amagoia mujika
IRITZIA

Kasta bereziko emakumeak

Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Behiak trenari bezala geratu da pankartari begira. Beste hizkuntza batean idatzita balego bezala. Lehen bi hitzak aldrebesak iruditu zaizkio. Planto zer den badakiela uste du, baina ez du sekula plantorik egin. Inoiz. Beti egin izan du denek espero zutena. Beti izan da zintzoa; alaba zuzena, emazte fina, ama aparta, zaintzaile maitagarria, sukaldari bikaina, etxekoandre eredugarria, garbia, apaina neurrian, apala, isila... Eta, gainera, zoriontsua. Tira, edo behintzat ingurukoei hala iruditu zaie, zoriontsua zela, bestela kexatuko zen, ezta? Baina kexatzen ere jakin egin behar da. Ezagutzen ditut sekula kexatzen ez diren emakumeak; ez minagatik, ez nekeagatik, ez hotzagatik, ez beroagatik. Sekula santan. Total, zertarako kexatu?

Plantxan ari zela azaldu zen senarraren lagun esku luze hura sukaldean. Plana omen zuten festara joateko. Isil-isilik geratu zen, plantxan. Bera auskalo noiztik ez zen ondo pasatzera inora joan. Haurrak hanketatik zintzilik zituela egunak motz geratzen zitzaizkion. Burutazio horietan zebilela, esku bat sumatu zuen ipurdian. Plantxarekin eman zion. Kontatzen du zerri hark eskuan zuen marka berak egin ziola eta geroztik ez ziola gehiago ipurdirik ukitu.

Etxeko diruak berak gobernatzen zituen. Eskasia banatzen aparta zen. Nola edo hala, beti iristen zen mahaiko platera ugariak betetzeko. Askotan esaten du gutxi zegoelako maneiatzen zuela berak dirua. Asko balego, senarrak ibiliko zuela.

Bere magalean hazitako umeak koskortu zirenean, haien arteko liskarrak baretzen ahalegin handia egin zuen. Batek hau eta besteak hura kontatzen zion, haserre. Bere erantzuna beti patxadatsua eta baketsua izaten zen. Ikasi gabeko psikologo jakintsua.

Zahartu egin da orain. Hala ere, amantala erantzi gabe ibiltzen da. Amantalik gabe biluzik sentituko balitz bezala. Dagoeneko plater bakarra, berea, jartzen du mahaian eta ez dauka umerik zintzilik hanketan. Baina zituenean baino astunago sentitzen ditu hankak. Iazko martxoaren 8an ez zuen amantala jantzi. Manifestaziora ez zen joan, gehiegitxo iruditu zitzaion. Inoiz ez da protesta horietako batera joan. Lotsagarri geratuko dela iruditzen zaio. «Zer egin behar dut nik manifestazioan?».

Beretzat ja berandu dela esaten du, egin beharreko lan guztiak zintzo-zintzo egin dituela eta zaindu beharreko guztiak zaindu dituela. Baina kontentu dago, neska gazteak zoriontsuagoak izango direlako.

Miresten ditut, feminista direla jakin gabe, feminista diren emakumeak. Kasta berezikoak dira. Asko dagoeneko joanak dira, feminismoa hitza inoiz inon irakurri gabe.