JOKIN URAIN
IRITZIA

Lapurreta

Eguerdian, lantokitik ateratzean ikusi zituen bi gizonezko beregana zetozkionak, eta lapurrak zirela pentsatu omen zuen, hurbiltzen zitzaizkion bitartean. Zerbait lapurtzera zetozkiola alegia; dirua, telefonoa edo aldean zeraman beste zerbait kendu nahiko ziotela pentsatu zuen. Ezezagunak hurbiltzen ikusita, nekez pentsatzen baitugu ezer ematera datozkigunik, egunonak ere gutxik ematen dituelako, nahiz eta etxeko eskaileretan gurutzatu... Eta bere susmoan ez zebilen oso oker Karlos Apeztegia joan den urriaren 16 hartan.

Aldean zeraman guztia kendu zioten, baina hori baino kuttunagoa eta preziatua dugun askatasuna ere ebatsi. «Libertatia nola baita gauzetako hobena» idatzi zuen Bernart Etxeparek duela ia bost mende, ez arrazoirik gabe, eta ordutik gaur artekoan auskalo zenbat aldiz errepikatu den gertaera berbera, jende arrotza inguratu eta «gauzetako hobena» ebatsi izana alegia. Destino petral bat jarraika dabilkigula ematen du, zakur amorratua baino amorratuago, bere izatearen funtsa gureganako jazarpena balitz bezala.

Destinorik ez dago, ordea; batzuen eta besteen arteko tirabiran, ahaleginez eta elkarlanez egiten dugun bidea besterik ez dago. Egia da behin eta berriz kolpatuz, behin eta berriz espetxeratuz, gure destinoa menpeko izatea dela konbentzitu nahi gaituztela, eta ez dagoela biderik, ez dagoela geuk eraiki dezakegun etorkizunik. Baina aurreikuspen ilunenak eginik ere, etorkizuna beti da ezezaguna, beti da bide berria, egunero hasten dena eta zalantzak sorrarazten dizkizuna, nora helduko zaren aurrez balekite bezala jarduten diren arren etsipenaren itsuaurreko batzuk.

Ez da gure destinoa zenbaiten mendeku gosea eta gorrotoa asetzea; gure askatasuna ez da inoren garaikur taulan eskegitzeko xingola, batzuek larderiaz horrela sinetsarazi nahi diguten arren. Ez ginen jaio lurrean iltzatutako argollari motzean lotuta burua jaiki ezinik etsita bizitzeko. Ez da hori gure destinoa, argolla horretan, kate motzean behin eta berriz kolpeka eta zartaka aritzera behartu nahi gaituzten arren.

Ez dizut azaldu beharrik, Karlos, zein zaila den urrunera begiratzea, edozein eguerditan, bidera irtenda aldean daramazun guztia eta askatasuna ere lapurtzen dizutenean. Eta hala ere burua jaso eta apur bat harago begiratu nahi dugu, etsipenaren hormek ez diezaguten itxi ostertzera bidea.