2019/08/11

Erreportajea
erreportajea
Artelanak adierazle meteorologiko

Artelan baten esanahia irakurtzerakoan nork bere modua bilatzen du. Meteorologian aditu direnek, sarri, margolanen zeruetan jartzen dute arreta, bertan topa daitezkeen datu eta xehetasunak asko dira eta. Zer diote garaiko eguraldiaz Velazquez, Van Gogh edota Turnerrek?

Maider Eizmendi
072_cuadros_arles
Vincent Van Gogh. «Stevedores in Arles», 1888. Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioa.

Inoiz itsasoa ikusi ez duen pertsona batek olatuen aparra irudikatzea zaila den bezala, nekeza da elur malutak lurrean nola pausatzen diren ezagutu ez duenak halakorik marrazki batean jasotzea. Bizitza esperientziek eta, zehazki, eguraldiari dagozkionek, ezinbestean hartzen dute tartea espresio artistikoan eta ideia hori oinarrian hartuta, hain justu ere, Jose Miguel Viñas Rubio meteorologo eta dibulgatzaileak margolanetan jarri du arreta, meteorologia fenomenoak eta klima aldaketa zein modutan irudikatzen dituzten azaltzeko. «Gaur egun bolo-bolo dabil klima aldaketaren kontua eta gero eta gehiago jakin nahi dugu gaiaren inguruan. Iraganeko joera meteorologikoak jakiteko funtsezko tresna bat artelanetan dago; artistek ezin baitute albo batean utzi euren ingurune-esperientzia, oinatz klimatikoa koadroetan dago», ohartarazi du EHUko Udako Ikastaroetan eskaini duen eskolan.

Labar margoei erreparatuta, lehenik eta behin, Altamira edota Kwazulu Natal-eko (Hegoafrika) Drakensberg mendietako kobetan topa daiteke aipatu harreman honen arrastoetako bat: «San kulturako boskimanoak baso ugariko zonaldeetan bizi ziren, baina beste herrialde afrikar eta europar batzuek lekualdatu egin zituzten eta kobetan bizitzera behartu. Ura zen haientzat elementurik garrantzitsuenetariko bat; jatorrizko bizilekuan ugari zuten, baina ez hala mendi ingurunean. Hori horrela, labarretan egin zituzten margoetan ehizan agertzen dira zezen baten –beraientzat uraren eta ugalkortasunaren sinboloa– inguruan. Irudi horrek, euria eskatzeko dantza irudikatu nahi du, bizi zuten lehorte egoerari aurre egiteko», azaldu du. Begirada bera jarri du Tassili n'Ajjer-eko ingurune harritsuan dauden labar margoetan. Bertan bizi izan ziren lehen pertsonek ehiza irudiak marraztu zituzten, eta jirafa eta elefanteak agertzen dira haietan. Beranduago, artaldeak agertzen dira, ehizatik artzaintzara igaro ziren pertsona haiek gidatuta». Labarretako margo horiek “Afrikako Hezealdiaren” eta “Lehorte Handiaren” arteko trantsizioa irudikatzen dute. Bizitzeko inguru egokiagoen bila, Nilo ibaiaren inguruan ezarri ziren ondoren.

Labarretan egindako margoetan ez ezik, denboran gertuago ditugun bestelako lanetan ere erreparatu du museoetara sartu eta bertako artelanen zeruetara begiratzeko joera geldiezina duela onartzen duen ikertzaile honek. Uholdeen azterketan, esaterako, zeresanekoak dira Alfred Sisley (Paris, 1839) margolari inpresionistaren lanak. “The Flood at Port-Marly” (Uholdea Port-Marlyn) lanean herri honetan gertatutako ezbeharraren berri eman zuen eta beste hainbat margolan ere margotu zituen, egun haietan bizi izandako prozesua ia pausoz pauso jasota.

Viñas Rubiok arreta berezia eskaini die, ordea, ilunabarrei eta hauek agertzen dituzten koloreei. Bere esanetan, deigarria da, esaterako, J. M. Wiliam Turnerrek (Londres, 1775) marraztutako arratsei eman zien kolorea, esaterako, “The Lake, Petworth: Sunset, a Stag Drinking” (“Aintzira, Petworth; eguzki sartzea, oreina edaten”, 1829) edota “The scarlet sunset” (“Eguzki sartze eskarlata”, 1833) lanetan. Aditu zenbaiten esanetan, kolore horiek Indonesiako Tambora sumendiaren eztandaren ondoren airera zabaldu ziren errautsen ondorio dira. Turnerrek ikusten zuen hori bere lanetan irudikatu baino ez zuen egin. Krakatoa sumendiaren eztandaren ostean zeruratu zen errautsaren ondorio dira, berriz, Vincent Van Goghen (Zundert, 1853) “Stevedores in Arles” (Zamaketariak Arlesen, 1888) edota Edvar Munchen (Hedmark, 1863) “The Scream” (“Oihua”, 1893) lanetan ikus daitezkeen zeruetan atzematen diren kolore gorrizta sakonak.

Alfred Sisley. «The Flood at Port-Marly», 1876. Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioa.

Alfred Sisley. «The Flood at Port-Marly», 1876. Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioa.

Sumendiaren eztandaren ajeak margolanetan. Bitxikeria gisa, Tambora sumendiaren eztanda hark beste ondorio bat ere izan zuen: 1816 uda gabeko urtea izan zen eta gertaera horretatik loratu zen, halabeharrez ia, Frankenstein pertsonaia. Mary Shelley (Londres, 1797) sortzailea, Londresen bizi zen, baina eguraldi txarraz nazkatuta uda igarotzera joan zen Suitzara, senarrarekin batera, Lord Byronek gonbidatuta. Eguna joan eta eguna etorri euria eta hotza egin zuen eta joko bat asmatu zuten egonaldia eramangarriago egiteko. Helburua istoriorik beldurgarriena sortzea zen eta hortik sortu zen gerora hain famatu egin zen pertsonaia. Horren pareko istorioa du, Frederik Chopinen (Mazovia, 1810) “Raindrop” (“Euri tanta”) lanak. Musikari ezaguna, Mallorcara joan zen medikuaren aholkuari jarraituta, eguraldi epelagoaren bila. Baina 1938-1939ko negua bereziki hotza eta euritsua izan zen, eta esan ohi da euri hark inspiratu zuela lan ezaguna sortzeko.

Fenomeno meteorologikoen artean izarren bat bada, hori lainoak dira. Diego Velazquez (Sevilla, 1599) margolariaren lanetan erreparatu du, esaterako, Viñas Rubiok. Margolari sevillarrak kolore griseko lainoak nagusi diren zeruak marraztu zituen, apenas urdinik baliatu gabe. Batzuentzat, aurrezteko modua zen hura –urdina lortzeko lapis lazuli hautsa erabiltzen zen eta oso garestia zen–. Arrazoi meteorologikoak ere baziren ordea; izan ere, XVII. mendean Izotz Aro Txikia bizi izan bazen ere, Velazquezek margolan horiek egin zituenean, tenperatura baxuak apaldu egin ziren eta sasoi hartan Madrileko zeruetan hodeiak nabarmen ugaritu ziren.

Deigarriak, halaber, Salvador Dali (Figueras, 1904) edota Piero della Francesca (Sansepolcro, 1415) margolarien lanetan ikus daitezkeen laino zapalak, “laino dalinianoak” ere deituak. “Altokumulu lentikular” izena hartzen duten laino mota hauek xafletan banatzen direla dirudite eta zonalde menditsuetan sortzen dira; zehazki, aireak, mendietara iristean, gora egiten du eta hoztu egin da eta, bide horretan, sortzen da lainoa. «Oso ohikoak dira Alpeetan, Della Francescan ikus zitzakeen tokian; edota Pirinioetan, Dalik begiztatzen zituen eremuan». Margolari katalanaren “Muchacha de Figueras” (Figueraseko neskatoa, 1926) lanean bistakoak dira.

Nathalie Miebach. «External Weather, internal storms», 2009.

 

«Lainoen gizona». Baina hodeietan maisu John Constable (Suffolk, 1776) izan zen; izan ere, meteorologia fenomeno honen zergatia ikertu eta jaso nahi izan zuen bere lanetan: “Wivenhoe Park, Essex” (1816) edota “The Hay Wain” (“Belar-gurdia”, 1821), kasu. Hain izan zen handia zerura begiratzeko izan zuen joera “lainoen gizona” ezizena ere jarri ziotela. Margotzen ari zenean –margoak azkar egiten zituen, azken batean uneko irudia harrapatu nahi zuen–, lanen atzeko aldean zer eguraldi egiten zuen idazten zuen eta hainbat kasutan datu eta aipamen zehatzak aurkitu dira, meteorologia aldetik interes handikoak.

Haizea, euria, ostadarra... maisuen lanetan bestelako gertakari meteorologikoetan ere jarri du arreta Viñas Rubiok, edertasunagatik, baina, batez ere, iraganeko klimaren inguruko datuak eskaintzeko gai direlako.

Iraganera bakarrik begiratu gabe ere, gero eta gehiago dira egun meteorologia beraien lanen ardatz hartzen dutenak. Horietako bat da San Joseko (Kalifornia) aireportuan zintzilik dagoen “eCloud” eskultura. Aaron Koblin, Nik Hafermaas eta Dan Goodsen lana polikarbonato xaflek osatzen dute eta hainbat lekutako egoera meteorologikoaren berri ematen du.

Halaber, eguraldiaren datuak baliatzen ditu, zehazki ekaitzenak, Nathalie Miebachen lanak. Eskulturak egiten ditu, baina baita musika doinuak ere. Lan horien bidez, artistek ingurunearekiko kontzientzia sortzen saiatzen dira, Viñas Rubiok aditzera eman duenez, «klima aldaketa bolo-bolo» dabilen sasoia baita hau.