2019/05/05

Alaia Martin
Amak
Gerora konturatu naiz perfilak beti direla bi eta aldeak beste bi, beraz urrutiko intxHaurrak izan zitzakeela lau. Ondorioztatu dut, nonbait kabitu ezean, beste leku bat eraiki behar dela nonbait horretan.(Nik ere asko eta, batez ere, ahalik eta ongien eta zabalen maite dut nire ama).

Amaren eguna da gaur amaberrientzat, ama amonduentzat, ama birramonduentzat, haurrik nahi ez zuten amentzat, haurra nahi eta haurdun geratzen ez direnentzat, hainbeste haur nahi ez zituzten amentzat, haurra galdu zuten amentzat, oraintxe euren haurraren biran bizi direnentzat, lo gutxi egiten dutenentzat, amatasunak ametsak kendu dizkiela pentsatzen dutenentzat, ama izan nahi zutela umetatik argi zutenentzat, haurdun geratu eta amatasuna ezagutzeko erabakia hartu zutenentzat, espetxean bizi direnentzat, haurdunaldia ezin ederragoa iruditzen ari zaienentzat, burua komun zuloan sartu eta botaka egin ahala oihu egin nahi dutenentzat, sabela puztu ahala ziurtasunak hustu zaizkienentzat, etxean haur bat hartu berri dutenentzat eta haurrik nahi duten ez dakitenentzat. Amaren eguna omen da gaur eta amaren eguna existitzeak berak ama izateko modu erraldoi, nagusi eta bakar bat irudikatzeko joera areagotzen du. “Adierazpen askatasunaren”, “Bizipozaren” “Giza eskubideen”... eguna existitzen den bezala “Amaren eguna” existitzeak amari marrazki bat atxikitzen dio. Karikatura bat.

Ama asko, erditu ez, euren burua biderkatu nahian ibiltzen dira. Ama ona zer den dekalogo argirik ez dugu topatuko anbulategietako hormetan baina aski izango da kalean edo anbulategiko itxarongelan itzulitxo bat egitea hamar aholku/aginduak barneratzeko ikastaro trinkoa egin ahal izateko. Ez naiz ama eta nerabetatik iruditu zait nahiko lantegi zaila. Curriculuma perfil horretakoa ez banu bezala. Gerora konturatu naiz perfilak beti direla bi eta aldeak beste bi, beraz urrutiko intxHaurrak izan zitzakeela lau. Ondorioztatu dut, nonbait kabitu ezean, beste leku bat eraiki behar dela nonbait horretan. Beti iruditu zait nahiko lantegi zaila amatasunarena, batez ere, pertsonatasunarekin batera gidatu beharreko gurdi zoro baten moduan ikusi izan dudalako. Inguruko ama askori ere sumatu diet guztia izateko presio hori. Koherente, interesgarri, erakargarri, enpatiko, montessoritar, zoriontsu, abegikor… izan behar hori, eta gero, horietako zerbait ez izateagatik errudun sentitzean, errudun sentitzeagatik errudun sentitzen zirela sumatu dut. Haurrarekin egun osoa pasatzeagatik errudun eta haurrik gabe ordu batzuk pasatzeagatik errudun. Sumatu ditut bularra gustuz ematen eta ingurukoen «oraindik bularra ematen diozu?»ak erantzuten, sumatu ditut eman beharraren eta eman nahiaren arteko zalantzan titiburuak zaurituta bularra erdi negarrez ematen, sumatu ditut haurraren ordutegiari baino inguruko begiraden ordularian neurtzen gauaren belztasuna… Utz diezaiegun amei diren amak izaten eta ama ez direnei ez izaten. Tribu izan, izatekotan; gainbegirale huts izatekotan, gutxienez, isiltasunean izan.

Ama ez da bat eta bakarra. Amaren maitasunak ez du zertan inkondizionala izan. Ez du izan behar. Baldintzarik gabeko maitasuna baldintzapeko maitasuna baita. Eta maitasuna, izatekotan, baldintza duinekin da maitasuna. Norberaren ama izateaz ahaztu gabe.