2019/08/25

Erreportajea
Mont Blanc magaleko aterpea
Charpouako zaindaria

Bosgarren urtez jarraian, Mont Blanceko gailurrera bidean Charpoua aterpera iristen diren bisitariek Sarah Cartierren irribarrearekin egingo dute topo. Ekaina eta iraila bitartean han izaten da, aurten gainera lehenengoz bere semetxoarekin. 25 euroren truke, ez argirik ez urik ez dagoen eraikin txikian, erosotasun eta luxu handirik ez da, baina atseden hartzeko babes goxoa ez zaie falta.

Gersende Rambourg
074_alpes4

Azken metroak dira gogorrenak. Mendizaleak horiek gainditu eta burua altxatzen duenean Sarah Cartierren begirada dibertigarriarekin egiten du topo. «Ongi etorri! Mesedez, ez atera zarata handirik, haurra lo dago eta», ohartarazi du. Etxolaren atarian hankak gurutzatuta eserita dago, bere prismatikoekin ilunabarrean iritsiko direla jakinarazi dioten bisitariak noiz iritsiko zain. Inor galduz gero, larrialdi zerbitzuei jakinarazten die lagundu diezaioten. Hori baita Sarahren eginbeharretako bat, agian garrantzitsuenetariko bat.

Charpoua aterpeak ondoan duen glaziarraren izena hartu du eta, 2.841 metroan kokatuta, Mont Blanc Europa Mendebaldeko gailurrik altuenera igotzeko bidean dago eta hamabi pertsona har ditzake. Eraikitakoan eman zioten egitura berarekin jarraitzen du: ezkerrean sukaldea eta egurrezko jatorrizko mahaia; eskuinean, berriz, bata bestearen gainean jarrita nekatuta iristen diren mendizaleei 25 euroren truke lotarako eskaintzen dizkien koltxoiak. Ez dago ez urik, ez eta elektrizitaterik ere, eta komuna behar duenak, kanpoan harri artean dagoen zuloa erabili behar du. «Hau ikusi eta gero, inork ez du galdetzen ea dutxarik baden», aipatu du barrezka. Sarahk 30 urte ditu eta ekainean hasi eta irailera bitartean aterpean egongo da, azken lau urteetan egin duen moduan. Aurten baina, bi izango dira, Armand txikia ere bertan baita.

«Lan hau egiteko modu asko daude; aterpe handi bat izatea baino, bakarrik aritzea, langilerik gabe, nahiago izan dut», aipatu du, neguan zehar eski irakasle gisa lan egiten duen emakumeak. Bezeroei, tokikoak eta organikoak diren produktuekin egindako janak eskaintzen dizkie, baita bertan egindako ogia ere». Denboraldia hasi behar duenean, elikagaiak helikopteroz igotzen dituzte eta, astean behin, Suitzan ingeniari lana egiten duen bere bikotekideak jaki freskoak ekartzen dizkio. Ingurumenarekiko errespetuak sortzen dion arduragatik ez die bezeroei botilako urik eskaintzen, glaziarretik hartu eta iragazitakoa edan dezakete.

Atseden hartu eta mintzatu. Eguraldi txarragatik bisitaririk izaten ez duenean Sarahk bakardadearekin gozatzen ikasi du; aurten desberdina izango da, ordea, semearekin igaroko baititu hilabete hauek. Bisitariei barre egiten die eta besoz beso gustura ibiltzen da ama afaria jartzen hasten denean. Gaur jendetza batu da etxola txikian, 9 lagun gerturatu baitira. Guztiek jarraitu diete aterpearen atarian ezarrita dauden gomendioei: zapatak kendu, hankei begiratu eta masajea eman, galtzerdi eta kamiseta lehorrak jantzi, garagardo bat hartu ospatzeko, egunean zehar egindakoaz, elurraren eta haizearen egoeraz mintzatu...

Atetik zopa eta txokolatezko pastel usaina sumatzen da. Afaltzeko mahai bueltan esertzeko ordua da. Mahaia argiztatzeko bi lanpara txiki atera ditu. «Landareak bezala ateratzen ditut egunero aterpe atarira kargatu daitezen», esan du umoretsu.

Afaloste lasaia igarota, atseden hartzeko eta lotarako garaia da. Patxadaz egiten dute lo mendizaleek bertan. Bideari berriz ekitea dagokienean, Sarahk atarian agurtzen ditu, guztiei zorte ona opatuz.

Irailetik aurrera aterpea hutsik geratuko da berriz ere, baina ateak zabalik izango ditu eta oheak eta mantak erabiltzeko moduan. Trukean hamar euro baino ez dira utzi beharko. Sarahk aholkua eman eta eskaera bat egiten die bisitariei: «Gogoan izan sasoi honetan ez dagoela urik glaziarrean; beraz, ondo bete zuen kantinplora; ondo zaindu aterpea eta atea itxi bazoaztenean».