Alaia Martin
IRITZIA

Unean-unean

Geure iruditeria nola eraikitzen dugun asmatzea ez da lan erraza, baina saia gintezke asmatzen eta zenbait gako aurkituko ditugu geure eskema sinpleen hezurdurako hezurrik garrantzitsuenak izendatzeko. Arazoaren bizkarrezurra ulertu nahi izaten dugu saihetsei begiratu gabe eta askotan, gainera, behatz txikiko hezur txikienean jarrarazten digute begirada, diagnostikoa oker egin dezagun. Filosofia ez da boladako hizketa moldea ezta hizketagaia ere, eta aukeran dozena bat egunkari izateak bakar bat ere osorik ez irakurtzeko arriskua areagotzen du. Interneten albisteak gertatu aurretik gertatzeak eta bost minutuero eguneratzeak, bestalde, ez dio mesede handirik egiten prentsaren sakontasun ahaleginari, jaiotzerako iraungi bailiteke egunkarien berritasuna eta injenioaren eta iruzkinen abangoardia distira. Pentsatzen dut komunikabideentzat ez dela erraza izango zertan inbertitu asmatzea; sakontzen edo unean-uneko eguneraketan. Bietan egitea litzateke aberatsena, noski, inguruko komunikabide gehienak ekonomikoki itota edo lupapean ez baleude. Aukeratu egin behar edo beharrak aukeratuko du.

Berehalakotasunean hezi ditugu geure ohiturak eta erneguz begiratzen diegu erantzunik jaso ez duten mezu bidali berriei, egiten ditugun galderen ondorengo isiluneei eta nahi baino astiroago funtzionatzen duten gailuei. Abiadura egokia geurea dela sinetsita, ziurrenik. Begiradaka eta burutazioka sortzen ditugu iritziak, maizegi. Badago odola kontrako norabidean birarazten didan galdera klasiko bat «eta X hori zer moduzkoa dugu?» hori esaterako. Pertsonekin ere hori egiten baitugu, aurrez entzundako pare bat ezaugarri eta parean izan dugunean –aurrez entzundakoek eraginda– helarazi dizkigun beste pare bat ezaugarri hartu eta iritzi sendo uste bat eraiki. Aldekotzat, aurkakotzat edo besterik gabe, ahazgarritzat jo.

Gure eguneroko arrautza frijitu platera erretratagarria bihurtu den garaiotan –arrautzak hozten diren bitartean–, egunean hainbatetan alda genitzake gure horma-irudiak, iritziak eta albisteen garrantzi-mailak. Geure horma-irudirik aipatuena da lehenesten duguna –sarean zein kalean– eta gehien azaltzen den albistea da garrantzitsuena. Hori ez barne galbahearekin eztabaidatzetik hasten da desoreka. Sareetan ere aukerak murritzak dira; zerbait maite duzu edo gorroto duzu edo tristura ematen dizu edo barregura edo zerbait zeuk ere berdin-berdin esango zenuke, beraz, partekatu beharra daukazu zutarrekin armonian egoteko. Erabaki hauek segundo batean hartzen dira eta idatzita geratzen dira, sarean eta zeure garunean.

Historia mugarrika ikasi genuen eskolan, maitasuna Hollywoodeko filmek laburtu ziguten –eta a ze lanak zabaltzen!–, mapamundiko herrialdeen artean sinpatikoak, ahaztuak eta etsaiak sailkatu genituen nolabait eta dekalogoak behar ditugu orain, mundua ulertzeko. Ulertzeko baino, ulertzen dugun itxura eman eta horma-irudi kameleoiko batekin ibiltzeko. Gai gehien-gehienetan, oker ez banabil. Martxoaren 8aren biharamuna ez dadila horietariko bat izan, salbazio dekalogo memorizatu bat. Sartu ditzagun eskuak geure barruko lokatzetan, sakon-sakonean eta ea zer ateratzen den. Jantz gaitezen bezperaz eta zalantzaz.