2018/12/02

Hirigintzaren begiradak (II)
IBAI GANDIAGA PEREZ DE ALBENIZ
035_05arki2

Artikuluaren lehenengo zatian hirigintza aztertzeko erabil daitezkeen betaurreko birekin egin genuen topo: sustatzaileena eta parte hartzearena. Bien ala bien kasuan, gure inguruko plangintzetan bi ikuspegion arteko tentsioak (batzuetan zeharo kontrakoak direnak, talka egiterakoan zalaparta handikoak) antzeman daitezke.

Tentsio horien erroan ekonomia dagoela ezin da ukatu, eta horretan datza arazoa: lurrak ez luke espekulatzeko balio dezakeen zerbait izan behar. Aitzitik, hirigintza operazioek –azpiegiturekin batera– diru kopuru izugarriak mugitzen dituzte, eta are garrantzitsuagoa dena, botere politikoen esku gelditzen da azken hitza. Sistema kapitalista aurreratu batean, hirigintza kapitalaren metaketarako mekanismo aparta da. Hori ulertzeak gure hirugarren begiradara eramango gaitu: Desberdintasunaren urbanismora.

Aberatsen eta txiroen arteko aldea inoiz ez bezala handitu da XXI. mendean, eta hirigintzak badu horretan errurik. Bernardo Secchi arkitekto eta pentsalari italiarrak argi ikusten zuen gizartearen berdintasun faltan erantzukizun handiak zituela, eta hiri proiektuak hori konpontzeko puntu zentrala izan behar zuela.

Italiarraren esanetan, desberdintasunaren begirada horrek bi mekanismo nagusi erabiltzen ditu: dispertsioa eta segregazioa. Dispertsioa hiri zabal eta dentsitate oso baxukoa dugunean agertzen da, eta batetik bestera mugitzeko autoa erabiltzea beste aukerarik ez dagoenean. Dispertsioaren oinordekoak dira, besteak beste, hiriburu handietako kanpoaldeetan sortzen diren etxebizitza unifamiliarren bizitegi auzoak. Ameriketako Estatu Batuetako ohitura hori gurean errotu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jada 49.000 hektarea antropizatuta ditugu. Goraka doan joera argia da. Demografiak, ordea, ez du gora egin, eta gero eta jende gutxiagok betetzen ditu etxeak, gero eta sakabanatuago bizi baikara.

Dispertsio edo sakabanaketa horrek hainbat eginkizun betetzen ditu: alde batetik, dirua egiteko makina ez da gelditzen: beti daude ustiatu daitezkeen lur gehiago, eraiki daitezkeen errepide gehiago, inauguratu daitezkeen zubi gehiago. Hirigintza da botere publikoak ekonomian esku hartzeko duen modua. Bigarrenik, dispertsioaren ereduan antolatutako gizarte bat, batez ere mugitzeko garraio publikoa behar duen klase soziala, sozialki kontrolatzea errazagoa da.

Txanponaren alde bat dispertsioa da beraz, eta bestea segregazioa da. Segregazio hori pobreena izan daiteke; gaur egun hiri handietako kanpoaldeak ghetto sozialak bilakatu dira, garai batean hiriko erdiguneak bezala –paradoxikoki, egun garestienak diren auzoak–. Alta, aberatsena ere izan daiteke; desberdintasunaren hirigintza eskuarki ematen den tokietan, adibidez, gated communities edo “harresitutako komunitateak” sortzen dira, zaindari armatu pribatuekin, zabor bilketa sistema propioarekin... eta barrura sartzeko aukerarik gabe. Segregazio honen muturreko ondorioa, biztanleria pobreari dagokionez, kale istilu handietan islatzen da; hala nola Los Angeles, Gamonal, Tottenham, Parisen… betiere talde sozial gutxietsi baten parte hartzearekin.

Istiluen kontakizuna, normalean, etorkin eta kanpotarren presentziarekin lotzen da, eta horra gure azkenengo begirada: Beldurraren hirigintza. Mike Davis teorialari estatubatuarrak “beldurraren ekologia” izendatu zuen Los Angelesko 1992ko istiluen ostean hiriak bizitako hainbat jarrera aldaketa; segurtasun indarrak istiluak ekidin ezinik ibili zirela ikusi ostean, segurtasun pribatuko komunitateak –arestian aipatu ditugun gated communities– ugaritu ziren, eta horiekin batera espazio publikoa eraldatu zen, hala nola kalean bizi ziren eskaleak uxatzeko zilindro bankuak jarri zituzten, eskale horiek beraiek gaua pasa ez dezaten automatikoki aktibatzen diren aspertsoreak, eta abar.

Beldurraren hiri hori normalean kolektibo jakin batekin lotzen da, garaiaren arabera etsai egokiena aukeratuz: homosexualak, juduak, ijitoak, langileak, etorkinak… Beldurra gutxinaka sortzen da, eta batez ere hedabideei esker. Gurean nabarmena da Bilboko San Frantzisko auzoaren inguruko informazioa –etorkinak eta segurtasunik eza lotzen dituena– ugaritu dela, auzoak AHTaren etorrerarekin batera izan beharreko eraldaketa urbanistikoa dela-eta. Higiezinen operazioa geldirik egon zen urteetan, kreditua eta azpiegitura gauzatzeko finantzaketa inondik ageri ez zenean, beldurra zabaltzeko mezu horiek nolabait desagertu egin ziren. Antza, erabaki drastikoak begi onez ikus ditzagun prestatu nahi gaitu baten batek orain.