2018/04/22

Erreportajea
adimena eta indarra uztartuta
Chessboxing, ukabilkaden eta xake jokaldien lehia

Burua fresko izatea eta kontzentrazioa mantentzea; hori da chessboxing diziplinan zailtasunik handiena. Berlinen sorturiko jarduera honek xakea eta boxeoa uztartzen ditu, eta xake-matea edota KOa lortzeko bidean, jokalariek hiru minutuko hamaika saio egiten dituzte. Ia ezkutuan egiten dena ezagutarazi eta munduan barrena zabaldu nahi dute kirol honen jarraitzaileek.

David Courbet
004_chess01

Soina biluzik duela, hortzetako babesa oraindik ahoan dauka, baina pixka bat zorabiatuta dago, «groggy». Pozarren dago, hala ere, Thomas Cazeneuve, Berlinen izandako chessboxing partidan lortutako garaipenaren ostean. Xakeak eta boxeoak bat egiten duten jarduera honen erreferentzia nagusia da Alemaniako hiriburua.

Peoi bat bezain artetsua, aholkularitzan lan egiten duen gazte honek zazpi round behar izan ditu, xakea eta boxeoa tartekatuta, bere aurkari ukrainarra garaitzeko. Borrokaldi hori eta beste batzuk ikustera gerturatu den jende multzoa inguruan daukate, denak Intellectual Fight Club delakoaren obra berri baten lekuko izateko irrikaz. «Nire borrokaldirik gogorrena izan da; oso aurkari ona izan dut aurrean, gauzak zail jarri dizkidana, boxeoan batez ere, baina ondo prestatuta nengoen», nabarmendu du 24 urteko frantziar honek.

Arauak hauek dira: bi aurkari xakean eta boxeoan lehiatzen dira, orotara hiru minutuko hamaika txanda egin arte. Publikoaren oihuekin kontzentrazioa ez galtzearren, belarrietan kaskoak jarri, eta aurkariak xakean lehian hasten dira. Gong-aren soinua entzun eta berehala, biek eskularruak jantzi, hortzak babestekoa ahoan sartu, eta elkarri kolpeka hasten dira… atzera xake partidari heldu aurretik.

«Gizaki gorena». Saioa xake-matearekin edo knock outarekin (KO) irabazten da, edo lehiakide batek xake jokaldi bat egiteko 18 minutu baino gehiago ematen baditu. Beste araua: jarduera hau praktikatzen duen laguna maila bereko aurkariekin bakarrik lehiatzen da. «Bi diziplinetan ona izatea beharrezkoa da, eta hori oso zaila da!», aipatu du Herbehereetako chessboxing saioen antolatzaile Iepe Rubinghek. Bere esanetan, arazorik handiena buru-argitasuna mantentzea da. Izan ere, boxeo borrokaldiak gauzatzen diren neurrian, xake-lehiaketaren erritmoa eta maila jaitsi egiten da –xake-taula blai uzten duten izerdi tantak ahaztu gabe–. Erronka da boxeoan aritu ondoren berriro beharrezkoa den kontzentrazio maila eskuratzea. Edonola ere, kontrakoa pentsa daitekeen arren, «lehiaketa gehienak xakean erabakitzen dira, %60; boxeoan, %40», gaineratu du ikasle itxura duen 43 urteko herbeheretar honek.

Xakezalea izanik, 2002an bere lagun batekin xake partida bat berdinketan bukatu ondoren, irabazlea nor zen boxeoan erabakitzea proposatu zion. «Hor sortu zen ideia, eta ez geunden mozkortuta!», kontatu du barrez. Tira, egia esan, inspirazioa beste nonbaitetik iritsi zen; hots, Enki Bilal komikigile eta marrazkilari frantsesaren “Cold ecuador” komikitik, ezen bertan antzeko kirol bat aipatzen baita, Paris distopiko eta arriskutsu baten testuinguruan.

Bilalek berak azaldu duenez, bere istorioak «gorentasun eta arrakastarekin obsesionatuta dagoen gizarte bati buruz dihardu, faxismoaren mugan dagoen gizarte batez, hain zuzen. Pertsonaia nagusiak bere aurkariekin lehiatzeko zein kirol erabil ditzakeen pentsatzen du, eta burura datozkio adimena ezinbestekoa duen xakea eta arte noblea den boxeoa». Rubingh apetatsua berarekin kontaktuan jarri zen, bere ideia omendu nahi zuela esanez, eta itxuraz zentzugabea zirudien ideia hori gauzatzeko modua aurkitu zuela esan zion.

Gizakia makinaren aurka? Xake jokalariek, profil oso desberdinekoek, oso serio hartzen dute euren kirola. 29 urteko Alina Rath alemaniarra, ogibidez kontularia, hogei urtez izan da xake talde bateko kidea. Duela hilabete gutxi hasi zen boxeoan, baina bost urte eman ditu zenbait arte martzial praktikatzen. Bere ustez, chessboxingak «aurreiritziak apurtzen ditu», uste baita «boxeoa burutik jota edo intelektualki murritzak» direnek baino ez dutela praktikatzen. Bere buruaz eta aipatu bi diziplinen inguruan nabarmendu du «(Garri) Kasparovengandik (Mike) Tysonengandik baino gertuago» sentitzen dela.

Oraindik ezkutu samarrean egiten bada ere, chessboxinga mundu osora hedatu da, eta gaur egun 3.500 lagun inguruk praktikatzen dute, hamaika federaziotan banatuta; Britainia Handian, Iranen, Errusian eta Indian, esaterako. Berlinen sortu zen munduko lehen kluba, 2004an, eta orain Munduko Chessboxing Antolakundearen (WCBO) egoitza bertan dago. Sarritan erakustaldi-borrokaldiak antolatzen dituzte. «Gure helburua bazkideek eta inbertsoreek finantzatutako liga profesional bat sortzea da», azaldu du Rubinghek, eta pauso bat harago joanda, 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetan ikustea du amets.

Hori, dena den, ez da bere ideia “zoro” bakarra; robotika arloan lan egiten duten enpresei dei egin die Isaac Asimov idazle sonatuak amestuko lukeen gizakiaren eta makinaren arteko borroka posible egin dezaten. Azken ideia hau egia bihurtuko balitz, bera «adimen artifizialdun robot batekin» lehiatzeko prest egongo litzatekeela dio, «pertsonak baino askoz indartsuagoak xakean, baina ahulagoak erreflexu aldetik».

Urtero-urtero robotik onenekin lehiatzeko prest agertu da Rubingh. «Nire garaipena urtetik urtera zailagoa izango litzateke, eurak hobetu egingo liratekeelako, azkenean ni galtzaile suertatu arte», iragarri (edo amestu) du chessboxing disziplinak liluratu duen herbeheretar xelebre honek.