2019/06/09

amagoia mujika
Komunitatea
Orain, «Egin»-en zorrari aurre egiteko garaia iritsi denean, komunitateak erantzun egin du, eta nola erantzun. Sekulako komunitatea dago hor, leihoaren beste aldean. Kolektiboa modan ez dagoen garaian, bultzada kolektiboak bizkortu dio taupada GARAri.

Laster esan ahal izango dut kasik bizitza erdia daramadala kazetaritzan. Eta ia hasieratik etxe honetan. Hasi berria nintzela jakin genuen “Egin”-en zorra GARAren bizkarrean lotu zutela eta horrelaxe egin dugu bidea, motxila horren pisuarekin bizkarra minberatuta.

Askotan sentitu naiz pribilegiatua. Jendarteko alor askotan lehen lerroan dabilen jendearengandik hurre egoteko aukera izan dudalako, jakintza lehen eskutik jasotzeko zortea. Eta egunero-egunero jarraitzen dut ikasten. Mundua inoiz ez da dirudien bezalakoa eta gure inguruan bada begirada zorrotza egunero entrenatzen duen jendea, iritzi kritikoari punta ateratzen diona, begiratua une oro berritu eta zalantzan jartzen duena. Jende horrekin ikasteko aukera izatea pribilegioa da, buruan eta begietan helburu potolo bat duelako: guztiontzat hobea den mundua eraikitzea.

Bestetik, gure lanbide hau leihoa irekita egiten dugu, besteen bistara. Eta, noski, irakurleak gustatzen zaizkionak eta gustatzen ez zaizkionak topatzen ditu gure jardunean. Hori ere presente izaten dugu eta hori digeritzen saiatzen gara bai egun batean eta bai hurrengoan. Hala ere, trago txarrak digeritzen ez da inoiz ikasten.

Baina hitz gozoak gailentzen zaizkit leiho honetan. Nire lagun batek, inoiz eliza kontuak modu kritikoan aipatzen baditut, auzoko apaizari irakurrarazten dio nire zutabe hau bere tabernara kafesnea hartzera gerturatzen denean. Bai, Twitterren bezala, birtxiokatu egiten du zutabea, baina hantxe bertan, paperezko alea apaizari mahai gainean jarrita. Adinez nire amona izan daitekeen begirada zabaleko eta jakintza handiko emakumea da. Eta gure irakurlea da.

Adibide txiki bat baino ez da. Badira beste kasu asko etengabe gogorarazten digutenak hor, leihoaren beste aldean, komunitate izugarri bat dagoela. Orain, “Egin”-en zorrari aurre egiteko garaia iritsi denean, komunitateak erantzun egin du, eta nola erantzun gainera. Poza eta ardura nahasten dira horrelakoetan. Ez dakit kazetaritza proiektu bizi honek merezi duen komunitatea ote duen. Hala dela pentsatu nahi dut, nahiz eta beti dugun zer hobetua eta nora iritsia. Norbere konplazentzia ez da sanoa, beti zer hobetua izatea motor aparta da. Baina badakit sekulako komunitatea dagoela hor, leihoaren beste aldean. Kolektiboa modan ez dagoen garaian, bultzada kolektiboak bizkortu dio taupada GARAri.

Gaur elkartasun jaialdian batuko gara Donostiako Illunben, milaka haize ufada proiektuari oxigenoa emateko. Sekulakoa izango da. Azkenaldian askotan galdetu dugu nolako Euskal Herria litzateke GARA egunkaririk gabekoa. Bere komunitaterik gabeko GARA, ez litzateke.