2019/01/06

Erreportajea
jangarriak ez diren onddoak
Lizunaren edertasun ezkutua

Jangarriak ez diren onddoak lurpeko mundu ilunean bizi dira baina azaleratu eta «loratu» egiten direnean diseinu eta kolore bakanak erakusten dizkigute.

Jon Benito
041_setas14

0nddo hauek ez dira ez landareak ez animaliak, eta beren erreinua dute, Fungi, alegia. Gaur egun 100.000 espezie inguru identifikatu dira baina asko eta asko mikroskopikoak direnez (legamiak eta lizunak, kasu) mikologoen iritzian baliteke milioitik gora mota egotea planetan, batez ere oraindik gutxi arakatutako eremuetan.

Inguru askotan bizi daitezke, bereziki oihan tropikaletan, bertako epeltasunak, hezetasunak eta materia organiko ugariak bizitzeko giro ezin hobea ematen dielako. Baina ozeanoaren hondoan ere aurkitu dira, baita goi mendietako arroka hotzetan ere, non algekin batera harrietako likenak osatzen baitituzte.

Haien gorputza nahiko xumea da eta mizelioa du izena. Harizpi-multzo batek osatzen du eta lur azpitik edo organismo baten barrutik hedatzen da zerbait organikoren eta jangarriren bila. Izaki inbaditua bizirik badago eta aurre egiten ez badio, onddoak, hedatu ahala, digestio-jariakinak isuriko ditu eta zuku elikagarri bihurtuko du landarea edo animaliaren barrua, hori gaixotuz edo hilez ere.

Mizelioa oso astiro haz daiteke eta urte asko bizi. Errekorra Armillaria ostoyae izenekoak du eta Oregonen (AEB) bizi da: 2.400 urte du eta 800 futbol zelaik besteko hedadura du bere lurpeko mizelioak (ohartxo moduan, haren senide Armillaria melleak hirugarren belaunaldiko Gernikako Arbola infektatu eta hil egin zuen 2004. urtean).

Uraren eta tenperaturaren baldintzak aldekoak direnean, mizeliotik fruktifikazio batzuk jaioko dira, perretxiko ezagunak, eta horiek esporen ekoizpenari eutsiko diote.

Esporak sarritan lurrera jausten dira zuzen-zuzen baina badaude horiek askatzeko modu bitxiak eta horien artean ditugu izarputzak (Geastrum sp.). Onddoak puxika baten itxura du eta esporez harrotuta dago; animalia batek hura zapaldutakoan, milioika esporen txorrota askatuko du. Harrigarria da Pilobolus kleinii, animalien gorotzetan hazten den onddo txikerra ere; 100 km orduko abiaduraz jaurtitzen ditu esporak belarrera. Gero, belarjale batek belar hori jan eta azkenik gorotzekin bota ondoren, onddo berriak jaioko dira.

Historia bitxia dago era berean urbeltzaren (Coprinus comatus) esporen inguruan. Heldu ondoren perretxiko arrunt horrek esporak dituen tinta itxurako likido beltza jariatuko du. Kontua zera da, Bigarren Mundu Gerran, naziek tinta hori erabiltzen zutela pasaporteak eta baimenak sinatzeko. Faltsutzeak antzemateko nahikoa zen dokumentuaren sinadura mikroskopioarekin behatzea eta, esporak ez bazituen, jakina, faltsua zen.

Baina kasu harrigarri bat badago Cordyceps unilateralis onddoarena da. Horren esporek inurriak infektatzen dituzte eta horien portaera aldatzen dute: intsektuak, gaixotuta, zonbia balitz bezala jokatzen du, norabidea galduta. Lurzorua utzi eta adar batera igo ondoren, han geratuko da hilzorian bere barrutik onddoa garatzen den bitartean. Azkenean, inurriaren burutik onddoaren perretxiko bat aterako zaio eta horrek modu bikainean askatuko ditu esporak altuera eta haizea aprobetxatuz.

Lagunak eta etsaiak. Onddoak garrantzitsuak dira gure bizitzan onerako zein txarrerako. Hainbat legamia eta lizunek gure gorputzaren barruan dute beren bizitokia. Kandida legamia, esaterako, gure larruazalean eta hainbat barrunbetan bizi da, normalean kalterik egin gabe, baina noizean behin desoreka sortzen da eta kandidiasia garatuko da, infekzio arina gehienetan. Bestetik, Aspergillus taldeko lizunak kirofanoetako madarikazioa dira, leku horiek oso esterilizatuta egon arren; lizunaren esporak ebakuntza batean irekitako gorputzaren barruan sartu eta aspergilosi larria (hilgarria ere bai) sor dezakete gaixoarengan. Arnasten dugun airean, adibidez, ehun mila metro kubiko espora egon daitezke, arazoa suposatuz asmatiko eta alergikoentzat.

Larriak dira onddo toxikoak ere. Euskal Herrian ia ehun espezie dugu eta horien artean aipatzekoa da hiltzaile berdea (Amanita phalloides), gibelurdin (Russula virescens) gozoarekin nahas daitekeena. Nahikoak dira onddo beldurgarri horren 25 g pertsona bat hiltzeko, osagaien artean amatoxina izeneko substantzia oso pozoitsuak dituelako. Beste kasu batzuetan, nahita jaten dira efektu haluzinogenoak lortzeko. Horietakoak dira sorgin zorrotzak edo “mongi” izeneko perretxiko txikiak (Psylocybe sp.) edo kuleto faltsua (Amanita muscaria), ederra bezain arriskutsua. Horren substantziek “perretxikoen mozkorra” eragiten dute, mugitzeko koordinazioa galarazten duelako. Haluzinazioekin batera sarritan sabeleko mina eta, kasu batzuetan, koma ere gerta daiteke.

Aitzitik, onddoak ezinbestekoak dira sendagai garrantzitsuak ekoizteko. Errepara diezaiogun laranjak usteltzen dituen lizun berde ezagunari (Penicillium digitatum); bada, bere taldekide batetik (Penicillium notatum) Alexander Flemingek eta bere taldeak penizilina erauzi zuten duela 75 urte, milioika pertsonaren bizitza salbatzen duen antibiotikoa. Aspergillus generoko lizun batzuetatik odoleko kolesterol maila jaisten duten estatinak lortzen dira eta beste batzuetatik behar-beharrezko ziklosporinak, transplantatutako organoen errefusa ekiditen duten farmakoak.

Elikagintzan ere erabiltzen dira espezie batzuk. Boletus taldekoak eta trufak alde batera utzita (biak oso ezagunak), ospe handiko gazta urdinetan (Roquefort eta Cabralesekoak, esaterako) Penicillium taldeko lizun biziez baliatzen dira usain eta zapore bereziak lortzeko.

Eta okintzan zein edarigintzan onddo bat da nagusi, garagardoaren legamia (Saccharomyces cerevisiae), ardoa eta sagardoa ere egiteko erabiltzen dena.

Ingurumen kaltetuak berreskuratzeko arloan, ekologoak zura usteltzen duten onddo batzuk (Trametes generokoak, adibidez) ikertzen ari dira gai direlako hondakin urak eta hidrokarburoz kutsatutako urak arazteko. Teknika honi biorremediatzea esaten zaio eta, onddoekin ez ezik, landareekin ere erabiltzen ari da gero eta gehiago, emaitza onekin.

Baina onddoen garrantzia goraipatu behar badugu ezin dugu bi aspektu ahaztu. Lehena, landare gehienekin duten mikorriza izeneko sinbiosia. Elkarketa onuragarri horretan, onddoak sare baten moduan sustraiak inguratu eta haietan sartzen da, landareari lurzoruko elikagaien xurgapena erraztuz. Landareak, bere aldetik, azukreak eta beste mantenugai batzuk eskaintzen dizkio onddoari. Zaila da imajinatzea mikorrizarik gabeko planeta, landareen %95 horretaz baliatzen baita bizitzeko.

Bigarrena, baina lehena bezain garrantzitsua, hildako eta usteldutako materia organikoaren degradazioa da. Etengabeko ekintza horretan onddoek basoetako orbela, zura, animalien gorozkiak, lumak, gorpuak eta zerbait organiko duen edozein zati digeritzen dute haiek elikatzeko. Emaitza, gatz mineralen nahastea, hain justu lurzoruak behar duen ongarria emankor irauteko. Landareek xurgatu eta animalien gorputzetan zehar iragan diren elikagaiak jatorrira itzuliko dira onddoek eta bakterioek bideratutako ziklo batean. Horiek gabe, planeta usteldu gabeko geruza antzuaz estaliko litzateke eta ezagutzen dugun bizitza amaituko litzateke.

Mixomizeteak, sasi-onddo bakanak. Badira gure basoetan onddoak ez diren organismo erabat bereziak. Mixomizeteak dira eta onddoekin nahastea oso erraza da, horien antz handia baitute. Izan ere, organismo estralurtarrak dirudite, haien diseinuak, koloreak eta bizimodua oso deigarriak direlako.

Hasiera batean mixomizetea zelula bakarraz osatuta dago baina momentu batean, eta nolabaiteko dei bati erantzunez, beste batzuekin elkartu eta multzo likatsua (plasmodioa) eratzen du. Plasmodioa herrestan mugitzen da basoan zehar (batzuetan zentimetro bat minutu batean) elikagaien bila, batez ere orbeleko eta zureko bakterioak eta legamiak.

Giroa lehortzen denean, plasmodiotik perretxiko ñimiñoen antzeko egiturak sortuko dira, esporak ekoitzi eta askatuko dituztenak. Bakoitzetik, zelula bat sortuko da eta ziklo berria hasiko da.

Bitxia, misteriotsua, ederra, beldurgarria, ezinbestekoa... Horrelakoa da onddoen erreinua.