2018/09/09

Alaia Martin
Udako ordutegia
Zenbatetan hitz egiten dugu telebistarekin telebistak esaten digunaz eta zenbatetan bizilagunarekin edo tabernan gure ohiko egunkaria irakurtzen ez duenarekin?

Urtean bi aldiz ordua aldatu behar ote den edo ez galdezka ibili dira eta, antza denez, jendeak, orokorrean, nahiago omen du ordutegirik ez aldatu. Argi ordu bat gehiago edo iluntasun ordu bat gutxiago izan, alde nabarmena da, ziurrenik, geure gorputzentzat, baina ordulari bioilogikoa dugunontzat ez da horrenbesteko aldea. Nik uste dut udako ordutegia jarri behar genukeela urte guztian. Udako ordutegia gugan. Udako ordutegian sukaldeak ez dira 15.00etarako ixten, nekeak iratzargailurik gabe hartzen du atseden, kaleak zabaldu egiten dira eta jendeak ezagutzen ez dituen leku/ohiturak ezagutzeko irrika izaten du.

Urte osoan udako ordutegia bagenu gutxiago begiratuko genioke ordulariari. Gehiago begiratuko genioke denborari eta gutxiago ordulariari. Argiago ikusiko genituzke gauzak. Geure denboraren kudeaketari gutxi erreparatzen diogula iruditzen zait; puzzlea osatzeko nahiko lan izaten dugula, denbora puskak elkarri ahalik eta tarte estuenarekin josten saiatzen garela, baina ez dugula behar beste denbora erabiltzen piezak aukeratzeko eta ordenatzeko.

Egin behar dugunaz gain, derrigorrezkoaz gain (geuk hala jotzen dugun horretaz gain), egin nahi dugulako egiten omen dugun zati horretan ere zenbat ote dago benetako nahitik, zenbat erruduntasun sentipen edo zorretik eta zenbat nahitik? Zenbat denbora erabiltzen dugu zer egin nahi dugun, zer egin behar genukeen eta zer egingo dugun bereizten? Hori bereizitakoan zenbat denbora birpentsatzen edo ez birpentsatzeko erabakia indartzeko argudioak pilatzen? Zenbat denbora geure denbora kapsula horien banaketa geuri edo ingurukoei justifikatzen? Zenbat denbora geure bizimoduaren zuloak aztertzen eta zenbat besteen bizimoduetako zuloen bila? Zenbat minutu geure arazoak era egituratu eta interesgarrian formulatzen eta birformulatzen eta zenbat denbora irtenbideak probatzen? Zenbat denbora pasatzen dugu oinez, eta zenbat trenaren zain (edo bozina jotzen, auto-ilaran)? Zenbat kafe hartzen ditugu astean maite ditugunekin eta zenbat kafe hartzeko proposamen egiten ditugu astean? Zenbat aldiz joaten gara ilunabarra ikustera eta besteek beren sare sozialetako hormatan zintzilikatutako zenbat ilunabar ikusten ditugu? Zenbatetan hitz egiten dugu telebistarekin telebistak esaten digunaz eta zenbatetan bizilagunarekin edo tabernan gure ohiko egunkaria irakurtzen ez duenarekin? Zenbat denbora pasatzen dugu ispilu aurrean eta zenbat ispilu atzean nola sentitzen garen pentsatzen?

Eskuadra eta kartaboia hartuko nuke gutariko guztien agendetan eta diagonalez ebaki egun bakoitza, erdiz erdi, elkar gurutzatzen duten bi erditan bereizteko gure udak eta neguak, eta horrela idatzi, kontatu eta isildu, zenbat denbora pasatzen duzun eta dugun zure-gure ilusioak betetzeko bide bila eta zenbat zailtasunei begira, zenbat denbora pasatzen duzun zure harremanen gabeziei begira eta zenbat zeureak konpontzen, zenbat denbora pasatzen duzun gogoko ez dituzun alderdien akatsak ospatzen eta zenbat zure alderdi kuttunaren ertzak leuntzen... Diagonalean ikusi ahal izateko, zenbat denbora pasatzen duzun eraikitzen eta zenbat suntsitzen, zenbat neguan eta zenbat udan.