JOKIN URAIN
IRITZIA

Maskotak

Gai filosofiko handiek edo gai zientifiko lanbrotsuek, kasik zerutarrak diruditen gaiek, buruhauste korapilatsuak eman dizkiote, eta ematen dizkiote, gizakiari. Baina baita eguneroko gai arruntek ere, gai arrunt handiek alegia, egunerokoan ere asko direlako horrelakoak, lainoetatik beherako honetan. Arrunt horien arteko gai bat iruditzen zait etxe-animaliena, maskotena, eta jende askori dagokiona da.

Gizaki askok ditu animaliak, herri eta hirietan. Gehien ikusten direnak zakurrak izango dira, baina katuak eta auskalo zenbat abere mota gehiago dauzkan jendeak etxean, gustuen edo zaletasunen arabera. Ez dakit maskota hauek lagungarri ala osagarri diren, edo zergatik dugun animaliak etxean edukitzeko joera, nahia, beharra edo dena delakoa.

Gizakiontzat ez ezik haientzat ere ongizatea nahi dugu eta ongizate horren alde ematen diegu elikadura onena, dotore janzten ditugu erakusketa eta desfileetara eramateko, eurentzat hotelak eta etxeak daude oporraldirako... Animalion elikadura ohiturak arras aldatzen ari dira, aldatzen dizkiegu, geure ohiturekin batera. Erresuma Batuan, adibidez, berrogeita hamar mila zakur begetariano ei daude, eta Estatu Batuetan bikoitza... Badira zakur eta katuentzat elikadura beganoa saltzen duten enpresak, eta Euskal Herrian ere eros dezakezu. Ez nekien xehetasun hauen berri, aitortzen dut eta poz ematen dit, eta Ugarteren zakurra ere poztuko da esaten diodanean.

Animaliak humanizatzea izan liteke joera honen lorpen posiblea, eta beharbada horixe da salbamena. Zakurrak gizakien itxura emanez apain- apain janztea, eta batez ere haien elikadura gure gustura moldatzea, lehen urrats erabakigarriak izan litezke humanizatze bide horretan.

Zakurrak, katuak, lehoiak, hienak... felinoak eta kaninoak eta gainerako animalia guztiak begetariano eta begano bilakatuz, espezie batzuen harrapari izaera alda liteke, agresibitatea erruz leuntzen omen du dieta horrek, eta dokumentaletan ikusten den haragijale eta belarjaleen arteko krudelkeria desagertzera irits gintezke behingoz, eta ehiztaririk ez litzateke izango... Aukera utopikoa iruditzen zait animalia begetariano edo beganoen mundua.

Animalia guztiak humanizatzeko modua iruditzen zait, Aitzol, seguru nago baietz; behin animaliak humanizatuta, gizakiokin gauza bera egitea baizik ez litzaiguke faltako.