JOKIN URAIN
IRITZIA

Hauteskunde

Gaur ez da hainbeste entzuten, baina duela belaunaldi bat eragin dezentea zuen hemen ere garizumak, kristautasunaren denboraldi liturgiko horrek. Aste Santuaren aurreko 40 egunei esaten zaie. Berrogei egun horien ondorengo Aste Santuak ikusgarritasun handiagoa mantentzen du, telebistan ere ematen dizkigute hainbat lekutan egiten dituzten prozesio eta zera horien hamaika irudi, giza abereak erremediorik ez duela pentsarazteko modukoak asko.

Aurten bateratsu etorri dira Garizuma eta Hauteskunde. Batean eta bestean ez dira faltako prozesioak eta irudi patetikoak. Iazko udazkeneko irudi bat datorkit gogora. Ernesto Gasco, Donostiako alkatetzara aurkezteko bere buruaren propaganda egiten, Donostia Londres bezala erosketa eta komertzio hiri bat izatea nahi zuela zioen; musikaldien hiri izatea nahi zuela Donostia, New York bezala; Parisen pareko Donostia nahi zuela, kultura kaleetan jario... eta bere argazkia agertzen zen, ez-dakit-noren Pipper txakurrari lepoan zapia ezartzen, besteren batek ez-dakit-nongo Ama Birjinari edo apostoluren bati ipiniko liokeen bezalaxe.

Berez ez daukat ezer Ama Birjinen edo apostoluen kontra; askoren sentipenetan bizi diren izaki fantasiazkoak direlakoan nago, eta beude. Txakurrak ere izaki fantasiazkoak direla pentsatzen dut batzuetan, bai behintzat txakurzale askoren konbentzimenduan dauden txakurrak. Baina hau neure fantasia izatea ere baliteke, beste edozein konbentzimendu bezala.

Londres, New York edo Paris bezalako Donostia irudikatzen tematzen den Gasco horrek ere fantasiazkoa izan behar duela ematen du, baina amesgaiztokoa egiten zait, Donostia Gipuzkoako hiriburu legez irudikatzea ahazten zaiolako besteak beste.

Hauteskunde liturgian, garizuman bezala, herritarren fedea astintzen saiatzen dira pulpituetan bizi direnak. Gascorekin batera gobernatzen dute Donostia Jaungoikoa eta Lege Zaharraren zaindariek. Zahardadean sartzen ari gara, eta gazte samarrak ginenean entzuten hasi ginen mantra errepikatu digute beste behin. Estatutua osorik betetzearen alde lan egingo dute, abenturarik gabe. Estatu espainiarreko zerupetik alde egitea ez omen da lehentasun.

Sinestunaren amnesia ahalmenean konfiantza handia dutela ez diezaiegun ukatu, bederen, Lierni, fede hori izan behar baita berrogei urtean sermoi berdinarekin egiteko hauteskunde kanpaina guztiak.