amagoia mujika
IRITZIA

Hondar eta itsaso puskak

Hondartzak denok berdintzen gaitu, gutxi gorabehera. Inoiz baino biluziago egonagatik, inoiz baino zailagoa da gure joerak sumatzea. Hala ere, tarte batean hondar eta itsaso puskak partekatzeak ez ditu pausajeak berdintzen.

Liburu bat irensten ari naizela etorri zait albokoen hizketa eta lotsagabe hartu dut haria. Batzuetan, hondartzan, bakoitza bere metro koadroetan sartuta dagoela dirudi, etxetzat paratutako hondar puska horretan, besteena inbaditu gabe. Akaso hondar sailen behin-behineko jabetzak errespetatuko dira, baina solasaldiak ez hainbeste, betaurreko beltzen azpian ezkutatu arren belarri zorrotzak.

Lagun batek deitu dio, laguntza eske modu nahiko larrian. «Egon zaitez lasai. Saiatuko naiz norbait bidaltzen zu hortik ateratzeko. Emadazu denbora pixka bat. Zenbat diru daukazu? Euro bat? Ezin diozu inori dirua eskatu? Esan bueltatuko diozula hurrengo igandean. Eskatu hamar euro, nik emango dizkizut igandean, etxera bueltan naizenean. Egon lasai, nik lagunduko dizut». Neska oso gaztea izanagatik, bere hitz egiteko moduak erakusten du asko bizitakoa dela. Alboan beste hiru lagun ditu, adin berekoak. Tekno musikak janzten du beren arteko elkarrizketa.

«Nire lagun bat zen. Hiru urte darama behi-kakak garbitzen. Bai, bai, behi-kakak garbitzen ematen du eguna, astelehenetik igandera, goizetik gauera. Gosaldu eta afaldu bakarrik egiten dute, bazkaltzeko denborarik ezin dutelako hartu abeltegi horretan. Bera bezala immigranteak dira denak, paperik gabeak, eta bertan lo egiten dute, gela zikin batean, kabitzen ez direla. Hilean 800 euro ordaintzen dizkiete. Askotan esan diot lan hori uzteko, lagunduko diogula beste zerbait bilatzen. Gambian sei urtez aritu zen animalien inguruko ikasketak egiten eta zertarako eta behi-kakak garbitzeko!».

Solaskideak proposamenak botatzen hasi dira, honi edo hari deituko diotela haren bila joateko, hiriburura gerturatu dezaketela... «euro bakarra omen du. Nik esan diot saiatzeko hamar bat euro lortzen. Hori lortzen badu eta norbaitek hiriburura gerturatzen badu, moldatuko da. Bizkorra da, lehen ere moldatu zen Gambiatik honaino etortzeko, gu bezala. Zorte pixka bat behar du. Hiriburura joaten bada, han jendea ezagutzen du eta lortuko du laguntza». Sare sozialetan segitu dute ate-joka, laguntza eske.

Irakurtzen ari naizen liburuan alferrik pasatu ditut orrialdeak; letrak ikusi ditut, baina ez didate istoriorik kontatu, arreta beste istorio batean nuelako. Tekno musikak jarraitu du isiltasunaren gainean. Eguzkiak ez du berdin berotzen denontzat. Itsasoak ere batzuei freskura atsegina eskaintzen die eta beste batzuei, hotza.