2019/07/28

Erreportajea
fidatzen al gara robotez?... eta gizakiez?
Hemen da automation 2.0 edo makinen bigarren aroa

Betidanik, gizaki artifizialek liluraren eta ezinegonaren arteko mugan dagoen sentimendua sortu dute gugan. Desiraz eta, era berean, errezeloz begiratu ohi ditugu. Horren adibide, Isaac Asimovek idatzi zituen «Robotikaren hiru legeak». Zientzia fikzioaren «aitak» imajinatu nahi ez zuena gertatu da, azkenean, 2019an robotikako diseinatzaile batek pertsonoi kalte egiten digun robota asmatu baitu. Akabo, beraz, Asimoven oinarrizko lehen babes lege hura. Donostian ikusgai dagoen «Hello robot» erakusketak galdera asko sorrarazten ditu; funtsezkoena: zein da arriskutsuagoa, gizakia ala robota?

Amaia Ereñaga
070_robot01

Aurretik, argibide bat; 1942. urtean Isaac Asimovek, planeta Bigarren Mundu Gerran bete-betean sartuta zegoela, “Runaround” izeneko ipuina argitaratu zuen, non robotek obeditu behar zituzten hiru lege finkatu zituen. Lehena: robot batek ezin dio minik eman gizaki bati edo, bere ekintzarik ezagatik, ezin du gizaki batek minik jasan dezala utzi. Bigarrena: gizakiok emandako aginduak bete behar ditu robotak, salbu aginduak lehenengo legearekin talka egingo balu. Hirugarrena: robot batek bere bizitza babestu behar du, salbu babes horrek lehenengo eta bigarren legeekin talka egingo balu.

2019. urtean, “Blabdroid” izeneko robot txiki batek hamarkadetan robotikaren oinarri mugiezintzat jotzen ziren hiru lege horiek dinamitatu ditu keinu xume batekin, pertsonon hatzak zulatzeko programatuta baitago. Berkeleyko (Kalifornia) robotikako diseinatzaile batek, Alexander Reben izenekoak, sortu du josteko makinaren itxura duen robota, eztabaida interesgarria plazaratzeko asmoarekin; egun, eta automatizazioa halako abiadura bizian doala, gizakioi teknologia berriekin josten ditugun erlazioak birpentsatzeko ordua iritsi zaigulako. Halere, Reben ez da Asimoven hiru legeak urratu dituen lehena, gudu zelaietan drone hilgarriak erabiltzen direlako eta, beste adibide bat, industria handietan, auto-fabriketan esaterako, beso robotikoak hainbat istripuren errudun izan direlako. Beraz, ez al zaigu honi buruz hausnarketa sakon bati ekiteko garaia iritsi? Esaterako, benetan behar ditugu robotak? Fidatzen al zara robotez? Zer iruditzen zaizu objektuek sentimenduak edukitzea? Nahi al duzu robot batek zu zaintzea? Gisa honetako galderak botatzen ditu akuilu gisa, esaterako, San Telmo museoan “Hello Robot” erakusketak, guk, erabiltzaile garen neurrian, hausnar dezagun.

 

Zure lana robot batek egin lezake? Kezka hori behin eta berriz kaleratzen da, ez baita huskeria. Second Machine Age, hau da, Makinen Bigarren Aroan sartu omen gara; edo, beste ikertzaile eta pentsalari korronte batzuek erabiltzen duten terminologiaren arabera, Automation 2.0 garaian sartu gara bete-betean. Egia esan, batak zein besteak jauzi adierazgarri berdina adierazten dute. Orain arteko Automation 1.0 delakoaren adbide garbia, esaterako, automobil industria da. Henry Ford bezalako lantokien ekoizpen kateetan oso langile gutxi begiztatu daitezke, robotek gizakion lanak egiten dituztelako. Lana erraztu da erabat, baina, era berean eta horren erruz, milaka langile kalean gelditu dira. Batzuen aberastasuna, askoren pobrezia. Lan mekanikoak bereganatu dituztelako robotek bai, baina orain beste urrats bat eginez, Makinen Bigarren Aro honetan, fokua beste lanpostu batzuetan dago jarrita.

John Naughton Ingalaterrako The Open University unibertsitate publikoan Teknologiaren Ulermena irakasten du eta “From Gutenberg to Zuckerberg: What You Really Need to Know About the Internet” (Gutenberretik Zuckerbergera; Interneti buruz benetan zer jakin behar duzun) liburuaren egilea da. “The Guardian” egunkariko teknologiari buruzko atalean orain gutxi idatzitako artikulu batean, zera dio: «Beraz, robotak gure lanpostuak lapurtzera datozela? Aharrausi. Makinek betidanik kendu dizkigute gure lanak. Baina ekonomistak beti izan dira oso baikor». Noski, beraien buruaren gainean ez baitago zintzilikatuta Damokles ezpata hori. Ala bai? «Automation 2.0 aroan sartzen ari gara gaur egun –jarraitzen du Naughtonek–. Eta ikasketa automatikoak (ML) eta big datak, modu okerrean ‘adimen artifiziala’ deitzen zaionak, erabiltzen duten teknologien eraginez suertatzen ari da. Automation 1.0tik aurrerapauso bat dakar, beste mota bateko lanei dagokielako; eduki kognitiboa duten lanpostuak dira, baina errutina handikoak oraindik ere. ‘Lepo zuriko lanak’ deitzen dugunak dira eta makina berriek askotan ondo baino hobeto bete dezakete. Teknologia digitalari buruz zera ikasten ari gara, desberdintasunen anplifikadoreak bihurtu direla».

Datuak beldurgarriak dira oso. Uztailean bertan Oxford Economic nazioarteko aholkularitza zerbitzu ospetsuak plazaratutako ikerketaren arabera, “Robotak nola aldatzen ari diren mundua” titulupean, lanpostuen «lekualdatze handi» bat aurreikusten da. Baina ez da planeta osoan berdin biziko, «robotizazioaren eragin txarra modu neurrigabean sentituko da munduko diru sarrera txikieneko barrutietan; batez beste, robot berri batek eragin bikoitza izango du nazio bateko barruti pobreetan, aberatsenetakoaren aldean». “Ahultasun puntuazio” bat prestatu dute bost estatuen datuekin (Ingalaterra, AEBak, Estatu frantsesa, Alemania eta Japonia) eta emaitzak zer pentsatu ematen du. Automatizazioak barne desberdintasunak areagotuko ditu, herrialde beraren barnean. «Adibidez, Ingalaterran dagoen iparralde-hegoaldearen arteko desberdintasun ekonomikoa gehiagora joango da roboten ugaritzearekin», dio Oxford Economic-en txostenak.

Robotak, lagunak ala etsaiak? «Hasiera-hasieratik, adimen artifizialari buruzko eztabaida ikuspegi utopiko eta distopikoen artean, mundu hobe, teknologikoki aurreratuago bat sortzeko itxaropenaren eta boterea galtzeko beldurraren artean mugitu da. Testuinguru horretan, beste behin ere, diseinatzailearen erantzukizunaren auzia dugu aurrez aurrez», irakur daiteke “Hello Robot” erakusketa aurrerakoian. Izan ere, diseinuak eginkizun garrantzitsua du, eta horretaz jabetu behar gara. Adibidez, Dan Chen diseinatzaile japoniarrak Bizitza Amaierarako Makinaren prototipoa egin zuenean –hilzorian daudenak laztantzen dituen robota– gure gizartearen hoztasunarekin aurrez aurre jarri nahi gintuen. Bere harridurarako, erosteko eskaintzak jaso zituen. Beraz, zeintzuk dira gure etsaiak; robotak edo gu geu, gizakiok?

“Hello, Robot. Diseinua gizakiaren eta makinaren artean” erakusketa irailaren 29ra arte egongo da San Telmo Museoan (Donostia). Vitra Design Museum, MAK Viena eta Design Museum Gent museoek elkarlanean prestatu dute.