2018/08/12

JOKIN URAIN
Ez jakitea
Egia da letran zer esaten duen jakin beharrik gabe oroimenean eta sentipenean geratu zaizkigula hamaika abesti, hura lehen aldiz entzun genuen leku edo momentuagatik, bere aireagatik edo gure lagunarteagatik, edo...

Inguruko herrien hizkuntzak ezagutzeak, edo munduaren edozein txokotakoak jakiteak, batzuetan asko errazten ditu gauzak. Eskarmentuz ikasten dugun gauza da. Beste hizkuntza batean zerbaiten galdez datorkigunari ulertzean, beste mundu eta mundutar horien berri jasotzen dugu. Atetzar itxiak bat-batean irekitzen ikustea da. Norbait zer esaten ari zaigun antzik ez ematea, berriz, edo geuk zerbait jakin nahi eta zer demontre esaten ari garen inork ez ulertzea, traba handi bihurtzen da.

Ezinean, noraezean eta galduta sentiarazten zaitu, amorrarazi ere egiten zaitu egoera horrek. Beste horrenbeste gertatzen da egunerokoan, etxean edo lantegian, zeurea ez den hizkuntzaren batean idatzita azaltzen zaizuna ulertu nahi eta ezin duzula konturatzean.

Zenbait abesti entzutean –bai maitasunari buruzkoak, salaketa edo aldarrikapen kantak, malenkonia darienak edo nahi den ezpalekoak–, doinuak edo letrak, edo biek, barru osoa astintzen dizu, bere baitan biltzen zaitu. Edertzat dudan abestiren baten letrak zer esaten duen ez ulertzeak sortu izan dit askotan jakin-min handiena. Eta ernegatu izan nau zenbaitetan, edo zapuztu. Entzuten ari naizen doinuan hain indartsu, gozo edo mikatz baina asegarri dirudien letra horrek zer esaten duen, hitzek zer adierazten duten jakin nahi izan dut halakoetan.

Baina egia da letran zer esaten duen jakin beharrik gabe oroimenean eta sentipenean geratu zaizkigula hamaika abesti, hura lehen aldiz entzun genuen leku edo momentuagatik, bere aireagatik edo gure lagunarteagatik, edo... Egun edo gauren batean txertatu zitzaizkigun sentipenen baratzean, eta denboraren bestaldean berriro entzuteaz bat sukartzen zaizkigu oroimenik gozoenak, irrikatsuenak, bihotzaren kaperan ostenduta daramatzagunak, ezkutuan edo itzalita bezala baina itzali gabe. Abesti batzuen doinuak, letrak, ahotsak... gugan ernetzen duen giroak loratzen eta birbiziarazten digu nonahi eta noiznahi gaztaroko sentimendu eta sentsazioen olatu hura.

Poema edo bertsoa, edertu nahian txertatzen da doinu baten baitan, musikaz jantzi egiten da, berez ederra dena are ederrago eta emozioz osatuago izan dadin. Edertasun osoaren bila.

Joseba ez da iritzi berekoa, dena dela; letrak zer esaten duen batere ez jakiteak, batzuetan behintzat, abestia asko edertzen duela dio. Eta zuk, Idoia, zer diozu zuk?