «botere falta» dela uste du. Pertzepzio bat da ororen gainetik, errealitatea baino gehiago: «Jendeak ez dakizki etorkinen inguruko datu errealak, baina hitz egiten du hedabideek elikatuta. Ondorioz, uste bat zabaltzen da, Estatua italiarrengan baino etorkinengan gehiago inbertitzen ari den ustea».

Immigrazioaren gaiak, beraz, Bruselara begiratzera garamatza, hauteskundeen emaitzak ikusi ostean nahitaez arduratuta behar duen erakundera, hain zuzen. Izan austeritate politikak ezarri dituelako, izan migrazioaren afera kudeatzen jakin ez duelako, haserre ditu italiarrak Europak; pertenentziarekiko kritikoen agertu diren alderdi bi izan dira, esan bezala, hauteskunde zitako garaile nagusiak. Behinola Batasunaren sortzaile izan zen horrek, nonbait, ez du atsegin EBk hartu duen norabidea. Europako Legebiltzarrak berak egindako inkesta baten arabera, italiarren %39k baino ez dute uste herrialdeari Batasunaren parte izaten jarraitzeak merezi diola. Ez du ematen, baina, pertenentzia arriskuan dagoenik, gutxiago Bost Izar Mugimenduak euroaren inguruan agindua zuen erreferenduma baztertu duenetik.

Koktel horrek eragin du, hortaz, alderdi tradizionalen gainbehera Italian, baita iraganean bazterrekoak ziren alderdi horiek egun mahai politikoaren zentroa eurena egin izana. «Jendeak politikarekiko sentitzen duen desafekzioa hazten joan da azken urte luzeetan. Horretan asmatu du Bost Izar Mugimenduak, egoeraren errua ‘kasta’ politikoari eta ‘elite ustelduari’ botata. Legak, berriz, eskuineko boto erradikala bereganatzen asmatu du. Krisiak soluzio erradikalak eskatzen ditu, eta alderdi tradizionalek ez dute horrelakorik proposatu», azpimarratu du Zamponik.

Iparra eta hegoa, bi Italia. Bi garaile nagusi ditugu, beraz, baina baita bitan zatitutako Italia bat ere. Eskuina, Legaren bidez, da nagusi iparraldean; hegoaldean, berriz, Bost Izar Mugimendua izan da alderdi bozkatuena. Horrek, nolabait, herrialdearen argazki bat eskaintzen du, baina, era berean, etorkizunera begira alderdiek aurki ditzaketen zailtasunak azaleratzen ditu. Ekonomikoak dira, gehienbat, herrialdearen iparraldea eta hegoaldea banatzen duten ezberdintasun nagusiak, kulturalekin batera. Datu orokor batzuk emateagatik, esan Italiak barne produktu gordinaren %132,1eko zorra duela, Europako zuzentarauen arabera honek ezin duenean %60 gainditu. Europa mailako bigarren zor publiko handiena da, Greziakoaren ostean. Langabezia tasa ere ia parekorik gabea da Italian, gazteen kasuan, batik bat: %35en bueltan kokatzen da gazteen langabezia; Batasuneko herrialdeen baitan hirugarren ehuneko altuena da, Grezia eta Estatu espainolekoaren atzetik.

Testuinguru horrek herrialdearen hegoaldean eragiten du gehienbat, non egoera okerragoa den. Zentzu horretan, alderdi irabazleek proposatzen dutenari begiratu besterik ez dago jakiteko bakoitzak non irabazi duen. Esaterako, oinarrizko errenta unibertsala proposatzen du Bost Izar Mugimenduak, hegoaldean bozkatuena izan den alderdiak, bertan altuagoa baita langabezia tasa. Legak, aldiz, %15eko zerga tasa finkoa proposatzen du, herrialdearen iparraldeko negozioentzat mesede litzatekeen neurria. Iparraldearen eta hegoaldearen artean dagoen ezberdintasun horrek zaildu egin lezake herrialdearen egonkortasun politikoa.

Zailtasunak zailtasun, amildegiaren ertzean jarraituko du Italiak, baina erori gabe. Esaten da herrialdea bigarren Errepublikan dagoela, historikoki lehena izanagatik ere. Bada arrazoi bat horretarako: 90eko hamarkadan, ustelkeria sistematikoa zela medio, ordura arteko alderdi tradizional guztiak desagertu ziren; Tangentopoli izenez ezagutzen da jazotakoa. Nolabaiteko eten bat ekarri zuen hark, herrialdearen historia politikoaren fase berri bati ateak ireki zizkiona. Bada, antzeko zerbait aldarrikatzen du egun Bost Izar Mugimenduak. Beppe Grillok gidatutakoek diote herrialdea bigarren Errepublikan sartzear dela, eta horren inguruan galdetu diegu adituei. Zamponiren iritziz, bada argi ikusten den eten bat: «Alderdi Demokratikoak eta Forza Italiak agindu dute politika italiarra azken urteetan, baina porrot egin dute oraingo honetan. Baliteke azken hitzordu elektoraletik bipolarismo berri bat sortzea ere, Bost Izar Mugimenduaren eta Legaren artekoa. Garbi dagoena da bi alderdi nagusiren sistema, bigarren Errepublikaren ezaugarri izan zena, krisi larrian dagoela».

Esurentzat, baina, bestelakoa da kontua: «Afera ez da hirugarren Errepublika bat behar den ala ez, arazoa lidergo eta ideia falta da». Politikak herritarren konfiantza berreskuratu behar du berriro, bere esanetan, eta horretarako beharrezkoa ikusten du ideia freskoak eta lidergo berriak agertzea. Ez dago itxaropentsu, baina, etorkizunak ekar dezakeenaz: «Ez dut argirik ikusten, beldurgarri ageri da etorkizuna».