Alaia Martin
IRITZIA

Koalizioak

Asteroideen eta parlamentarismoaren nazioarteko eguna da gaur. Egutegi bereko laukitxo berean bakarrik ez, askotan gure bizitzatik distantzia berera egoten dira bi gauzak. Gertu-gertu. Batzuk boterea hartu eta besteek utzi egin duten garai honetan harremanak berhasteko garaia da. Harremanak berhasteko, herrenmanak bukatzeko, herrimanak irudikatzeko garaia.

Emaitzen bezpera beti da errealitatez kanpoko samarra eta baikortasun eta ezkortasunak ohi bezala etzaten dira, gutxi gorabehera, asteleheneko lur berrian.

Iristen da astelehena eta bizitza berriz lehengo formak hartzen eta uzten hasten da, eta astelehen gehiago iristen dira eta ohartzerako hilabetea igarotzen da norberaren bizitzan makroaldaketen mikroaldaketak begiratzeaz ahazten garenerako.

Errutina maletak desegiten hasten da eta egunek ez dute orduen ekipaia besterik izaten batzuetan, egunari bizirauteko hortzetako eskubila poltsan eramatearen garrantziaren mailako garrantzia hartzen dute bizitza aldarazten diguten erabaki handiek, mugitzen gaituzten hariek eta geratzen gaituzten kateek. Batzuetan eguneko gerra txikietan odolusteko arriskuan jartzen baitugu geure burua, ezkutu onik ezean. Eta ezkuturik onena, agertzea izaten da, azaltzea, haragitzea, ez gordetzea, ezkutukoa partekatzea.

Etxeko sukaldeak dira eguneroko parlamentuak, eta geure jarrerak iraganaren pisuz senatuak edo gidatuak egoten dira askotan. Zuri bozkatzen dugu koloretsuegi ikusten dugunaren aurrean. Eten egiten diogu mintzaldia entzun nahi ez duguna esateko itxura daukanari eta besteen erabaki-paperak metakrilatozko kaxen zirrikitutik erauzi nahi izaten ditugu.

Guztia ez dago gure esku. Gauza mordo bat dago gure esku. Baina guztia ez dago gure esku. Behin batek daki nori irakurri nion itsasoari begiratzeak lasaitzen baldin bagintuen, berarengan eraginik edukitzerik ez daukagula badakigulako omen dela. Apur bat zailagoa da begirada horrekin norbere bizitza begiratzea. Baina egin liteke. Batzuetan ez dago egin beste erremediorik. Makroerabakirik eta mikroerabakirik hartzeko oxigenorik, egokierarik eta tokirik ez dugun egun zati horietan apur baterako luzapena eskatzen du geure baitako partida politikoak.

Luzapen edo atseden denbora derrigortu horretan ez da indarrik izaten boterearen bila hasteko, bertikala horizontal bihurtzen saiatzeko edo bertikalean itzal eroso bat topatzeko. Ez da beldurrez egoteko unerik errazena, ez da maitasun edo ulerberatasun keinu bat maileguan eskatzeko unea. Bizitza batzuetan egoteko uneekin topo egin genezake eta ez dago egon beste erremediorik. Geurekin egon beste biderik ez da. Geureekin egon beste biderik ez da.

Koala besarkadak merke eta estu, koreografia finik gabe ematen dituzten koalizioak aurre-osatuta izatea garrantzitsua da, aliantzak sinatuta izatea funtsezkoa da eta zentsura emoziorik jarriko ez dizutela sentitzea, ezinbestekoa.