Marian Azkarate
IRUDITAN

Letxuga igokariak

Gure baserrietako baratzeekin antz handirik ez dute, baina atzetik datozen belaunaldientzat ohiko bihurtuko dira ortu bertikal hauek. Irudiok AEBetako Newark hirian –Philip Roth-ek bere nobeletako agertoki bihurtutako New Jerseyko hiri berean– dagoen AeroFarm “baratzean” atera dituzte. Munduan dagoen baratze bertikalik handiena da eta, 2004an sortu zutenetik, aitzindaria da, bertan sortutako teknologia mundu osora zabaltzen baitute. Altzairu lantegi zahar batean dago eta landatutako eremua 6.500 metro koadrokoa da, hamabi metroko altuera hartzen duten zazpi apalategi luzetan banatuta. Bertan erabiltzen duten sistemari aeroponia esaten zaio; hau da, ur zirkuitu itxi baten bitartez, sustraiak behar dituzten osagai eta oxigenoarekin elikatzen dituzte. Ikea-k eta Silicon Valley-ko hainbat enpresak dirua inbertitu dute AeroFarmen, etorkizuna bide horretatik doalako... baina «baratze bertikalek ez dute elikagai-segurtasuna bermatuko», Agritecture aholkularitza agentziako kide Henry Gordon-Smithen ustetan. Entsaladetarako barazkiak bakarrik ekoizten dituzte... eta ez dugu planeta entsalada janez soilik elikatuko, ezta?