2019/09/01

Erreportajea
etorkizuneko etxeak sortzen
Boteredun altzarien iraultza

Imajina ezazu botoi bat sakatu eta egongela logela bilakatzea. Edo lotarako ordua dela esan eta sabaitik ohea ateratzea. Sinestezina badirudi ere, hori guztia errealitatea da jada, eta dirudiena baino gertuagokoa.

Maitane Aldanondo
075_larrea_bed1

Hiriak eta bertako biztanleria etengabe hazten doaz; etxebizitzak, ordea, txikitzen eta garestitzen. Ia ezinezkoa da leku mugatuan bizitzeko beharrezko guztia izatea, funtzionalitatea galdu gabe. Erronka horri irtenbide berriekin erantzuteko ahaleginean dihardu Ori enpresa estatubatuarrak. Euskal Herritik ehunka kilometrora garatu bada ere, asko du hemengoa, zehazki, sortzailea. Hasier Larrearen (Gasteiz, 1988) burmuinean «superboteredun» altzariak jaio ziren, eta orain, AEBetako hainbat hiri handitako etxeetan daude.

Aurtengo hilabeteak lanpetuta eman ditu ekintzaileak. Enpresarentzat urrats garrantzitsua izango den akordio bat erdietsi berri du eta sistema osatzen jarraitzen duten altzari berrien garapenean murgilduta dabil. Atlantikoaren beste aldetik, galdera ugari erantzun ditu posta elektronikoz. Zer da Ori? Nola irauliko du espazioaren erabilera? Nolatan aukeratu du Ikeak bere altzarietan barneratzeko? Zergatik uste du “Forbes” aldizkariak Larrea manufaktura eta industria eraldatuko duten 30 urtez azpiko 30 ingeniari eta ekintzaileetako bat dela?

Gasteizen jaiotako donostiarrak Nafarroako Unibertsitateko Tecnunen ingeniaritza industriala ikasi zuen eta amaierako lana egitera Bostonera joan zen, «ingeniaritzaren muinera»: Massachusetts Institute of Technology (MIT). «Amets bat» gauzatu zuen. 2011n urte erdi igarotzeko asmoarekin heldu zen, baina berehala jabetu zen sei hilabete azkarregi pasako zirela; zortzi urte daramatza han. «MITeko Media Lab-en etorkizuna asmatzen da, toki askotako ingeniari, arkitekto, programatzaile, artistak... elkartu eta elkarrekin mundua nolakoa izango den imajinatzen dute». Errealitate birtuala, hanka protesikoak, musika, garraioak, biologia... dena leku berean lantzen da.

Artean garatu nahi zuen proiektua “RoboWall: from concept to reality” (“Horma robotikoa: kontzeptutik errealitatera”) zen, eta hiriei lotutako berrikuntzei buruzko City Science taldean ekin zion lanari Larreak. Kent Larson irakasle eta arkitektoarekin arkitektura robotikoaren arloa abiarazi zuen, eta bertan aurrera eramandako ikerketaren emaitza da. «Ori etorkizuneko espazioak aldatzeko estrategia da, espazio txikiak handiak balira bezala erabiltzea ahalbidetzen du». Munduan gauzak aldatu nahi bazituzten, ideia laborategitik atera behar zutela konturatu ziren. Taldeko ingeniari onenekin batera Ori sortu zuten 2015eko udan MITeko ekintzaile zentroan.

Espeazioaren eraldaketa. Ori izena «tolestu» esan nahi duen origami hitz japoniarretik datorkio. Bizitza paradigmak hautsi eta espazioaren erabilera irauli nahi dute, lekuaren funtzionalitatea maximizatu. Izan ere, Larrearen ustez, «toki urbanoak baliotsuegiak dira estatiko mantentzeko». Guneak bertan egiten denaren arabera diseinatu beharrean, haiek diseinatzeko modua eta haiekiko harremana aldatzea proposatzen du. «Gure beharretara egokitu, gu haietara moldatu beharrean». Robotika da horretarako giltza. Mekanika, elektronika eta softwarea uztartzen ditu, eta horiei esker, «eskeletoa, giharra eta burmuina ematen dizkiegu altzariei, hormei eta zoruei, espazioak transformatzeko». Hau da, unean uneko beharren arabera, sistemak altzari robotizatuak mugitzen ditu guneak itxuraldatuz.

Arkitekturak urte asko daramatza espazioen eraldaketa lantzen. Horren adibide dira, esaterako, ohe edo mahai tolesgarriak. Larrearen proposamena, ordea, harago doa. Gauzen Interneta –Internet of Things– delakoari esker, eraldaketa horiek ahaleginik gabekoak dira, altzariak ez ditu erabiltzaileak gorde edo mugitu beharko. Domotika eta etxe adimentsuetan sakondu dute, «ordenagailuen adimena jarri dugu altzarietan. Hori ez da orain arte egin». Orain arte termostatoek, argiek, pertsianek... baliatu izan dute, Oriri dagokionez, ordea, «interesgarriagoa» da. Larreak adibide batekin azaldu du zer egin dezakeen. «Esan dezakezu, ‘Alexa, ohera noa’, eta zure logela azalduko da, tenperatura eta argia aldatuko dira, pertsianak jaitsi... Zure etxebizitza zuri egokituko zaizu. Orain arte zuk egokitu behar izan duzu etxebizitzara». Pentsaezina edo zientzia-fikzio badirudi ere, arkitektura robotikoa gure artean aspalditik dugula gogoratu du ingeniariak, garaje ateetan, kasu.

2017an Yves Behar diseinatzaile suitzarrarekin garatutako lehen produktu familia merkaturatu zuten, Ori Studio Suite izenekoa, bulego mahaia, ohea eta armairua bakarrean biltzen dituen altzaria. Ondoren, Pocket Closet, bitan banatu eta jantzigela bilakatzen den armairua. 6.000 eta 8.000 dolar arteko prezioa (5.400-7.200 euro inguru), eta 17.000 eta 19.000 dolar (15.300-17.000 euro) artekoa dute, hurrenez hurren. Laster, Cloud Bed gehituko diote eskaintzari. Botoia sakatuta, ia bi metroko ohea sabaian ezkutatu eta egongela bilakatuko du logela.

AEBetan 50 pisu pilotu baino gehiago dituzte egun, erabiltzaileen iritziak ezagutu eta produktuak hobetzeko erabiltzen dituzte. Adibidez, Bostonen Studio Suitekin hornitutako estudio bat Airbnb zerbitzuaren bidez alokatzen dute egonaldi laburretarako eta mundu osoko ehun bat lagunek baino gehiagok egin du lo bertan. Aurten, beste 40 sistema instalatuko dituzte hiri horretan eta 50 Chicagoko eraikin batean. Etxebizitzekin hasi dira, baina gainerako leku urbano guztiak aldatu nahi dituzte datozen urteetan: hotelak, bulegoak, jatetxeak... zenbat metro karratuko tokia duten garrantzitsua izango ez den paradigma batera pasatuta.

Irtenbide baten bila.Ez da epe luzeko kontua izango. Larreak uste du hiru-bost urtetan «inflexio puntu bat» gertatuko dela, eta halakoen erabilera metropolietan hasiko dela, «zenbat eta hiri garestiagoa zentzu gehiago dute teknologia hauek». Joera demografikoek irtenbideen beharra berresten dute: astero, 1,5 milioi pertsona inguru doa hirietara bizitzera, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi da hiriguneetan eta NBEk 2050ean %70 izango dela aurreikusten du.Ikea suediarrarekin egindako akordioak Oriren filosofia zabaltzen lagunduko die. Ekainean ezagutarazi zuten, baina ia bi urteko harremanaren emaitza da. «Gure bisioa beti izan da espazioak diseinatzeko modu berri bat sortzea, teknologia erabilita. Horregatik, garrantzitsua da guretzat diseinua, arkitektura eta altzariak ulertzen dituzten enpresekin kolaboratzea. Ikea oso adibide ona da. Ori teknologia jende gehiagorengana iristeko aukera emango digu, azpiegitura izugarria baitu», aitortu du Larreak.

Elkarrekin, Rognan Robot Furniture delakoa garatuko dute. Studio Suiteren antzeko kontzeptua du, baina Ikearen Platsa biltegiratze altzarian oinarritua. Arduradunen esanetan, bezeroak zortzi metro koadro gehigarri lortuko ditu logela jantzigela, lantoki edo egongela bilakatuta. Interfaze erabilerrazeko aginte panel ukigarri batekin aktibatuko da. 2020an salgai jarriko dituzte lehenak Hong Kongen eta Japonian. Forma, funtzioa eta salneurria, bi merkatuei egokituko dituzte, etxeetara egindako bisitak, datuak eta multinazionalak duen ezagutza baliatuta.

Ikuspegi berritzaileak eta egindako lanak oihartzuna ere lortu du. Urtero mundua hainbat zerrendatan sailkatzen duen “Forbes” aldizkari ospetsuak Manufaktura eta Industria berrasmatzen ari diren 30 urtez azpiko 30 ingeniari eta ekintzaileen artean sartu zuen Larrea 2017an. Aitortza eskertzen du gazteak, baina gehiegizko garrantzia eman gabe, izan ere, «ez du eguneroko lana errazten. Oso-oso zaila da enpresa bat sortzea». Bere kasuan, Bostoneko ekosistema berezitik kanpo eratu izana zail ikusten du. Hara heldu zenean ez zuen bere bidea hau izango zenik aurreikusten. «Lanean, ‘arazo’ batekin maitemindu behar zara, eta pasioa eta lana jarri hura konpontzeko. Ezin da planifikatu zein arazo izango den. Hura bilatzea zen nire konpromisoa, eta aurkitzeak hurrengo pausoak definitu zituen».

Buru-belarri ari da lanean, irtenbidea bilatzen. «Ondo konponduta dagoenean, agian pentsatuko dut besteren batean». Euskal Herrira itzuliko den galdetuta, berriz, «bueltatzearen obsesioa paradigma zaharra» dela dio. Egungo mundu globalean, azken norakorik ez dela, geralekuak bakarrik. «Donostia ibilbide horren geltoki bat da, geltoki berezi bat, baina ez helmuga. Halakorik ez dago».