Alaia Martin
IRITZIA

«Zenda»

Ez dakit zenbat zor diogun eta, are gutxiago, zer zor ote diogun. Badakidana da asko zor zigula pentsatzen zuela; hainbeste eman izanak ez du bestela azalpen azalgarri mamitsurik. Ez zen eta ez da bakarra izan, noski, baina bakarra izan da edo izan zen.

Badago dagoenean ere ez dagoen jendea eta, hala ere, ez balego bezala dagoenean ere ingurua eraldatzen duena, aireari kolorea eta tenperatura aldatzen dion jende isil pasaerako hori. Horrela imajinatzen dut bera, dagoenean ere hor nonbait dabilen eta ez dagoenean ere edonon dagoen pertsona bakan horietariko bat bezala. Behe-lainoa esango luke baten batek, eguzki errea besteren batek; begiak apur bat itxiaraztera – beraz zehatzago begiratzera- behartzen zaituen argi puska horietariko bat zen. Argi-itzala.

Haurtzaroko herriaren toponimiako hizkeran hegan egiteko gai zen txori ez-migrantea zen. Edo esan genezake «zenda». Euskaltzaindiari proposatu beharreko hitza izan liteke «zenda»; jende asko hildakoan zendu egiten da, baina gutxi batzuk «zenda». Txori ez-migrantea, beraz. Beti lurrari lotua eta sekula lurrik ukitu gabea, txori-hanka arinak, pausoro ezabatuz ibiliko balitu bezala, Lekeitiotik Donostiara eta hutsetik hamalaura.

Izarren hautsez egindako begirada hartan izango zen erantzi gabeko lilirik eta zertarako den bizitza jakitera iritsi gabeko promesarik, baina bazuen zerbait egiatik, izaki mitoilogiko hark, maitasuna eragiten zuen zer edo zer, maitasunetik entzutera eta ikustera bultza gintzakeen zer edo zer, amorruaz ari zenean ere.

Gure bazterrei begiratzeko jarraibideak eman zizkigun eta Gure hitzak izango zirenak aukeratu zituen bide-ertzeko seinaleetan idazteko. Aintzinako bihotz baten sistolea eta biharko inkomunikazioaren diastolea elkartu zituen bizialdi bakarreko taupadatan eta letretakoak ginenontzat, zenbakiak sendatu zituen; baga,biga,higa, lau, bost,sei. Ihes betea zilegi balitz geratzea erabakiko genukeen nahiz eta txoria maite eta ez gurea izan.

Beste hamar, hogei, berrogei eta hirurogei urte barru ere geratuko dira hego haietako lumak geroko idazle eta abeslarien eskuetan eta halaxe izatea nahi nuke, noski. Gogoratzeko modu ona da ikustekotan gogoratu egin behar duzun hori, egunerokoan ikusi ahal izatea. Egunerokoan ikusi ahal izatea, beste azal batzuetan mozorrotuta, beste doinu batzuetan entzunda, beste korronte batzuetan igerian, beste korronte batzuen artean burua ezin ateraz, baina hor.

Egunero dugu horretarako aukera eta gonbidapena. Ia egunero sareratzen, aireratzen edo kaleratzen da abesti berriren bat, pelikula berriren bat, antzerki proiektu berriren bat, txiolari txiotsu berriren bat, dantza aurrerapauso ezberdinen bat, poema jaioberriren bat, bertso mendigoizaleren bat… Biharko besteen hitzak, behe-ekaitzak, txori-lainoak eta izarren konstelazio berriak ere hor nonbait ibiliko dira, orain piztu, orain itzali, begira dagoenarentzat. Tarteka, astero-astero, tarteka bat hartuko bagenu sortuko diren besteei (ere) begiratzeko?