Marian Azkarate
IRUDITAN

Lurraren berotzeak urtu duen gatza

“Berotze globala, Vietnameko padura gazien langileen etsaia”. Erreportajearen tituluak gure arreta erakarri du, batez ere egun hauetan, azken txosten kezkagarriei esker, klima aldaketaren egoeraren larritasunak alarma guztiak jo dituelako. Larrialdi egoeran gaude bete-betean, onar dezagun, eta hona adibide bat; “The Guardian” egunkari ingelesak estilo liburuan aldaketa batzuk sartu berri ditu. Aurrerantzean ez dute «berotze globala» edo «klima aldaketa» erabiliko, baizik eta «klima krisia» edo «klima larrialdia». Katharine Viner erredaktoreburuaren esanetan, «berotze globala, esaterako, kontzeptu pasiboegia eta samurregia da, zientzialarien esanetan egoera honek gizateriarentzat hondamendia dakarrenean».

Vietnameko Hon Khoiko biztanleei –Ho Chi Minh edo Saigon zaharretik 350 kilometrora dagoen kostaldeko herria– katastrofikoa suertatzen ari zaie dagoeneko. Belaunaldiz belaunaldi, argitu bezain laster langilez betetzen ziren padura hauek gatzaren uzta jasotzeko. Lan gogorra; diru sarrerak, gorabeheratsuak, are gehiago klima aldaketak euriaren zikloan eragin zuzena duenean. Gatza urtarriletik ekainera jasotzen da, garai lehorretan, baina gero eta euri gehiago egiten badu? «Lehen bizitzeko ateratzen genuen, orain ez. Ez da batere dibertigarria, eguzkiak gogor jotzen duenean lan egiten dugulako eta urtaro hotzetan, ordea, ez», Nguyen Thanh Lai (60 urte) gatzgilearen esanetan.