JOKIN URAIN
IRITZIA

Bost mende

San Fermin eguna izan behar zuen, Elkanoren mundu biraren bostehungarren urtebetetze, oroimen eta gorazarrez meza Getarian, Munilla jaunak emana, eta Jainkoaren izenean emana, gainera. Bada zerbait! Elkanok itsaso zakarrean, krisialdian, idatzi omen zuen bere testamentua eta hor esana eta agindua utzi zuen, nonbait, In Dei Nomine, Amen, bere urtebetetze hiletak egin zitezela Salbador deunaren elizan, urtean behin meza esanez... bere aitaren eta bere arimen alde, eta geuk ere egiteko otoitz... eta horretan gaude, horretan ari gara, bost mende igarota.

Meza horretan Munillak esan du mundu ikuskera kristaua zela Elkanoren garaikoa, eta kristautasunaren ona, Jainkoaren aintzaz, enkontruaren kulturan, hau eta hori eta bestea, munduko gizaki guztiei helaraztea baino zeregin goitarragorik ezin duela izan asmo zintzoko gizakiak. Asmo goitar horiekin ibili behar izan zuen Elkanok munduan zehar. Ohorea eta aberastasuna ez ezik Jainkoa ere bilatzen omen zuten gizon haiek, kristau fedea hedatuz, aurkitzen zituzten jendeak bataiatuz... Elkanoren orduko egitateak ezin omen dira, baina, gaurko parametroekin epaitu, eta ezin omen dira ukatu bere epopeia handiaren kristautasun balioak.

Eta horrelako kontuekin jardun zen monsinorea. Eta polita da ikustea apezpikua berriketa horretan ari zen bitartean inguruan zeukan fauna, aldarea inguratzen duten harmailak eta goiko gurutziltzatuaren oinetako laugunea, espainiar itsas armadako soldadu prestuz betea dena. Ez diot antzik ematen Jainkoa gehiago goresteko, beren fede suharra adierazteko ala zer demontretarako zeuden hor, baina historian zehar siamdar banaezinak direla ematen dute Elizak eta Armadak.

Ohiturak, bizitzako moduak, ospatzekoak, basatitzat jotzen dira batzuk gaur, eta aldatzen dira, edo berritu, edo ezabatu. Baina bost menderen joana ez da nahikoa izan jainkoek inoren otoitzen premiarik, are gutxiago armadaren zaintza eta aintza beharrik, ez dutela ikusteko. Hortxe jarraitzen dugu bostehun urte igarota, Munillarena bezalako letania narrasa historia balitz bezala predikatuz gizaldiz gizaldi...

Goizetik gauerakoak nahikoa lan ematen digu gehienetan, Aurken, ondo dakizunez. Baina beste bostehun urte igaro baino lehen elizak eta elizen fedea zaintzen duten armadak desagerrarazteko mesedea egin behar ligukete jainko guztien artean.