GALDER PEREZ
IRITZIA

Herensugearen garaia

Gaztelugatxera Greenpeaceren dragoi gorria ekarri aurretik, lagunartean ibiliak ginen ahotik sua botatzen. Egunerokoari begiratu eta bizi duguna aztertzeak hori ekarri ohi digu: bihotza erre osteko su okada. Duela oso gutxi arte, zonbiena izan da gaur egungo garaia kontatzeko baliatu den sinbolo garaikidea. Zonbiek gu ordezkatzen gaituzte, jendarte lokartua eta abar. Orain, ordea, badirudi dragoien garaia datorkigula. Ez gu, herria, nahi duzuena, adierazteko, erre nahi gaituena baizik; dragoiarekin Erdi Arorainoko atzerakada eta hain beharrezkoa duen indarkeria eskutik datoz.

Egia da gurean dragoia ez dela hain ezagun edo hedatua izan, beharbada. Baina horrek ez gaitu haren su eta atzaparretatik salbatuko. Gure mitologian Sugaar dago, teoria batzuetan Mari jainkosaren bikotekidea… Nik bikotekiderik ez zuela pentsatzen dut, edo milaka dituela baina, tira, hortxe margotu ziguten Sugaar. Behingoagatik emakumea gailendu gurean, baina ez guztiz; izan ere, Sugaarrek sinbolo maskulinoak ematen baitizkio Mariri, oreka, harmonia: direnak eta ez direnak sortzeko da hauen oreka, noski, ekaitza. Gainean dugunaren moduko ekaitza.

Gaur egunera bueltatuta, inguruan hegan eta mehatxu egiten diguten dragoiek ere ekaitza sortzen dute. Baina inongo Marirekin elkartu beharrik gabe. Haien artean elkartzen dira. Eta ez Mari direlako, ez pentsa gaizki, irakurle. Oraingo dragoiek ere ez baitute suge, krokodilo edo baleen formarik edo hezurrik. Oraingo dragoien sua ikusezina da, baina izugarri kiskaltzen du ukitzen duen oro. Gaurko dragoi beltzek, mesfidantzaz, altxor zahar eta ukiezinak gorde nahi dituzte. Dragoi garaikideek printzesak bahitzen jarraitu nahi dute. Printzesatzat edozein emakume harturik, jakina. Eta okerrena zera da: beste garai bateko dragoiak bakartiak zirela, kobazuloetan gordeta omen zeuden, tarteka soilik ateratzeko. Inguruan ditugun dragoiak, berriz, eguzki-argitan pozik agertzen dira; dragoi saldoan, gainera, sekula ezkutuan ibiltzeko beharrik gabe. Taldean, bai, zonbiak bezala datoz. Baina parez pare jarriz gero, zalantzarik ez dut nork irentsi nor, zonbi taldea ala dragoi taldea.

Gure eguneroko ipuinen orriak irakurrita, ezpatak altxatzeko garaia dugula dirudi. Dragoiek oraindik ere uste dute eurena dela gar eta buztanik luzeena. Bost axola zaigu guri horien buztanen tamaina. Ez gure ezpatena, berriz. Izan ere, tokatzen zaigun hau dragoien garaia baldin bada, ezpaten garaia ere bada. Zorroztu ditzagun ezpatak berandu izan aurretik. Bestela hautsez beteko zaizkigu orriok. Erdi Aroko ipuinetan bezala, egunerokoetako orriak belztuko zaizkigu, gertatzen zaiguna ezin idatzi eta irakurtzeraino. Ezpatek idatziko dituzte gorriz orri zurietako hutsuneak.