Annabel Symington
Grina eta arriskua munduko gailurrean

Mendizale gehiegi eta xerpa trebatu gutxi, Everesten

Ia 350 lagunek ekin diote udaberri honetan munduko gailurrera igotzeko bideari. Ugaritu diren bidaia agentzietako batek prestatutako ibilbidea egingo dute horietako askok. Garestiagoak batzuk, eskarmentu aldetik eskakizun handirik egiten ez dutenak besteak... eztabaida sortu da mendizale askok hartzen duten arriskuaren inguruan. Pertsona hauei guztiei laguntzeko eskarmentudun xerpen falta ere azaleratu da. 90eko hamarkadan lan honetan hasi ziren asko erretiroa hartzen hasi dira eta belaunaldi berriek ikasketak egiteko aukera izan ostean ofizio arriskutsutik ihes egiten dute.

Hegazkin pilotuak, eraikuntzako enpresariak, salmenta arduradunak... horiek dira munduko gailurrera igotzeko zain Nepalgo kanpamentu nagusian daudenetako batzuk. Eskalatzaileak, xerpak, sukaldariak... 1.500 lagun ari dira lanean udaberri sasoi honetan Himalaiako bihotzean Khumbu glaziarrean kokatutako eremuan, 5.364 metrora.

Garai batean tentuz aukeratutako espedizio bakar batzuek baino ez zuten Everestera igotzeko baimena lortzen, baina 90eko hamarkadan gorakada baimendu zuten Nepalgo agintariek, eta hala sortu zen trekkingaren industria. «Gaur jendeak interneten bilatu eta eros dezake mendi honetara igotzeko bidaia eta hainbat operadorek ez dute eskarmenturik eskatzen baldintza gisa», azaldu du Guy Cotter 27 urteko Everesteko gidariak. «Ez dira mendizaleak, soilik Everestera igo nahi duen jendea da; trofeo hori lortu nahi dute».

Nepalek aurtengo udaberrian 346 baimen eman ditu, iaz baino apur bat gutxiago –373 eman zituen 2017an–.

Bizirik itzuli. Bezeroak erakartzeko, bidaia agentzia batzuek 20.000 dolarretan (17.000 euro inguru) eskaintzen dituzte bidaiak, eta ez dituzte aintzat hartzen bidaiariaren trebetasun fisikoak. Beste agentzia batzuek askoz ere salneurri garestiagoak dituzte –70.000 dolar (60.000 euro) ingurukoak– eta mendira igo nahi dutenei ez dutela arazorik izango egiaztatzea eskatzen diete.

Profesionalen iritziz, Everestera igotzeko piztu den grina hori dela-eta esperientziarik gabeko jendeak arriskuak hartzen ditu, nahiz eta jakin urtero hildakoak izaten direla; iaz sei lagun. «Jendeak igo du nik baino lehen; nik zergatik ez?», dio 33 urteko Daniel Hornek. Igoa du beste 8.000 metroko mendi bat eta orain 60.000 euro inguru ordaindu ditu Everesteko gailurra zapaltzeko. Huts egingo balu, berriz ere dirua batzeko eta saiatzeko urteak beharko lituzke. «Atzera egiteko esaten ez didaten bitartean, jarraitu egingo dut», nabarmendu du.

Tenzing Norgay xerpa izan zen Edmund Hillaryrekin batera Everesteko gailurra zapaldu eta handik bizirik jaistea lortu zuen lehen pertsona, baina horretarako zazpi saialdi ere egin behar izan zituen. «Behar adinako erabakitasun izanez gero, edonork igo dezake mendia, gakoa bizirik itzultzea da», aitortu zuen Rob Hall gidari ezagunak. 1996an mendi hau igotzen ari zela hil zen, beste gidari batekin eta bi bezerorekin. Gertatutakoa “Tragedy to Everest” liburuan jaso zuen Jon Krakauer kazetariak, bai eta kasuaren inguruko bestelako xehetasun polemikoak ere; izan ere, zenbaiten ustez, negozioa segurtasunaren gainetik jarri zen kasu hartan.

Everest mendian eskarmentua dutenak beldur dira, bidaia enpresa komertzialak ugaritzeak ez ote duen nahigabe gehiago ekarriko; besteak beste, igoerako puntu zailenetan ilarak ere sortu izan direlako. «Uste dut operadoreek kontua hausnartzen ez duten bitartean hildako gehiago izango direla mendian», esan du Russel Bricek, 1994az geroztik Himalayan Experience enpresako operadore denak. «Pertsona askok beren bizia arriskuan jartzen dute, ez dietelako eragozten, ez dakite altuera handietara egokitzen, ezta eskalatzeko teknikak ere», gehitu du Guy Cotterrek.

Sandeep Mansukhani pilotua da eta 30.000 dolarreko (26.000 euro inguru) bidaia eskaini ostean, operadore merkeak defendatzen ditu: «Berriak direnentzat eta lehenengoz saiatzen direnentzat, zergatik ez? Guztiei eman behar zaie aukera bat».

Bestelako iritzia du Ang Tshering Lamak. Oroitzapen txarra du iaz egin behar izan zuten erreskate baten inguruan. Mendizale bat eta bere gidaria jaitsi behar izan zituzten menditik, atzera egin nahi ez zutelako. «Mendi honetan benetako mendizalea izan behar duzu», ohartarazi du.

Tamalez, erreskateez zerbait badaki Dawa Sangek. Ez zuen Everestera igo behar, baina gidariak falta zirenez, iaz bezero bati lagundu behar izan zion. Biak hilzorian egon ziren.

Gailurra zapalduta behera zetozela, hotzak, garaiera horietan dagoen oxigeno faltak eta nekeak bat-batean akitu zituen. Handik ordu batzuetara topatu zituzten, egoera oso txarrean. «Nire lagunak esan zidan ‘hilik dago’, baina pultsu ahula topatu nion», kontatu du Ang Tsing Lamak, erdi hilda topatu zituen lagunak. 20 urteko xerpa konorterik gabe jaitsi behar izan zuen, bere bezeroa beste lagun batzuek zeramaten bitartean. Biek ala biek izozketa gogorrak jasan zituzten. Bizitza salbatu zuen xerpa gazteak, baina ezingo du berriz ere mendian lan egin, behatz guztiak moztu behar izan dizkiote eta.

Xerpak lortzeko zailtasunak. Istripu hark bistan utzi zuen eskarmentua duten gidariak aurkitzeko arazoak daudela eta trekkingaren inguruan sortu den negozioaren bizkarrezurra direla. Garaiera handietan ibiltzeko trebetasun fisiko handiak dituzte; besteak beste, euren gorputzak oxigenoa modu eraginkorragoan baliatzen duelako.

Baina eskariak gora egin du eta eskarmentua duenik topatzea ez da erraza. Ondorioz, lan horietan hasi berri direnei ere ardurak ematen zaizkie. «Xerpa gazteak oso indartsuak dira eta uste dute ez dagoela gainditu ezin duten zailtasunik. Eskarmentu handiagoa dutenek mantsoago baina seguruago egiten dituzte gauzak», azaldu du Phurba Tashik, Himalayan Experienceko arduradunak.

Eskarmentua duen xerpa batek 10.000 dolar (8.500 euro) ere irabaz ditzake apiril eta maiatzean, inguruotara jende gehien iristen den sasoian eta, hala, Nepaleko batez besteko soldata baino hamalau aldiz gehiago jasotzen du. Baina badira bi hilabete hauetan 1.000 dolar (850 euro) irabazten dituztenak ere. Agentzietako arduradunengan ez ezik, bezeroengan ere jarri du arreta Ang Tshegingek: «Haien errua ere bada, begiak itxi eta zuhur jokatzen baitute».

Dawa Sange, AEBetako zentro batean artatu behar izan dutena, Seven Summint Treks enpresak kontratatu zuen trasteak igotzen laguntzeko. «Ni bigarren taldean nengoen eta gure lana mendiko materiala eta janaria kanpaleku nagusitik bigarren, hirugarren eta laugarrenera igotzea zen». Bezero asko zituzten, ordea, eta haietako bati laguntzeko xerpa bat behar zuten. Enpresako arduradunaren esanetan, bazuen behar besteko eskarmentua. Kontua da urte berean bederatzi gidari erreskatatu behar izan zituztela.

Prezioen eta eskarmentuaren inguruan dagoen eztabaidaz gain, xerpen falta belaunaldi aldaketak ere badakar. 1990eko hamarkadan pertsona ugari hasi ziren gidari lanetan, baina haiek erretiroa hartzen ari dira eta beste batzuk, berriz, beste herrialde batzuetara joan dira lanera.

Gainera, batzuek dirua egin dute eta euren seme-alabak hiriburura, Indiara edota AEBetara bidali dituzte ikastera. «Hurrengo belaunaldia ez da lan hauetan arituko, hezkuntza jaso dute eta horrenbesteko arriskurik ez duten lanetan aritu daitezke», azaldu du Rita Kami xerpak. Berak ere nahiago du bere semeak Everesten lanik ez egitea: «Bizimodu arriskutsuegia da».