amagoia mujika
IRITZIA

«Listina»

Telefono-aurkibide bat iritsi zaigu eskuetara eta jolasean aritu gara. Gu haurrak ginenean ere aritzen ginen jolas horretan, ezagunen telefonoak aurkitzen letra txiki pila horren artean. Listina, desagertzeko arriskuan dagoen baliabidea, hain xumea eta gure jendarteaz hainbeste gauza kontatzen dituena.

Txiki-txikiak ginenean, mahaira justu samar iristen ginenean, amonak ipurdi azpian jartzen zizkigun liburukote horiek. Horixe beren funtzioa.

Koskortzean, helduek agintzen ziguten halako abizena topatu eta bere zenbakia paper batean idazteko. Eta orduan hasi ginen konturatzen mundua ez zela guk uste genuena. «Topatu Etxeberria», agintzen ziguten. Eta, liburukotean, ez zen etxeberriarik, han denak ziren «echeverria». Zergatik? Orduan hasi ginen ulertzen gu beti ez ginela izan nahi genuena. Etxeberria ginen arren, agintzen zutenek «echeverria» ginela esaten zuten. Eta, nonbait, haiek gehiago agintzen zuten listinetan.

Lagun-lagunen telefono zenbakiak buruan genituen. Hori ere bazen laguntasun seinale. Eta iruditzen zitzaigun sekula santan ez zitzaizkigula ahaztuko; betirako grabatuta zeudela gure buruan zenbaki garrantzitsu horiek. Lagun baten zenbakia telefono-aurkibidean topatu behar bazenuen, malo. Akaso ez zen hain laguna. Telefonoaren presentzia ere oso desberdina zen. Baziren etxe batera deitzeko ordu egokiak eta desegokiak.

Jolaserako bezala torturatzeko ere balio izan du listinak. Hori ere jakin genuen. Torturatzaileek teknika askotarikoak erabiltzen dituzte, torturaren profesionalak direlako. Eta torturatuei burua kolpatu izan diete telefono-aurkibidearekin behin eta berriro, burua lehertuko zitzaiela sentitu duten arte.

Bat-batean, aspaldiko partez listinarekin jolasean ari naizela, horrekin guztiarekin akordatu naiz. Zu, bitartean, lagunen telefonoak topatu nahian zabiltza. Abizenez bilatzeko aholkatu dizut. «Aitaren edo amaren abizena?», galdetu didazu. Normalean, aitarena. Hori ere ezkutatzen da orrialde horitu horien artean. Etxean gizonik bazen, gizonaren izenean agertzen zen telefono zenbakia liburukotean. Baina, normalean, emakumeak hartzen zuen telefonoa. Batzuetan etxeko gizonak telefonoa hartu eta beste aldetik galdera bat etortzen zitzaion, erabaki bat hartu beharra. Pentsa, eskolatik, udaletxetik, zerbait saldu nahi zuten tokitik... eta behin baino gehiagotan entzuna nago, «deitu geroxeago, orain emaztea ez dago etxean eta berak eramaten ditu kontu horiek». Orduan, berak eramaten baditu kontu horiek, zergatik dago listinean zure izena? Badira haurra zarela egiten dituzun galderak eta heldu bihurtu ahala iristen zaizkizun erantzunak.