Alaia Martin
IRITZIA

Denboratxoa

Bada denboratxoa nire ingurukooi inertziazko parrandak bukatu zitzaizkigunetik. Erne, ez dut harro esaten, gehiago esaten dut arrotz... Bada denboratxoa etsi zati txiki-txiki-txiki bat geure baitan onartzera errenditu ginela eta ez diogula betiko lagunari betiko diskurtsoa behin eta berriz desglosatzen, egia horren ebidentzia sudur parean ikus dezan eta begietako benda begi-zinta bezala erabiltzeari utz diezaion, betile-luzatze etengabean.

Bada denboratxoa, arrazoi izan eta izatearekin konformatzeko moduko animalia gisa bizirauteko gaitasuna landu genuela. Horrek ez du ez borrokatzea esan nahi eta hori ez da bizitza lezio bat, bizirauteko era gaingabetu baina azpiratu gabe bat da.

Bada denboratxoa zer borrokatu bezain arreta handiz aukeratzen duguna nola borrokatu eta norekin eta belaunaldikide asko han eta hemen ikusten ditugula, borroka txikietarako bileren aurretik edo ondoren kafe soja transgenikoduna hartzen, begi-keinuz agurtzean begi-zuloak kizkurtuz.

Bada denboratxoa aurreko belaunaldiak miretsi bai, txalotu ere bai, baina ezagutu ere egin ditugula eta letra txikia irakurri diegula, geure buruei bezala. Bada denboratxoa erreferente absolutuak desagertu eta eguneroko hautugile erreferente txiki-txiki armada bat bizi dela gugan, eta guztiak ordenatzen eta komenitako bitrinan edo kaxoian jartzen kostatzen zaigula, baina bada denboratxoa, aldi berean, horretan saiatzen garela.

Bada denboratxo bat, hurrengo belaunaldiak aurrekoak bezain belaunaldikide ikusteko gaitasuna onartu diogula geure buruari. Ez gazteago izan nahi dugulako, lehen helduago izan nahi genuen bezala; hurrengo belaunaldia direlako bakarrik, jarraipen bat, geu ere izan ginen bezala eta ondorio izan ginen bezala, izango direlako ondorio eta guk badugulako geure aurrekoxeagokoekiko begirada gertu-gertu-gertuko bat zeinak ez digun batzuetan, begiratzen uzten, zenbat metro egin ditugun guk eta norantz. Errazagoa da distantzia kalkulatzen bi aldeen erdian egonda baino, ertz batetik besterantz begiratuta.

Bada denboratxo bat, gaztexeagoez ikasten ari garela eta gazteagoei esker desikasteko gogoa jartzen zaigula. Ez lehengoez desikasteko, orain garen konplexu saldaz desikasteko gogoa pizten zaigula esan nahi dut. Hor datozelako, tresna berriz, borroka berrituz eta irribarre txiki batekin tokatu zaien garaiko soinu-banda jartzera, bakoitzak bere batuta balu bezala, baina aldi berean batuta baleude bezala, “ikusiko dugu nola baina egingo dugu” dioen abesti baten hariak batuta bezala.

Bada denboratxoa egunero mundua aldatzeko baino, bizitza baten luzeran munduak nola aldatu pentsatzeko esnatzen garela, gutxi lo egin ondorengo siestetatik eta aldaketa txikiekin begiak betetzen zaizkigula lehen handiekin ahoak bezala.

Bada denboratxoa continuum horren parteago sentitzen garela eta horregatik sentitzen dugula egun batzuetan delegatzeko eskubidea eta beste egun batzuetan ez delegatzeko konpromisoa. Bada denboratxoa ez dugula klaseko delegatu izan nahi, baina denok ere, klase baten delegatu, ordezkagarri bezain ordezkari garela pentsatzen dugula.