2019/04/14

Erreportajea
 
Lemoatxa, gerrak euskal odolez blaituta utzi zuen lurra

Gerrako agertokiek, batailak gertatutako tokiek, badute bihotza uzkurtzen duen zerbait. Zapaltzen ari garen lurra odolez blaitua izan zela jakiteak zirrara berezia ematen du. Berdin da gaur egun berriro baso bihurtuta dagoen, jolas-parke bat egin duten edo familiak igandeetan egun-pasa joaten diren. Badakizu gizon gazte mordo batek bertan eman zuela azken hatsa, bala batek burua jota edo airetik iritsitako bonba baten metrailak gorputza txikituta. Imajina ditzakezu beldurra, eztandak, garrasiak, negarrak. Lemoatxako pinudi eta zelaietan, sentsazio horiek denak datoz lubakietan barrena dabilenaren baitara.

Gotzon Aranburu
055_buru11

Udaberria zen, baina bai udaberri iluna 1937ko hura Euskal Herrian. Aurreko urtean faxistek Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa mendean hartuak zituzten, baina milizianoek eta gudariek gerra frontea Bizkai eta Gipuzkoa arteko mugan ezarrita geratzea lortu zuten. Izan zuen horretan zeresana estreinatu berri den “Jainkoak ez dit barkatzen” filmeko protagonistak, Lezo Urreiztietak, harexek lortu baitzuen Telesforo Monzonek Pragan erositako 6.000 fusilak Euskal Herrira iristea, itsasoz, eta ordura arte gudariek erabilitako eskopeta eskasak ordezkatzea.

Elgetako mendietan kemen izugarriz egin zien aurre Eusko Gudarosteak faxisten erasoei, baina Francok alemanen eta italiarren laguntza zeukan: hegazkinen eta artilleria astunaren aurka ezer gutxirako balio zuten fusilek. Hala, frontea hautsita, Bizkaian barrena sartu ziren faxistak, eta bonbardaketei ekin, horien artean Gernikakoari, 1937ko apirilaren 26an. Amorebieta maiatzaren erdialdera erre zuten. Ondoren, Lemoari tokatu zitzaion bonbardaketak jasatea. Gero eta gertuago zeuden faxistak Bizkaiko hiriburutik. Borrokan ari ziren bi aldeek zekiten tartean geratzen zen oztopo bakarra Lemoa inguruko mendiak zirela. Izan ere, zeruak erabat mendean zituzten arren, gerrak infanteriak irabazten ditu beti, eta erasotzaileen armadak mendi horiez jabetu beharra zeukan nahitaez, handik Burdinazko Gerrikoa izeneko defentsa sistemaren kontrako behin betiko erasoa egiteko eta Euskal Herria osoan menderatzeko falta zitzaien hirian, Bilbon, sartzeko.

Defentsa ahula. Lemoako mendietan jokatuko zen, beraz, atzerabiderik gabeko partida. Ez dira mendi altuak Ganzabal, Irabide, Lemoatxa, Ixerango edo Santa Ana. Lemoatxak 365 metroko garaiera besterik ez du, baina tontorretik inguruko errepide guztiak kontrolatzen ziren, baita Donostia-Bilbo trenbidea ere. Frankistak Ixerango leporaino iritsita zeuden eta han gotortuta, baina Lemoatxa nahi zuten, nola edo hala.

Lemoatxak ez zuen inolako defentsa sistemarik 1937ko maiatzaren hasieran. Faxisten erasoa hasi baino astebete lehenago, ANVk sortutako “Azkatasuna” ingeniari-batailoiak gotortu zuen mendia. 842 gizon aritu ziren eta 400 metro luzeko lubakia egin zuten. Sei metrailadore-zulo prestatu zituzten, eta beste hainbeste babesleku infanteriarentzat. Alanbre-hesia ere instalatu zuten. Egia esan, oso defentsa ahula eskaintzen zuen sistemak. Adibidez, metrailadore-zuloak eta soldaduentzako babeslekuak pinuz estalita zeuden, eta lurra botata gainetik; bonba txikienak ere erraz apurtzeko modukoak ziren, alegia. Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarrari esker dakigu nolakoak ziren lubakiak eta nola inguru hau guztia zelaia zen, edo pinuz landatu berria, ez oraingo moduan baso itxia.

Eusko Gudarostearen hiru brigada izendatu zituzten Lemoatxa defendatzeko: 4.a, 6.a eta 15.a, denak ere Vidal koronelaren aginduetara. Brigada hauetan altxamendu faxistaren aurka borrokatu ziren sentsibilitate guztiak zeuden ordezkatuta; hau da, anarkistak, komunistak, abertzaleak, errepublikanoak eta sozialistak. Beste batzuen artean, Malatesta, Martiartu, UHP, Simon Bolivar, Rosa Luxemburgo, Baracaldo-Martinez de Aragón, Amuategi, Rebelión de la Sal, Fulgencio Mateos, Pablo Iglesias, Rusia, Sukarrieta, Saseta, Irrintzi eta Dragones batailoiak aritu ziren Lemoatxako batailan, baita Asturiasetik laguntzera etorritako Brigadas Expedicionarias Asturianas, Víctor, Taboada eta Máximo Gorki batailoiak ere.

Francoren aginduetara altxatutakoen artean Batallón de Montaña Arapiles (Espainiako Armada erregularrekoa), falangistak, eta hiru errekete tertzio: Nuestra Señora del Camino (nafarrez osatua), Oriamendi eta San Ignacio, azken bi hauek gipuzkoarrez osatuak.

Bi zerrenden luzerak ez gaitu nahastu behar. Eusko Gudarosteko gizonak prestaketa militarrik gabekoak ziren eta armamentu eskasa zuten oso. Buruzagi bakan batzuk baino ez ziren militar profesionalak. Altxatuak, ordea, edo soldaduak ziren, prestaketa militarra zutenak beraz, edo joandako hilabeteetan prestaketa paramilitarra jasotako erreketeak. Artilleria indartsua zeukaten eta, batez ere, lehen aipatu dugun hegazkineria alemanaren eta italiarraren babesa.

Maiatzaren 22an, 23an, 24an, 25ean, 26an eta 28an bonbardaketak jasan zituen Lemoak. 26koan Domingo Etxebarria eta Francisca Bizkarnuega hil ziren, metrailak jota, baratzean lanean ari zirela. Zortzi seme-alaba geratu ziren umezurtz. Ehunka lemoaztarrek alde egin zuten herritik egun horietan. Eusko Gudarostean ere baja ugari eragin zituzten bonbek, Lemoatxako defentsak hondatzeaz gain. Gainera, Zornotzan izandako borrokaldietan gizon ugari galduta iritsi ziren euskal batailoi asko Lemoatxara. Esate baterako, Martiartuk bost kidetik bat besterik ez zuen. Faxistak Euban, Leunganan eta Ixerangon zeuden jada. Lemoatxako bataila hastear zegoen.

Eraso bortitza zeru urdinetik. 1937ko maiatzaren 29an zerua erabat urdin zegoen; okerrago ezin Lemoatxako defendatzaileentzat, sobera zekiten-eta horixe zela hegazkinek erasorako behar zuten eguraldia. Bai asmatu ere. Goizeko zortzietan hasi zen frankisten erasoa, airetik abioekin eta lurretik kanoiekin. Altxatuek Gasteizen eta Burgosen zeukaten hegazkineria guztia erabili zuten lehenengo egun honetan, horien artean, Kondor Legioa (alemana, Gernika suntsitzetik zetorrena) eta Aviazione Legionaria italiarra. Logroñotik eta Soriatik ere bidali zituzten hegazkinak Lemoatxa birrintzera. Italiarrek 56 hegazkin jarri zituzten airean, eta alemanek eskura zeuzkaten Junker Ju 52 eta Junker Ju 86 bonbaketari guztiak, baita Heinkel eta Messerschmitt ehiza-hegazkinak ere.

Emaitza beldurgarria izan zen. Eusko Gudarosteko gizon asko lubakietan hilda eta gainera eroritako lurrak estalita geratu ziren, eta Malatesta eta Martiartu batailoiek atzera egin behar izan zuten. Lemoatxako tontorrean Simon Bolivar batailoiko gudariek eutsi egin zioten aireko erasoari, nahiz eta zigor handia hartu. “Nafarroako 2. Brigada”-ko gizonek erasoari ekin zioten orduan lurrez, gudarien “Gora Euskadi askatuta!” oihuari “¡Viva España!”-rekin erantzunez, eta gorputzez gorputzeko borroka latzaren ondoren tontorreko defendatzaileek atzera egin behar izan zuten, berrehun bat metro. Arratseko zortzi eta erdiak ziren eta Lemoatxa faxisten eskuetan zegoen. «Tras eficaz preparación artillera y aérea, nuestra insuperable infantería tomó ayer las peñas de Lemona» esango zuen biharamuneko “Diario Vasco” egunkariak.

Lemoatxaren garrantziaren jakitun, Jose Antonio Agirre lehendakaria Galdakaora etorrita zegoen, operazio militarrak hurbiletik jarraitzeko. Mendia frankistek hartu zutela jakin zuenean larritu egin zen, eta arren eta arren eskatu zion Patxo Gorritxo komandanteari tontorra berreskuratzen saiatu zedila, etsaiak bertan gotortu aurretik. Asturiarren laguntza agindu zion horretarako. Goizeko lauretan ekin zioten erasoari Simon Bolivar batailoiko gudariek, granadak jaurtiz eta tiroka. Berehala ziren lubakietan, gorputzez gorputzeko borrokan. Hilario Ezkiaga kapitaina nabarmendu omen zen, lekukoek esandakoaren arabera «ukabilkadak barra-barra» eman omen zituen eta. Etsaiei alde eginarazi eta tontorra berreskuratu zuten, baina ez luzerako: faxistek ustekabeko erasotik suspertu eta kontraerasoari ekin zioten, baita tontorra berriro berreskuratu ere.

Bigarren saiakera arratsaldeko zazpi eta erdietan egin zuen Eusko Gudarosteak, asturiarrek ekarritako kanoiak ere erabilita, baina ehiza-hegazkinak metrailatu zituen gudariak eta milizianoak eta saiakera hori ere porrotean bukatu zen. Maiatzaren 31n berriro jo zuen erasora Eusko Gudarosteak, goizeko ordu txikietan, eta Simon Bolivar batailoiak lortu zuen 365 kota konkistatzea, baina 368 kotara iritsi behar zuten asturiarrek ez zuten helburua lortu, eta egunsentia bazetorrela –eta honekin hegazkineria faxista– ikusita denek atzera egin zuten berriro.

Eguna joan eta eguna etorri, erasoak eta kontraerasoak etengabeak izan ziren Lemoatxan, egunez eta gauez, baina frankistek eutsi egiten zioten tontorrean. Hildakoen kopurua gora zihoan bi aldeetan. Horietako bat, Simon Bolivar batailoiko Pedro Etxabe kapitaina, zeinak bularra irekita, bihotza agerian eta minaren muga gaindituta, jada ez zuela sufritzen esan zien kideei, baina bazekiela bazihoala beste mundura. Zigarreta bat eskatu zien eta hura ezpainetan zuela hil zen Etxabe.

Gudarostearen azken garaipena. Ekainaren 3an lortuko zuen Eusko Gudarosteak 1936ko gerrako azken garaipena, Lemoatxa konkistatuta. Aurreko erasoak gaizki antolatuak izan zirela ohartuta, Jaime Urkijok, Andoni Pardok eta Joxe Ibarrolak ondo pentsaturiko plana diseinatu zuten ofentsiba berrirako, eta behar zituzten gizon eta arma guztiak eskatu zizkioten Vidal koronelari.

Honek eskakizun guztiei baietz erantzun zien; Sestaoko Navalen eraikitzen ari ziren tanketak Lemoatxara ekartzea ere onartu zuen. Ez ziren nonbait punta- puntako tankeak, idiek arrastaka igo behar izan baitzituzten mendiko estradetan gora…

Goizeko zortzietan ekin zioten Eusko Gudarosteak eta asturiarrek Lemoatxan gotortuta zeuden frankisten aurkako bonbardaketari, kanoiak eta morteroak erabiliz. Bitartean, Rebelion de la Sal batailoiko kapilau zen Victoriano Gondrak bedeinkapena eta jaunartzea eskaintzen zien erasora jo behar zutenei; batzuk onartzen zuten, beste batzuek txantxak egiten zizkioten apaizari. Bonbardaketa bukatuta, infanteriak aldapan gora egin zuen, etengabe tiro eginez eta granadak jaurtiz. Tanketek ere su egin zuten. Ordubete eskasean, 6. Brigadako gudari eta milizianoek mendean hartu zuten etsaia eta Lemoatxako gailurraz jabetu ziren.

Poz oihuekin eta banderak astinduz ospatu zuen irrikaz bilatutako garaipena, Eusko Gudarosteak 1936ko gerran ezagutuko zuen azkena.

Erreketeen “San Ignacio” tertzioa birrinduta geratu zen lubakietan. Ihes egitea lortu zutenei berriro kontraerasoa egiteko agindu zieten nagusiek, baina alferrikakoak izan ziren burututako bi saioak. Hildakoak biltzen eman zuten eguna gudariek. Dagoeneko usteltzen hasita zeuden 60 gorputz han bertan lurperatu zituzten. Hilobi horiek izango ziren 75 urte geroago Aranzadi Zientzia Elkarteak irekiko zituenak, Eusko Jaurlaritzaren eta Lemoako Udalaren ekimenez.

Gudariek Lemoatxa eskuratzearekin batera, frankistek kontraerasoari ekin zioten amorru biziz, airez eta lurrez. Lurrez zetozenei ondo egin zieten aurre gudariek, baina berriro ere hegazkineria faxista erabakigarria izan zen, eta Heinkel, Savoia, Fiat, Aero… hegazkinen bonbardaketa etengabeak ezin izan zituzten luzaroan jasan defendatzaileek. Horien artean heroirik ere izan zen, hala nola Jose Maria Garcia Cepedal asturiarra, zeinak bakar-bakarrik babestu zuen burkideen atzera-egitea, tiro batek bizia kendu zion arte. “2ª Brigada de Navarra”-ren egunerokoak honako hau dio egun hartaz: «El enemigo fue duramente castigado, dejando en la posición más de cien muertos». Hala, ekainaren 5ean frankistek berreskuratu egin zuten, behin betirako, Lemoatxa. Handik gutxira irabazleek altxatu zuten gurutze erraldoian ezarritako plakak honela zioen: «A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta peña. 5 junio 1937». Gurutzeak zutik jarraitzen du egun, baina plaka aspaldi desagerrarazi zuten.

Liburu bat, bataila dokumentatuz. Aranzadi Zientzia Elkarteak Lemoatxan hildako gudari, miliziano eta frankisten zerrenda bat osatu du eta “Lemoatx 1937. Eusko Gudarostearen azken garaipena” liburuan argitaratu. Bai alde batekoak eta bai bestekoak, euskaldunak dira zerrendako hildako ia guztiak. Antifaxisten artean, gehienak bizkaitarrak eta Deba bailarako gipuzkoarrak ziren, gehi asturiar zenbait. Frankisten artean, hildako asko gipuzkoarrak izan ziren, horietako gehienak Urola bailarakoak, San Ignacio eta Oriamendi tertzioetan izena emandako erreketeak. Hegazkin pilotu bat ere badago frankisten zerrendan, eta Espainiako noble bat ere bai, Francisco de Borja Arteaga Falguera, Infantadoko dukeen semea. Honen ama Isabel Falguera dukesak ordainduta ipini ziren 1957an Lemoatxako errepidean barrena oraindik ere aurkituko ditugun hormigoizko gurutzeak, semearen oroimenezko via crucisa ezarri nahi izan zuen-eta dukesak, 25.000 pezeta ordainduta. Eskerrak eman zizkion orduko Lemoako alkateak: «Dios guarde a usted muchos años y a España siempre» dio udaleko artxiboan gordetako gutunak.

Lemoatxan hildakoen artean faxisten armadako hainbeste gipuzkoar zergatik zeuden galderari erantzunez, “1936, Gerra Zibila Euskal Herrian” liburuak hau dio: «…adierazten zuen matxinatuen buruzagiek gerragintzaren antolaketarako zerabilten ikuspegia. Gipuzkoako kanpainan gudaroste faxistaren kanoi sarraski-gaiak nafarrak izan ziren moduan, Bizkaikoan gazte gipuzkoarrei zegokien betekizun berbera». Gudariak eta milizianoak ere jabetzen ziren egoera horretaz, ekainaren 4ko “Diario Unión” egunkariak argitaratutako artikulu batek adierazten duen moduan. Bezperan hila zen Burgosen, hegazkin istripuz, Emilio Mola jeneral frankista odolzalea, 1936ko uztailaren 19an hitzez hitz agiri batean honakoa adierazi zuena: «Es necesario crear una atmósfera de terror, hay que dejar sensación de dominio, eliminando sin escrúpulos ni vacilación a todo el que no piense como nosotros. Todo aquel que sea abierta o secretamente defensor del Frente Popular debe ser fusilado». Esan soilik ez, egin ere horixe egin zuen, aurre egiten zion oro sarraskitu, alegia.

Bada, aipatu egunkarian “El Sargento Pérez” izenez sinatutako kronikak honela zioen biharamunean: «Muerte del monstruo. No creemos que esté mal decir que el regocijo se expresaba en todos los rostros. “Un canalla menos” decían con alborozo los mismos que nos comunican otras veces con pesar el número de bajas hechas al adversario. Y es que las bajas hechas en las filas de enfrente son hombres compelidos a luchar contra nosotros, mientras que con Mola se ha carbonizado un animal feroz, motor de las más siniestras atrocidades».

Gerra bukatutakoan, Lemoatxan hildako frankistek omenaldi bat bestearen atzetik jaso zuten. Urtero meza egiten zen tontorrean eta gurutze bat altxatu zen (hau gerra bukatu aurretik, 1938ko ekainean). Ondoren, multzo monumentala eraikitzeko dirua eskatu –exijitu– zitzaien Bizkaiko herriei, mila gorpu sartzeko adinako kripta bat izango zuena, «han borrokan hil zirenak kristau moduan lurperatu ahal izateko, fosa komunetan baitaude». 1958an inauguratu zuten monumentua, zeremonia handiz. Azken urteotan asko hondatu da hormigoizko gurutzea eta baseliza eta gaur egun oso utzita dago multzoa. Ez dago eskulturarik, ez aldarerik, eta burdinazko ateak puskatuta daude. Latinezko izkribu baten hitz solte batzuk baino ez dira geratzen sabaian. Gerraostean txatarreroak izan ziren jaun eta jabe Lemoatxan, beste hainbat gudu-zelaietan bezalaxe. Metalezko zati guztiak eraman zituzten eta poliki-poliki natura mendiko zauriak sendatzen joan zen. Lubakiak, eztandek sortutako kraterrak… lurrez eta laharrez estaltzen joan ziren urteak pasa ahala. 2012an Lemoako Udalak, Saioa Elejabarrieta alkatearen ekimenez, herrian memoria historikoa lantzeko ekimenak bultzatzen hasi zen, eta 2013an lehenengo nazioarteko gazte auzolandegia egin zen Lemoatxan eta hurbil dagoen Ganzabalen. Baseliza txukuntzen aritu ziren eta mendian barrena lubakien arrastoak bilatzen. Kaperako hilobia hutsik zegoela egiaztatu zuten.

Bost urteren ondoren, gazte auzolandegien, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta hainbat boluntarioen lanari esker, 344 metro lubaki berreskuratu dira, baita dozenaka objektu ere, balak, esku-granadak, fusilak, baionetak, kaskoak, arropak, oinetakoak, txapelak, botilak, bolalumak, txanponak, orraziak, bizarra egiteko tresnak… Objektu hauek zaharberritu eta ikertu dituzten adituei esker, bataila haren xehetasun asko dakizkigu gaur egun. Lan topografiko itzela ere osatu da, baita artxiboetakoa ere. Ez hori bakarrik. Hainbat hobi aurkitu eta ireki dituzte Aranzadiko adituek, Lourdes Herrastik eta Francisco Etxeberriak, esate baterako. Pardomendin, Luminabason, Ganzabalen, San Antolinen… topatu dira hobiak. Horietako batean, eskeletoarekin batera identifikazio plaka bat azaldu zen, 72.865 zenbakiduna. Horri esker, eta Bilboko Euskadiko Agiritegi Nazionalean gordeta dauden nominak kontsultatuta, jakin ahal izan da hildako soldadua Barakaldoko sozialista gazte bat zela, Hilario Blanco Reguero. Hilario, Pedro, Jose Maria eta beste borrokalari antifaxista guztiak izango zituen gogoan Arkaitz Estiballesek, Lemoatxan ipinitako metalezko plaka batean irakur daitekeen bertsoa idatzi zuenean, 2017an:

«Lemoatx, lur gorri, zeru baltz,

lubaki, hobi, gorpu baratz,

Lemoatx, zauri zolduan gatz,

estalitako egien lorratz,

zuen amets eta azken hats,

askatasunaren bidean gure urrats!».