GALDER PEREZ
IRITZIA

Loaren zaintza

Kontua galdu du JMk. Azken urte hauetan jende pila esnatu du, ez daki zenbat pertsona, txakur eta katu. Gure hiriko ranking batean JM bilatuz gero, jende gehien esnatu dutenen artean dago. Ehunka pertsonari lapurtu die azken ordu edo minutuetako loa. Loaldirik goxoenen lapurra da JM. Horrek beste ranking batera eraman du, noski: pertsona gorrotatuenen toparen topean dago. Zenbat jende ikusi duen JMk pijama jantzita, umore txarrez gehienak, zaunka batzuk, totelka besteak, mutu gehienak. Behin eta berriz jotzen du txirrina JMk eta, azkenean, ia denek irekitzen diote atea. JM gaixoak ez du kapritxoz jendea esnatzen. Latza da uraren kontatzailearen lana. Jakin badaki jendea esnatu ohi duela, baina ez die sekula barkamenik eskatzen. Zergatik barkamena eskatu, lana behar bezala betetzen ari bada? Horrela egiten die aurre JMk aurpegi txar guztiei.

Bere maitale den LMk antzeko patua bizi du. Kale garbitzailea da bera. Ura zenbatu beharrean bota egiten du espaloiak garbitzeko. Baina zaratatsua ere bada, soinu jasanezina bere gurditxoarena kale meharretarako. Jaiak pasatuta lanik ez du. Jaietarako kontratatzen baitute soilik.

JMk kanpinera gonbidatu du LM. Etxez etxe eta atariz atari, kalerik kale eta espaloitik espaloira dabiltzan horiek teilaturik gabeko kanpin denda batean lo egitea maite dute. Joan zitezkeen mendira kanpaldi librea egitera. Baina, kontrakoa badirudi ere, izaki sozialak dira biak. Jendez inguratuta egotea maite dute. Hori bai, hiritik urrun joateko beharra dute, ezagun ez diren tokiren batera, sekula esnatu ez duten jendearen artean lo eta txortan egitera. Izan ere, oihalak banantzen dituen pertsonen artean txortan egitea maite dute, zaratarik txikiena saihestuz. Jolas hori da gehien maite dutena: arnasestu eta plazer oihuak elkarri isilaraztea.

Gauez, ordea, txortaldiaren ostean, beraien lanen ordain gisa edo, kanpinean lotan ari diren guztien loa zaintzea dute helburu. Kanpalekuko denak lotan ari diren bitartean, LMk eta JMk, aingeruak bailiran, guardia egiten dute dendarik denda, inork ez dezan ametsetan ari direnen loa galarazi. Gaur goizaldean, kanpineko arduradunek LM eta JM denden artean bueltaka aurkitu dituzte. Perbertitu eta galdutzat jo dituzte biak. Kanpinetik kaleratu dute isilean txortan egiten duen bikotea, besteen loa zaindu nahi duten maitaleak.

Gure momentu goxoenetakoak, loaldiak, zaintzaileak behar ditu. Loaldi horren barrenean goxo gera gaitezen norbaitek babestu beharko gintuzke. Gero eta zailago baitirudi Morfeoren besoetan galtzea. Edozerk kolpe batez esnatzen gaitu eta pikutara bidaltzen du loaldia. Lo arinekoak gara, hainbeste, loa zaintzen duen hori, gure logalearen errudun bilakatzen baitugu. Lotan gaudela ere, ez gara babestu nahi gaituen horrekin fio.