2019/05/19

Erreportajea
pagadien edertasuna ehizatzen
Baso sorgindua

Ez du axolarik zein urte sasoitan gauden, pagoek urtaro bakoitzean xarma berezia daukatelako. Hezetasunaren eta behe lainoaren maitale, eremu zabalak estal ditzakete edo bakanduz agertu, baina beti gure paisaiari zertzelada bereziak ematen dizkioten kolore anitzeko oihan zoragarriak osatzen dituzte.

Miren Orbegozo
060_hayedo0

Benetan leku esanguratsua betetzen du pagadiak bai gure paisaian eta bai gure imajinarioan. Bertako klima ondo datorkielako izango da agian, iparraldera begira dauden paraje menditsuetan kokatzen baitira, haize ufadei eta euri erauntsiei entzungor, lanbroaren etorrera beti artegagarriaren aurrean ezaxola. Baliteke pagoaren enbor azalak sendagaiak dituela uste delako izatea, edo baliteke pertsonaia mitologikoak ahotan hartzen dituzten istorio horiengatik izatea, esaterako, Basajauni buruz zera dioena, artalde zein artzainak zaintzen zituela, baina ikusezin bihurtu nahi bazuen inork ez ziezaion enbarazu egin, bere beso luzeak zabaltzen zituela, pagadiarekin berdintzeraino.

Halako aipamenak eginda, badirudi betidanik izan ditugula gure artean, baina pagoak duela 4.000 urte inguru iritsi ziren Kaukaso ingurutik Euskal Herrira, eta bertan goxo egin zuten.

Fagus sylvatica izen zientifikoaren atzean zuhaitz tantai bat dago, luzea (30 eta 45 metro artean), hotzari aurre egiteko gauza dena baina beroa jasangaitza egiten zaiona, hezetasuna eta lur freskoak behar dituelako. 300 urteko bizialdia izatera irits daiteke.

30 urtetik gora darama Jose Antonio Martinez fotokazetari nafarrak baso kaduzifolioei, alegia, udazkenean hostoak galdu eta udaberrian berriro janzten dituztenei, darien lilura harrapatzeko langintzan, eta milaka eta milaka pagoren argazkiak egin ditu. Gertukoak ditu eta ezin hobeto ezagutzen ditu, izan ere, kontuan hartu behar da Nafarroan pagadia dela zuhaizti ugariena, lurraldearen azaleraren %11,3 bete eta 115.605 hektareatan hedatzen baita.

Han-hemenka harrapatutako aleez osatutako katalogo “turistiko” bat egitearekin zerikusirik ez du, ordea, Martinezen lanak, bilduma erraldoi batean edertasunaren bilaketan fokuratu baitu bere asmoa. Eta irudi sorta hau hautatu du 7Krako, guk ere begirada pausa dezagun ipuin miragarri batekoak diruditen paraje horien liluran. Jopuntuan jarri ditu giro lanbrotsuak, jatorrizko mundu zaharrak irudikatzera garamatzaten paraje misteriotsuak, zuhaitz urtetsuak beren enbor, adar eta harrixka goroldio eta likenez josiekin; eta horiekin batera, urtaroaren arabera soinekoz aldatzeko zuhaitz erraldoi horiek daukaten “jantzitegi oparoa” ere ekarri digu orriotara.

Izan ere, ikusgarriak dira pagadiak, ikuskizun hutsa, kolore okre, gorrixka, horixka, laranja, berde, marroiak soineratzeko aukera ematen dien sorta zabal horri esker... Txundigarria da edozein urte sasoitan aniztasun kromatiko hori, «hasi udazkeneko okreekin, segi udaberrian hostoak azaleratzean agertzen den berde esmeralda hain eder horrekin, udan ere eutsiko diona nahiz eta ilunxeagoa, apalxeagoa, izan. Eta gero, hostoak erortzeko garaia iritsiko da atzera ere, eta adar biluziak nabarmenduko dira lanbro artean, neguan elurraren zuritasunak ia den-dena irentsi aurretik. Pinudia, adibidez, gauza homogeneoagoa da, pasaiaren ezaugarriak urte osoan berdintsuak dira; baliteke elurrak zuritzea edo ez, baina hor ez dira agertzen pagadiak urtaro batetik bestera izaten dituen aldaketa horiek», azaldu digu Martinezek.

Zaindu beharreko ondarea. Koloreak ez ezik, pago motak ere aldatu egiten dira kokapen geografikoaren arabera; izan ere, sail desberdinak eratzen dira, eta Nafarroako bailarak segida horren erakusle ezin hobeak dira. Horietako batzuk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu dituzte, hala nola Lizardoiako eta Aztaparretako pagadi-izeidiak. Hain zuzen ere, Unescoren batzordeak 2017ko uztailaren 7an, sanferminetako zurrunbilo zoroan, iragarri zuen Krakoviatik (Polonia) bere monumentu zerrenda entzutetsuan sartzera zihoala Karpatoetako eta Europako beste eskualde batzuetako jatorrizko pagadiak. Horien artean zeuden Iratiko oihaneko harribitxi hauek, eta hala, handitu egin da munduko ondarearen zerrendan euskal ordezkaritza, lehendik jada multzo horretan zeuden Zubi Esekiarekin eta Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko kobekin batera, Nafarroako pagadi hauek ere izendatuta.

Iratiko oihaneko pago eta izeien arteko ezkontza hau Pirinioetan ondoen zaindutako pagadi-izeiditzat hartzen dute, eta Europako onenetakotzat. Hori dela-eta eratu ziren Lizardoiako eta Aztaparretako erreserba integralak, hurrenez hurren, Otsagabiko eta Izabako udal mugarteetan. Bietan ala bietan gordetzen da jatorrizko izaera basaren purutasuna, baso ustiaketa zuzenik jasan ez duten guneak direlako edo behinik behin gizakiaren esku-hartzea nahiko mugatua izan dutelako, funtsean aldaketarik izan ez duten basoen ezaugarri ekologiko eta egiturazko bereizgarriak agertzeko beste. Hain ekosistema konplexua eta hain balio biologiko handikoa kontserbatzeko modu bakarra da babes maila hori ezartzea.

Hori ondotxo daki Rosalia alpinak, eta ez gara ari plaga batez, Europako araudiek babestuko intsektuaz baizik (Habitaten zuzentaraua). Adartxo luzeko zeranbizido hauek izugarri gogoko dituzte zuhaitz zaharrak; emeak pago ihartu edo hiletan jartzen ditu arrautzak, larbak haren egurraz elikatzen dira, eta handik bizpahiru urtera kakalardo zoragarri bihurtuta azaleratuko dira.

Bestalde, Aralar, Urbasa eta Andiako mendilerroetan hedapen zabaleko pagadiak nagusitzen dira, haritzari norgehiagoka irabazita. Kantauriko itsasertzaren eremuan nabarmentzeko moduko beste pagadi bat Altubekoa da (Araba), Gorbeiako natura parkean. Eta Bizkaian, Gorbeiaren mendi hegaletan bertan, Otzarretako pagadia dago. Horixe da bisitatuenetako bat, agian pagoen adarrak zabaletara hazi beharrean gorantz egiten dutelako, bertikalean, ikazkinek egiten zituzten inausketen ondorioz, iraganaren lekuko.

Arriskuan al daude? Pago egurra gogorra, iraunkorra eta lantzeko erraza da. Ezaugarri horiekin, oso estimatua da hainbat erabileretarako: altzariak, lurzoruak eta itsasontziak ere egiten dira harekin; egur-ikatza eginda, etxe eta baserrietako sukaldeak elikatu zituen, baita Bizkaiko burdinoletako labeak ere, duela mende erdi eskasera arte. Ikazkinen jarduera mardul horrekin –eta tartean beste faktore batzuk ere gehituta, esaterako, lursailak artzaintzarako lehenetsi izana–, zuhaiztiak urrituz joan ziren. Gerora, nolabait pausoak eman dira gizakien beharren eta naturaren arteko oreka hori hobetzeko.

Halere, pagadiak arriskuan ote daude? «Normalean, Nafarroan egindako kudeaketa oso ona izan da. Betidanik ustiatu izan dira baso batzuk, baina horretarako, txandak egiten ziren: moztu bai, baina gero hazten utzi. Egin beharrekoak ondo eginez gero, ez dago zertan arazorik egon. Beste auzi bat da zer gerta daitekeen urte batzuk barru klima aldaketaren ondorioz. Pagadia ez baita baso mediterraneo bat, atlantikoa baizik, eta inguruan hezetasuna behar du, giro ospel samarra. Tenperaturak gorantz egiten badu, pagoak ere igo egin beharko dira leku altuagoetara edo Europako iparralderantz», ondorioztatu du argazkilari tuterarrak.