Alaia Martin
IRITZIA

Agurrak

Agurtzeko erak eta erak daude. Agur genezake norbait irribarre zabal batekin eta “agur” harritu batekin, agur genezake norbait aurpegira begiratu gabe (geure bizitzatik), agur genezake norbait lotsaren lotsaz koordinazio eskasez emandako bi musu azalekoegi edo emozionatuegirekin, agur genezake norbait bokal bakarrarekin eta perezaz bezala, agur genezake norbait gerrian zimiko erdia eginez, orraztu-usteko ilea goxo desorraztuz, bizkarrean sorbalda dislokatzeko moduko kolpe bat emanez, eskua luzatuz, begia kliskatuz, irribarre txiki-txiki batekin eta ezer esan gabe… Askotan ez dugu jakiten nola eta nor agurtu. Zalantza izaten dugu, nabarmenegi agurtu ote dugun apenas ezagutzen ez duguna edo behar beste adierazi ote diogun lagunari hura ikusteak sortu digun poza (zeina uneak, despisteak, bista eskasak, presak eta eguraldiak baldintzatua egon daitekeen). Agur txikiak izaten dira normalean horiek, kasualak asko, kasual itxura eman nahi izaten diegunak beste asko.

Agur litezke aroak, taldeak, erakundeak, lanpostuak, lagun taldeak, ohiturak, jokabideak… Taldeak agurtzeak ere izaten ditu bere protokoloak, bere neurritsu izan nahiak, bere birak –Jaio.Musika.Hil– eta bere desproportzionaltasunak. Agurtzeak askotan dakar edo ekarri behar luke birgogoratze labur eta estrategiko bat. Zer ahaztu, zer gogoratu eta zein oroitzapen eraikitzen hasi erabakitzeko.

Agur liteke norbere burua ere, ez pentsa. Bizitzan zehar, ustez dut askotan agurtzen dugula geure burua, aldi batez, beste norbait izateko edo ez izateko, besterik gabe. Nahita batzuetan, nahi gabe edo oharkabean gehienetan. Geure burua agurtzen dugunean zail egiten zaigu geure burua erakusleihoetan ikustea, geure ingurunean sustraitzea eta geure pausoak geure abiaduran ematea. Beste norbaitena eta azken batean inorena ez den azal batean bizi gara, geure burua agurtzen dugunean. Bagoaz eta bagatoz baina ez gara. Hala ere, beti itzul gintezke gugana, «Kaixo, sentitzen dut, ez naiz berriz joango» batekin geure buruari bostekoa emanez. Bostekoa; gainditua.

Psikologiak edo honen faltak garai gaitzake batzuetan, gainditu, eta horrelakoetan itzulerako bideko papurrak norberak bilatu behar baditu ere, inguruak lagun gaitzake apurtutakoa papurtzen. Beste batzuetan, aldiz, agurrak agur izaera behin betikoa izan lezake, agurtzea agurtu behar batetik eratorria izan liteke.

Agurtu nahia, norbere burua baino, norbere gorputza. Askotan, norbere gorputzak ez diolako norberaren burua izaten uzten norberari. Gaitz larrien ondorioz, gaitz luzeengatik, zain gaitzaten nahi ez dugulako, neke pilatu haizeztatu gabearengatik… Dena delakoarengatik agurtzeko gogoa baino, agurtzeko beharra, agurtzeko erabakia eduki genezake begien atzean inprimatuta eta inork ez dauka eskubiderik begien atzean inprimatzen duguna zaborretara botatzeko.

Jaiotzeko eskubiderik ez dugu, baina behin jaiota, oinarrizko eskubideak garatzeko eskubidea daukagu eta eskubide horietarik bat izan behar litzateke heriotza duina izateko eskubidea, zeure gertuko konplizeak, konplize penal bilakatu gabe. Agurtzeko, beti eta kasu guztietan, baimenik eskatu gabe.