Maria Mendizabal

Luxuzko zapatilen merkatu oparoa

Modan daude zapatilak eta joera honen inguruan merkatu emankorra sortu da. Oinetako hauen salerosketa ez da berria, baina Interneten zabalpenarekin asko handitu da eta urtetik urtera irabazi handiagoak eragiten ditu. Zapatilen inguruan sortutako burbuilak berandu baino lehen eztanda egingo duela diote adituek, baina bien bitartean izen handiko etxeak ere sartu dira esklusibotasunaren eta luxuaren borroka honetan.

Urte batzuk badira jada kirola egiteko zapatilak gimnasio eta kirol eremuetatik irten zirela. Kalean oinezkoei erreparatzea baino ez dago hazten doan joera honetaz jabetzeko. Izen handiko arropa etxeek ere takoidun zapatak alboratu eta zapatilak eraman dituzte pasareletara; luxua, oinetako erosoetan. Hala, orain urte batzuk pentsaezina zena gertatu da: marka handiek puntako joerak ezarri beharrean, kalean joera den horri men egin eta bezeroei erantzun ahal izateko lanean hasi dira.

Negozio honen adibidea da Stadium Goods denda. Zapatilazaleentzat galbidea, New Yorkeko Soho auzoan dagoen denda honetan kirol oinetako berezi eta esklusiboenak saltzen baitira, eta gazteen artean arrakasta itzela lortu du. Bertan ikus daitezkeen zapatila pareen prezioa ere ez da broma; izan ere, badira 50.000 dolarrean saltzen diren aleak ere, zehazki, Air Jordan 11 Retro “Jeter” modeloa. Dendan itzuli bat eman, eta erakustokia antolatzeko moduak berak erakusten du salgai dituzten produktuei eman nahi dieten izaera: txukun antolatuta dago guztia eta produktu erakargarri eta esklusiboenak beira-arasetan sartuta.

Negozioak gora egin du, eta hori dela-eta, iaz Farfecht luxuzko online salmenta guneak erosi zuen. 2017an 100 milioi dolarreko negozioa izan zuen, eta gora egiten jarraitzen du. «Oraindik merkatu baten gainazala baino ez gara ukitzen ari, datozen urteetan askoz ere handiagoa izan da», aipatu du John McPheters Stadium Goods dendaren presidente eta sortzaileak. Internet bidez egiten dituzte salmenta gehienak, zehazki, fakturatzearen %90 sarean egiten dute, baina denda fisikoak indartzeko asmoa dute. Txina da, McPhetersen esanetan, merkatu garrantzitsuenetariko bat, baina errusiar erosleen artean sona hartzea dute helburu.

Sohon duten dendan, birsalmentan aritzen diren pertsonak ere topa daitezke, Matt Troisi kasu. 29 urte ditu eta jada 300 pare ditu. Beraren esanetan, merkatuaren tamaina handia da; berak urtero, 25.000-35.000 dolar inguru lortzen ditu zapatilen salerosketarekin, eta jatetxe baten kudeatzaile gisara lortzen duen soldata osatzeko baliatzen du. «Gizonak beti ez gara moda-modan joaten, baina janzteko orduan inolako estilorik ez izanda ere, zapatila pare on bat jantzita ondo egoten gara», dio barrezka. Soinean 1969ko Nike etxeko zapatila batzuk ditu, merkatuan 1.000 dolar inguru balio dutenak.

Emakumezkoen merkatua sustatzea helburua. McPhetersen esanetan, negozioak aurrera egin dezan emakumeengan dago gakoa: «Sektorearen arazoetako bat da. Marka desberdinak saiatzen dira emakumeak erakartzen lokarri arrosak edota emakumeekin gehiago lotzen diren koloreak erabilita, baina gizonentzat egiten diren produktuak nahiago dituzte». Bide horretan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du ordea: «Datozen hilabeteetan, gure produktuak aurkezteko modu berritzaileak garatzen jarraituko dugu, batez ere emakumeak erakartzeko».

Zapatilen erosketa eta birsalmenta ez da fenomeno berria, 1990. urtean jada bildumagileak hasi ziren oinetako hauetan erreparatzen; baina fenomenoa handitu egin da Interneten eta, batez ere, online enkanteen web orriak ugaritu direnetik. Hala, bigarren eskukoak diren eta historia duten zapatilen merkatuan ere ez dira nola halako dirutzak mugitzen. Orain bi urte 180.000 euro ordaindu zituzten, esate baterako, Michel Jordan saskibaloi jokalari entzutetsuak 1984ko Olinpiar Jokoetan erabili zituen Converse markako zapatila batzuen truke.

Fenomeno honen inguruko liburuak ere argitaratu dira jada. Horietako bat da Howie Kahn, Alex French eta Rodrigo Corralek egindako “Sneakers” (Penguin Random House, 2017) lana. Bertan, zapatilen kulturaren inguruko hainbat xehetasun jaso dituzte elkarrizketa, erreportaje eta argazki ugari baliatuta. Baina ez da bakarra, merkatuan baita halaber “Sneaker Freaker. The Ultimate Sneaker Book” (Taschen, 2018). Liburu honetan “Sneaker Freaker” aldizkari australiarrak hamasei urteko ibilbide oparoan zapatilen inguruan kaleratutako edukiak bildu dira, kasu askotan edizio berezien edota pertsonalizatutako bertsioen ingurukoak. Izan ere, moda eta esklusibotasuna bat eginda datoz kasu askotan. Baina badira bestelako proposamen deigarriagoak ere. Adibidea da, esaterako, “The Sneaker Coloring Book” margotzeko liburua. Bertan Daniel Jarosch eta Henrik Klingel diseinatzaileek 1916tik orain arte sona izan duten 100 zapatilen siluetak jaso dituzte eta haiek gogoratu eta koloreztatzea proposatzen dute autoreek. Ez hori bakarrik, U-Dox agentziak “Sneakers: The Complete App” aplikazioa sortu du eta bertan 500 modelo baino gehiago daude jasota erabiltzaileek ikusi eta ezagutzeko.

Zapatila merkatuaren burbuila. Merkatuaren gorabeheren arloan aditu direnen esanetan, zapatilen inguruan sortu den burbuilak eztanda egingo du berandu baino lehen, baina bien bitartean oinetako hauen inguruan sortu den negozioak handitzeko zirrikitu ugari topatzen ditu. «Zapatilen unibertsoak bere arau propioak ditu eta horiek modara zabaltzen ari dira orain; ez alderantziz», dio esaterako Howie Kahnek, “Sneakers” liburuaren egileetako batek. Izan ere, Balenciaga, Gucci, Chanel edota Prada bezalako markek euren zapatilak jarri dituzte merkatuan. Eta hain da handia sektore honetan dagoen sukarra, ezen 700 euroan saldu baita, esaterako, berria izanagatik zaharkitu itxura duen Gucciren parea. Bitxikeria bat: Buscemmi etxeak 11,5 kilateko diamantedun zapatila parea merkaturatu zuen eta bere balioa 115.000 eurokoa da.