Marian Azkarate

Elurretan kantari

«Elurretan kantari dabiltza marigorringo eta kilkerrak. Margotu dituzte mendietako paretak (...). Amets hegalariak, eta txori kantariak luma gogorrak eta hauskorrak harriak. Bizipozak neguak orbelez janzten ditu nahiz eta guri biluzik iruditu»... Ia oharkabean, Huntzaren “Lumak” diskoko “Elurra” abestiarekin kanta-marmarrean aritu gara Alemaniako Hopfensee aintziran eta Bavaria estatuko Kaufbeuren hiri inguruan ateratako irudi lasai hauei so egin diegunean. Mezu baikorrez blaitzen gaituzten erritmoak dira; halere, jakin badakigu ikusgarria eta, bere biluztasunean, oso estetikoa izateaz gain, elurra krudela suerta daitekeela. Galde diezaietela Bavariakoei bertakoei, Europako erdialdeko eta ekialdeko beste herrialde askoren antzera hotz eta elur ekaitz gogor batek azpiratuta egon direlako. Hildakoak, desagertuak, hegan egin ezin izan duten hegazkinak, mota guztietako garraioetan arazoak, herri isolatuak... eta negua hasi besterik ez da egin. 50 zentimetroko elur geruza neurtu dute toki batzuetan, Bavarian kasu, Eskandinaviatik iritsitako haize hotz eta elurteen korronte baten eraginez. Negua eta elurra, era berean denboraren iragatearen metafora... eta, orduan, kanta-marmarrean hasi gara berriz, Xabier Lete handiaren baimenarekin: «Ez nau izutzen negu hurbilak/ uda beteko beroan/ dakidalako irauten duela/ orainak ere geroan/ Izadiaren joan geldian gizalditako lerroan/ guztia present bihurtu arte/ nor izanaren erroan».