2019/05/05

JOKIN URAIN
Tiroak
Haien adierazpenak entzun edo irakurriz, ematen du Cabacas bere kabuz-edo hil zela, edo tresnaren batek hil zuela, baina ez poliziak. Orain, zazpi urte geroago, Bilbon izandako gorabeheretan berriz tiro egin dute ertzainek. Eta ez da ertzainaren arazoa edo errua matrailezurra hautsi izana, tiroa geratzeko asmoz eta maltzurkeriaz burua makurtu zuen gaztearena baizik.

Gauzak nolakoak diren! Cabacas hil zutenetik igaro diren zazpi urteotan, eta auzi horren epaiketa egiten zuten bitartean batik bat, Ertzaintzaren edo ertzainen eta Barne Sailaren kezkarik handiena izan da heriotza horren arduradunik, are gutxiago errudunik, inork ez zezala aurkitu euren artean. Eta haien adierazpenak entzun edo irakurriz, ematen du Cabacas bere kabuz-edo hil zela, edo tresnaren batek hil zuela, baina ez poliziak.

Orain, zazpi urte geroago, apirilaren 15ean, hauteskunde lehiaren harian Bilbon izandako gorabeheretan berriz tiro egin dute ertzainek, eta tiroetako batekin hemeretzi urteko gazteari matrailezurra puskatu diote, burua puskatu ahal zioten moduan.

Denboran gehiegi luzatu gabe atera da pantailara Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea, ertzainen arduraren bat izan behar duen jauna alegia, eta gauzak nola izan ziren esplikatu du: Ertzaintzak indarra erabili beharra izan zuen, indarkeria handia egon zelako. Ertzaintza horretara behartu egin zutela, alegia, gazte demonio horiek.

Tiroak egin izana onartu du, bada, sailburuordeak. Baina tiroak ez direla burura egiten gehitu du. Kontua zera ei da, mugimendu egoeretan, zarata eta tiroak entzutean, makurtu egiten omen da jendea, eta dirudienez makurtu egin zen neska gaztea ere, eta nonbait horregatik jo zuen tiroak matrailean, eta hezurra hautsi. Ez da, beraz, ertzainaren arazoa edo errua matrailezurra hautsi izana, tiroa geratzeko asmoz eta maltzurkeriaz burua makurtu zuen gaztearena baizik.

Memorian arakatzen hasten bazara ikusiko duzu behin eta berriz errepikatzen den bertsio zahar berritua dela, munduko edozein lekutako poliziek eta agintariek dutela larderia gainezka darion jarrera hori. Fantasia makabroaren sailean sar liteke dena literatura balitz. Gezurra egia balitz bezala esateko eta kaka esplikatzeko jende agintedun horrek duen gaitasunak askotan txunditu izan nau lehen ere.

Oraingoan ere ez dira gai izan egindakoaren ardura hartzeko, Cabacasenean izan ez ziren moduan, inoiz izan ez diren moduan. Baina zertan dabiltza, beren egitateak onartzeko gai ez diren hauek, beti besteei eskatzen eragindako minaren onarpena?

Gauzak nolakoak diren, Julen; eragiten diguten kaltearen errudun eta arduradun ere geu garela sinetsarazi nahi digute, baina dena ez sinesten eta dena gordinik ez irensten aspaldi ikasi genuen.