Mertxe Aizpurua
IRUDITAN

Koroaren harribitxiak

Britainia Handiko Errege Koroako benetako harribitxiak ez daude Londreseko Dorrean gordeta. Buckingham jauregian daude, erreginaren egoitzan, 5.000 kapelatik gora gordetzen duen saloi-armairu erraldoian. Armairua irudikatuz gero, inork marraz dezakeen ortzadarrik ederrenaren aurrean izango ginateke: azidoak, pastelak, sorbete tonuak... naturak sortu dituen tonalitate guztiak eta gehiago. Neurri horretako bildumaren aurrean, zerk bultza dezake emakumea saltoki handi bateko kapelen sailean geldialdia egitera? Bada, kapela dela bere eguneroko koroa. Koroa arina, txikitu ordez hegalak ematen dizkiona, altxatu egiten duena. Eta hor jarraitzen du, 92 urte beteta, irmo eta eroso zapata beltzen gainean. Eskuko poltsa ere badarama, ondo helduta, eta horrela ikusita, saltzailearen azalpenak arretaz entzuten, zure edo nire amona eman lezake. Baldin eta Tiffany-Box koloreko berokiarekin eta horri ederki doakion arrosadun kapelaz jantzitako amonarik balego, behintzat. Buruan daraman elementu horri esker mantendu du estetika berezi hori, une berean pertsona hurbil eta urrunaren tankera ematen dion estiloa. Antzinako gerlarien armaduren antzera, kapelak boteretsu aurkezten du munduaren aurrean, eta zitalkeria marka guztiak hausten dituen hau pertsona onberaren itxurarekin agertzen zaigu.

Berean ez du lehiakiderik. Ingurukoek ederki asko dakite. Kapela kentzeko modukoa, ez esan ezetz.