2019/08/11

Alaia Martin
Flash
Herriekin ere antzekoa gertatzen da, beraz, eta ohartzerako txanpiñoitzen dira etxeak auzuneetan eta iturriak hormigoiz aseptizatu, eta ohartzerako margotu berri dauden etxeen hormetan jolasteko debekua ezartzen duten kartelak naturaltzen dira.

Hil arte bizitzeko jaio ginenok ahalik eta gehien zahartu nahi izaten dugu normalean eta egunero zahartzen gara pixka bat. Lehen zimurrak esaten dugunean lehen zimur ikusgarriak esaten dugu, auskalo zein keinutan hasi ote ziren gure zimurrak benetako zimur izaten. Zahartzen ez dela dirudien jendea ere zahartu egiten da. Ez gara jabetzen, haiek ere ez, ziurrenik, baina zahartzen dira, eraldatzen zaie azala eta iraultzen zaie izaera. Argazkiengatik ez balitz, nekez jabetuko ginateke geure zahartze prozesuaz, oso-oso tarteka ikusten dugun jendearen begiradak lagunduta ez balitz.

Txikitako oroitzapen gutxi dauzkat, baina daukadanetariko bat zahartzearekin lotuta dago. Kezkatu egiten ninduen zahartu eta nire amak ni ez ezagutzeak. Gogoan dut arratsalde batean bururatu zitzaidala ideia/aukera hori eta larrituta pasa nuela arratsalde hura, nire burua zaharxeagotan ezin irudikatuz eta komunikatuz. Amak ezagutzen nau eta nik ere ezagutzen ditut zahartu zaizkidan lagunak, nahiz eta batzuetan beste bat banintz edo balira bezala sentitu haiekin.

Herriekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Oinezkoentzat jarri diren eta lehen ibilgailuentzat ere baziren kale haietako bizitzaz gogoratzen naiz, herriko plazan bigarren ilaran eta giltzak jarrita uzten ziren autoez, baina ez dut plazaren beraren irudirik buruan, tantakako aldaketak gogoratzen ditut, baina ez dut ordukoaren irudirik eta ez nuen bilatzen jakingo, edo bilatzeari utziko nioke bilaketaren interesaren txikitasunaren eta ahaleginaren tamainaren arteko desorekak lotsatuta. Xelebrea da, plazak berritu, gaurkotu, konpondu eta gaztetu egiten dira eta gu, berriz, etengabe zahartu. Garai batean oso kolpez zahartzen zen jendea, argazki gutxi batzuk baino ez zituzten pilatzen urteetan zehar, egun handietako argazkiak eta horien bitartez neur zezaketen beraien zahartze prozesua. Geure kasuan edo belaunaldikide askoren kasuan ia bideoan zahartzeko moduko argazki datu base basa izango dute nola zahartu diren nostalgiaz edo harrotasunez begiratu nahi dutenek.

Herriekin ere antzekoa gertatzen da, beraz, eta ohartzerako txanpiñoitzen dira etxeak auzuneetan eta iturriak hormigoiz aseptizatu, eta ohartzerako margotu berri dauden etxeen hormetan jolasteko debekua ezartzen duten kartelak naturaltzen dira eta lehen lurra, hautsa eta belar zaindugabea zegoen lekuan asfalto akoltxatua eta landare tropikalak azaltzen dira. Aldatzen dira eztabaidak sustatzeko eta puskatzeko erak eta dirua biltzeko arrazoiak eta inbertsioen proportzioak. Lehen hortzak zeloa txikitzen izorratzen zituztenek begirada nekatuagatik betaurrekoak daramatzate orain, pantaila aurreetan itsasten dituztelako kartelak. Lehen azazkal azpiak gorriz, urdinez edo beltzez margotuta zeramatzatenek birtxiokatzeko moduko grafiako esaldi biribil eta koloretsuak pentsatzen dituzte eta pankartak zintzilikatu bitartean errepideari begira egoteko txanda egiten zutenek edo kontrolak saihesteko esku orriak erosketen poltsen azpian gordetzen zituztenek, sareetako mezuak errebisatu behar izaten dituzte, ziberkontrolik egonez gero negatibo ez emateko. Gogora gaitezen bidean, enfokatu eta argazkiak ateratzeaz, zoomez eta gabe.