2019/07/07

Hiru karpetak
Oiane Egiguren Alvarez
067_literatur

Aldameneko atean bizi da Luisa. 88 urte ditu, nik baino hamar gehiago, eta sei bat badira elkar ezagutzen dugula. Bera ere bakarrik bizi da, eta batzuetan zinemara joaten gara, erakusketa bat ikustera edo paseatzera.

Atzo tinbre joka etorri zitzaidan. Tarteka esnerik gabe gelditzen da, eta gaueko esne basorik gabe ez omen du loak hartzen. Kartoi baten bila zetorrela pentsatu nuen:

–Mesede bat eskatu nahi dizut.

–Esan.

–Lagunduko al zenidake nire hiletarako prestaketak egiten? –Nire harridurak ez zuen ezustean harrapatu–. Denok hilko gara, lehenago edo beranduago, eta lanak eginda utzi nahi nituzke, besterik ez.

Gaurko gelditu ginen, arratsaldeko bostetan bere etxean.

–Te bat?

Luisak gorroto ditu markodun argazkiak altzarien gainean. Korridorean bai, korridorean argazki mordoa dauka marko txikietan, bata bestearen aldamenean. Alfonbrarik ez dago bere etxean. Salako hormetan Menchu Gal-en koadro koloretsu bat eta Chillidaren zuri-beltzeko lamina handia, nazioarteko amnistiarena. Sabaian lanpara modernoa eta liburutegian liburu pila bat.

Tea eta bizkotxoa ekarri ditu salako mahaira, eta familiaz galdetu dit. Eguraldi petrala ere aipatu du, egunotan paseatzen utzi ez digun euri atergabea. Hala ere, astelehenean pentsiodunen aldeko manifestaldian egon omen zen, astero legez.

Katiluak alde batera jarri eta, karpeta gorri bat eskainiz, esan du:

–Dena hor barruan dago: hileta zibila antolatuko duen enpresaren datuak, nire lagunen telefonoak, testamentua, ospakizuna egingo deneko jatetxea, errautsak non bota behar diren eta Zurich-eko klinikaren kontratua.

–Zer kontratu?

–Horretaz aurrerago hitz egingo dugu.

Bere ezagun batek hileta zibilak egiten dituela kontatu dit eta ekitaldi polita antolatu omen dute.

–Orri honetan nire lagunen telefono zenbakiak dituzu. Heriotzaren berri eman beharko diezu, baita hileta noiz eta non izango den adierazi ere. Ekainaren 10eko astean izango da; ez dakit egun zehatza. Begiratu dena ondo eta, zalantzarik baldin baduzu, galdetu.

–Nola ekainaren 10eko astean? Nola dakizu hori?

–Horrela antolatu dugu.

–Antolatu? Heriotzak ez dira antolatzen, Luisa. Ezustean gertatzen dira.

Orduan azaldu dit hiru lagunen artean ituna egin zutela; bat hilez gero, beste biek beren buruaz beste egingo zutela sinatu zuten. Horrela, bukaeran bat bakarrik gelditzea ekidingo lukete. Aurreko hilean Pilar hil zen eta orain Rosak eta berak beren heriotza antolatu dute.

–Baina nola zuen buruaz beste egingo duzuela!

Pilar eta Rosa gabe bizitzak zentzurik ez omen du, eta banan-banan biak galtzea jasanezina egingo litzaioke. Bizitzan egin ditu jada egin beharreko guztiak eta nahiago du Rosarekin batera hil.

Gaia aldatu du, argazki album bat ireki eta bere lagunen argazkiak erakusten hasi da:

Begira, hau Antxon da, nire lehen mutil laguna. Madrilen ezagutu genuen elkar, albaitaritza fakultatean. Hiru urtez egon ginen elkarrekin, klaseko beste mutil batez maitemindu zen arte. Hiletara bere bikote Alfonsorekin etorriko da, beste bibotedun hori. Hau Rikardo da. Medikuntza ikasten ari zen Madrilen eta Café de Gijón kafetegian ezagutu genuen elkar. Beste hau Mertxe da, herriko liburutegiko liburuzaina izan zen. Hauek Maritxu eta Karmen dira, herriko betiko lagunak. Beste hau Marian da. Ezagutu al duzu? Kanpo Arazoetarako ministra izan zen. Erroman abentura bat izan genuen. Kar kar! Hau ez inori kontatu, e? Jaione, Donostiako laguna. Asko eta asko lehendik ere ezagutzen dituzu, baina komeni zaizu denen aurpegiarekin gelditzea, hiletaren egunean harrera egiteko. Hemen Garbiñe eta ni, Montmartren, Parisen bizi ginenekoa. Gero Euskal Herrira itzuli ginen eta 30 urtez bizi izan ginen elkarrekin, duela hamar urte hil zen arte. Begira, hau Lurdes da, Bilboko laguna. Abokatua da, eutanasia kasuetan aditua, eta aurten jubilatzekotan dabil. Eta hemen Pilar, Rosa eta ni Benidormen, duela bost urte.

Luisari anai-arreba guztiak hil zaizkio eta ez du seme-alabarik. Bi iloba bai, baina atzerrian bizi dira. Hala ere, primeran moldatzen da bakarrik. Lagun mordoa du, nahiz eta batzuk galdu dituen jada bidean. Baina Pilar eta Rosa ez dira besteak bezalakoak: Pilar eta Rosa gabe ez omen du bizi nahi.

–Zurichera laguntzea beharko nuke –esan du bat-batean.

–Zurichera? Noiz?

–Ekainaren 10eko astean ba.

Gauean, mesanotxeko liburuari heldu beharrean, karpeta gorria ireki eta orduak eman ditut barruko dokumentazioa aztertzen. Ondoren, nire bizitzako argazkietan murgildu naiz.

Andoni, nire senarra, hil baino pare bat urte lehenago, Norvegiako fiordoak ikustera joan ginenean. Nire seme-alabak, Nora eta Mikel, gure zilarrezko ezteiak ospatu genituenean. Karmen eta Maite, txikitako lagunak. Biak hil ziren minbiziak jota. Luisarekin Chillida Lekun, pasa den udaberrian. Luisarekin zinemaldian, “Amama” filmaren estreinaldian...

Ekainaren 10a iritsiko da, eta Lurdesek, Bilboko abokatuak, laster jasoko ditu mezulari bidez Zurichetik bidalitako errautsen kutxak eta hiru karpeta: bata gorria, Luisarena, bestea urdina, Pilarrena, eta hirugarrena morea, nirea.

Oiane Egiguren Alvarez

Zarautzen, 1971n jaioa. Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomatura atera zuen. Finka administratzailea da lanbidez, eta letrekin jolastea gustatzen zaio.