Maria Mendizabal
IRUDITAN

Eskuetan irakur daitekeena

Begi edota aho bazterrean agertzen diren zimurrak estaltzeko kremak erabiliagatik, eskuak omen dira inoren adina hobekien salatzen dutenak; horietan pilatzen diren zimurrek adierazten omen dute hobekien bizitako egunen joana. Irudian, katramilatuta ikusten diren eskuetan, bistakoa da bataren eta bestearen arteko adin tartea. Leun eta finagoa da bata; “bizituagoa”, bestea. Katramilaren patxadak eman dit atentzioa, ostera, estutasunik gabe ia, azalaren gozoa gozatuz.

1976. eta 1983. urteen artean Argentinan milaka desagertu eragin zituen diktadura militarrak, 30.000 giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, eta horrekin batera ehunka haurren desagerpena eta adopzio ilegala. Gertatutakoa salatzeko eta ostu zizkieten bilobak berreskuratzeko sortu zen Maiatzeko Plazako Amonak elkartea eta, taldearen ekinari esker, azken urteetan esku asko elkartu dira, Mijalchuktarrenak kasu. Osaba eta ilobak lortu dute topatzea, elkartzea eta elkar ukitzea. Seguru asko, elkarri esateko eta kontatzeko makina bat kontu izango dituzte, baina ordura arte bizitakoa eskua emanda adieraziko diote elkarri.