2018/07/22

GALDER PEREZ
Zanbuia!!
Dena hasi eta bukatzen dela jakin badakigu ere, errazegi ahazten dugu hain agerikoa den egia. Ezinbestekoa zaigu, hortaz, tarteka gure existentzia finituaren kontzientzia edukitzea edo, bestela, norbaitek belarrira esatea.

Aurreko asteburuan Ean izan ginen. Poesia Egunak ziren, urtero legez, Bizkaiko herri txiki ederrean. Hamaika ikuskizun, errezitaldi, kontzertu eta hitzaldi entzun eta ikusteko aukera izan genuen. Eta Poesia Egunetarako beren-beregi prestatu zuen Metrokoadroka Sormen Kolektiboak “Zanbuia!” izeneko kalerako antzezlana. Behin baino ez antzezteko sortutako lan paregabea. Hantxe bertan astebetean egindako sormen lan kolektibo biziaren emaitza. Behin bakarrik gertatzen den bizitza bezala, egun bakar batean antzezteko sormena, errepikaezina. Esan ziguten Eako umeek uretara botatzeko «zanbuia!» oihu egiten dutela. Lizentzia poetikoa, bizitzaren gezurrak bezalako poesia. Esaten omen da, bai, Zumaia inguruan. Orain guk ere esaten dugu «zanbuia!» uretara jausi egin aurretik. Eta kontziente izango gara uretara jauzi egiten ari garela. Airean hegan eta itsasora. Dena eta guztiaren sorleku den toki horretara, ezer eta guztia den airetik etorria.

Horrela hasi zen ikuskizuna, itsasotik etorritako pertsonaiekin. Harearen gaineko piano hots eta poesiaren hitzekin nahastu ziren lehenengo pausoak. Herrian zehar eraman gintuzten, ondoren. Frontoian gure existentziaren ezdeusaz jabetu ginen. Erraz ezabatu gaitzakete, garen hori ezertan geratu arte, betiko desagertu arte, gure arrasto txikiren bat uzteko esperantzan. Errekan, gure izatearen alaitasunek eta minek busti gintuzten, gure egunak diren etengabeko zubiak gurutzatzen ditugularik. Eta itsasora buelta, berriz ere joan eta desagertzeko, oihu alai eta bihurria botaz, zanbuia!

Dena hasi eta bukatzen dela jakin badakigu ere, errazegi ahazten dugu hain agerikoa den egia. Ezinbestekoa zaigu, hortaz, tarteka gure existentzia finituaren kontzientzia edukitzea edo, bestela, norbaitek belarrira esatea. Bukatzea berriz hastea ere badelako, norbanakoarentzat zein kolektiboarentzat. Berriz ere hasteko ona izan daiteke garbiketa lana; bihotz, arima eta gorputzen purgazioa. Horretarako egiten dugu zanbuia!, itsasoko urek gure azala birmargotzeko eta pizteko. Tresneria bagina reset esango genioke, baina izaki bihurriak garenez, zanbuia!

Ez dakigu kale antzerkiak betiko agur esateko intentziorik ote zuen. Pena litzateke. Ez dakigu izozketaren ondorengo etenaldia ote den, berriz ere hasteko, gero eta gehiago hazteko. Jakin badakiguna da, Ibai Atutxaren hitzak berrinterpretatuz, immolazio kolektiboa izan zela ikuskizun hura. Urak bustitako garbiketa ariketa. Ur gardenaren korronteetan galdu eta ikusteko ariketa kolektiboa. Hunkitu ginen, barre egin genuen eta, tarteka, baita sufritu ere. Bizitzan bezala. Bakarra den bizitzan bezala. Espero dezagun ordutik aurrera egiten dugun legez, uretarako salto bakoitzarekin zanbuia! oihukatzen jarraitzea, kontziente ala inkontziente, baina oihu. Geure buruari bizirik gaudela gogorarazi. Ozen egingo dugu garrasi gainera, lagunen eskutik helduta, bakarrik ez gaudela sentitzeko eta dastatzeko. Guztiok antzekoa behar dugula azpimarratzeko, poesia eta mina, barrea eta poesia.