2018/12/02

Harley-Davidson, orain elektrikoa
JOSEBA EIZAGIRRE
1202_motor_harley

Motorzale batek baino gehiagok eskuak burura eramango ditu albiste hau irakurrita, baina iritsi da iritsi behar zena: Harley Davidson estatubatuar konpainia mitikoak motor elektrikoa kaleratuko du laster. LiveWire izenarekin bataiatu du, 2019an iritsiko da gure merkatura eta bi gurpiletako ibilgailu elektrikoen familiako lehen kidea izango da. Beraz, datozen urteetan Harley elektriko gehiago iritsiko dira.

Aurkezpen ekitaldia azaroaren 6an egin zuten Milango EICMA erakusketan. Xehetasun tekniko askorik ez zuten ezagutzera eman, baina zenbait iturriren arabera, 80 kilometro inguruko autonomia izango du, zerotik ehun kilometrora iristeko 4 segundo besterik ez ditu behar izango eta 240 kilometro orduko abiadura har lezake.

Motor honen ezaugarri nagusia berehalako azelerazioa da. Motor elektrikoa duenez, azeleragailuari eragin orduko prest dago potentzia guztia gurpiletara bidaltzeko. Gainera, enbragerik ez duenez, abiadura-aldaketarik ez da egin behar eta horrek azelerazioa bizkortzen du. Potentzia erregulatzeko zazpi aukera ditu.

Eta zer gertatuko da Harley Davidson motorren soinu bereizgarriarekin? Izan ere, ibilgailu elektrikoek ez dute soinurik egiten eta soinurik gabeko Harley bat ez litzateke Harley bat izango. Arazo hori konpontzeko, ingeniariek sistema bat asmatu dute motor elektrikoaren potentzia «leuna» irudikatzeko, eta abiadura igotzen doan neurrian, soinua ere handitzen joango da.

Gainerakoan, bateria elektrikoen pisua dela eta, oso toki baxuan eramango du motorra, grabitate-zentroa ahalik eta gehien jaisteko eta modu honetan motorraren kontrola errazteko, bai martxan doanean eta bai geldirik dagoenean.

Txasisa aluminiozkoa izango du, guztiz erregulatu daitezkeen suspentsioak eta ABS eta Trakzio Kontrola duten balaztak. Aurreko balazten pintzak Brembo Monoblock motakoak dira eta diskoa, 300 milimetrokoa, motorraren pisu handiari aurre egin ahal izateko.

Bateria kargatzeko bi modu izango ditu, motorrak berak eserleku azpian duen etxerako kargatzailearekin, eta karga azkarra egiteko gailu bereziarekin.

Salneurriari dagokionez, oraindik ez da kopuru ofizialik ezagutzera eman, baina hainbat iturriren arabera, 50.000 eurokoa izan daiteke.

 

Agur aurtengo Rallyen Mundialari

Munduko Rally Txapelketak agur esan zion aurtengo denboraldiari azaroaren 18an Australian jokatutako lasterketarekin. Seigarren urtez, Sebastian Ogier frantziarra izan da bere Ford Fiesta autoarekin podiumaren lehen postura igotzea lortu duena.

Guztira hamahiru lasterketa izan ditu aurtengo denboraldiak eta guztien batuketa egin ondoren, Ogierrek 219 puntu lortu ditu, Thierry Neuville (Hyundai i20) belgikarraren aurretik (201 puntu) eta Ott Tanak (Toyota Yaris) estoniarraren aurretik (181 puntu).

Konstruktoreen sailkapenari dagokionez, ordea, Munduko Txapelketa Toyota etxe japoniarrarentzako izan da (368 puntu), Hyundairen aurretik (341) eta Ford M-Sport taldearen aurretik (324).

Egutegiko azken lasterketa, Australian jokatu zena hain zuzen, lehia estukoa izan zen, Thierry Neuvillek aurre hartu nahi izan baitzion Sebastian Ogierreri. Arrazoi horregatik, hain hustu ere, gidari belgikarrak gehiegi arriskatu zuen eta azkenean zuhaitz baten kontra jo eta aukera guztiak bertan galdu zituen.

Azkenean, Australiako rallya Jari-Matti Latvala finlandiar gidariarentzat izan zen (Toyota Yaris), Ogier bosgarren iritsi zen helmugara bi minutu eta erdi beranduago eta Neuville, esan bezala, erretiratu egin zen. Munduko txapelketako sailkapenean bigarren geratu zena, Ott Tanak, erretiratu egin zen istripua izan ondoren.

Lasterketa bukatu ondoren egindako adierazpenetan, Sebastian Ogierrek esan zuen bazekiela aurtengo denboraldia gogorra izango zela, baina ez zuela uste hain estua izango zenik.

 

Volkswagen Californiak 30. urteurrena ospatuko du edizio berezi batekin.

Abenturazaleek oso maite duten Volkswagen Californiak 30 urte bete ditu eta hori ospatzeko, etxe alemanak edizio berezi bat kaleratu du, 999 furgonetara mugatua (produkzio zenbakia eramango dute grabatuta). Kanpotik ez du aldaketa handirik izango –gurpilen diseinua izan ezik–, eta aldaketa gehienak barrualdean aurkituko ditugu, tapizeria, armairu eta argiztapenari dagokienez batez ere. Horrekin batera, ohikoa duen ekipamendua eramango du: sabaiko ohea, kanpoaldean dutxa jartzeko aukera edo 42 litroko hozkailua. Arlo mekanikoari dagokionez, 2.0 TDI motor ezaguna eramango du, 150 eta 198 zaldiko bertsioetan. Salneurria 53.800 euroan abiatuko da.

 

Euskal Herriko taxiek ere matrikula urdina eramango dute.

Espainiar Gobernuak uztailaren 31n hartutako erabakiaren ondorioz, Euskal Herriko taxiek ere matrikula urdina eraman beharko dute bidaiarientzako ibilgailu ofizialak direla adierazteko eta, modu horretan, baimenik gabe ari diren beste ibilgailu «piratengandik» bereizteko. Taxilari batzuk hasi dira aldaketa egiten –irudian, Donostian aparkatutako taxia– baina oraindik datorren urteko abuztura arteko epea dute atzeko plaka urdina jartzeko. Hori bai, aurreko plakak berdina izaten jarraituko du, txuria hizki eta zenbaki beltzekin. Aldaketa legeztatzeko, espainiar Gobernuak Ibilgailuen Araudi Orokorreko hainbat puntu aldatu behar izan ditu.

 

Bilboko Retro Clasica erakusketak VW Beetle eta Seat 124a omendu ditu.

Bilboko Retro Clasica erakusketa arrakastatsua izan da aurten ere, 40.000 bisitari izan baititu azaroaren 16tik 18ra bitartean. Zortzigarren edizioak gure artean oso ezagunak diren bi auto omendu ditu, VW Beetle eta Seat 124a, lehenak 80 urte bete dituelako eta bigarrenak, 50 urte. Arrazoi horregatik, mota honetako auto asko gerturatu zen Barakaldoko BECera. Horiekin batera, Loizaga Dorretxeak eta Mercedes Aguinagak eramandako antzinako autoak ere izan ziren ikusgai, baita XX. mende erdialdeko sidekarrak ere. Aurreko urteetan bezala, aurten ere afizionatu asko gerturatu dira euren auto klasikoekin Retro Clasica erakusketara.