2019/09/15

Erreportajea
beste lurralde bat, beste errealitate bat pantaila handian
Zinemaldia: Egiazko planetaren fotogramak
Amaia Ereñaga
077_zinemaldia_2mexiko

Urtero, sentsazio hori, zirrararen eta bertigoaren arteko mugan. Guztia ondo nahasita koktel mamitsu batean, gurean daukagun zinema arloko hitzordurik handienaren lehen zantzuak hodeiertzean agertzen direnean. Sarrerak salgai jartzearekin batera –gaur goizeko bederatzietan zabaldu dituzte leihatilak–, ate joka datorren Zinemaldiaren 67. edizioan gaurkotasun bizia duten errealitateak, bai gertukoak eta bai urrutiko lurraldeetakoak, islatuko dituzten hainbat film aukeratu ditugu zuentzat. Kontinenteka bildu ditugu migrazioa, feminismoa, ekologia edo gizarte desoreka bezalako egunerokotasuneko gaiak ukitzen dituzten lanak. Ez daude denak, noski, ezta kontinente guztiak ere, Ozeania eta Antartikako ezer ez baitugu aurkitu. Guk jakin gabe halakorik balego, kontuan izan ezazue, harribitxi bat izan daitekeelako... edo ez.

Txina. Bi hamarkada eskasetan munduko zinemagintzaren goreneko tokietan kokatu den industriaren partaidea da Wang Xiaoshuai zuzendaria. Txinatar zinemaren “seigarren belaunaldi” gisa definitu izan den taldeko ordezkariak bere burua “Beijing Bicycle” (2001) tituluarekin ezagutarazi zuen Europan. “Di jiu tian chang” (“So long, my son”, Perlak atalean) filmean, Txinan 1980ko hamarkadatik orain arte izandako aldaketa sozial eta ekonomiko handiak kontatzen ditu bi bikoteren eguneroko bizitza, miseriak eta poztasunak ardatz hartuta. Pasa den otsaileko Berlineko zinema jaialdian Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, hurrenez hurren, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartza lortu zuten; eta filma Urrezko Hartza, hau da, sari nagusia, irabazteko faboritoen artean zegoen lehen proiekziotik. Txinaren indarraren beste adibide bat Diao Yinan-en titulu hau da: “Nan Fang Che Zhan De Ju Hui” (“The wild goose lake”, Zabaltegi Tabakalera atalean). Cannesen lehia nagusian ikusi ahal izan zen gizartearen berdintasunik ezari buruzko thriller ilun hau. Gogoa piztu dezagun: legerik gabeko Txina batean, Zhou Zenong espetxetik atera berri den gangster bat da, eta gau horretan bertan iheslari bihurtuko da, banda bilera bat gaizki amaitu, eta ondorioz polizia bat hiltzen denean.

Tibet. Txinaren zigilupean, aretoetan ezohikoa den lurralde bateko ordezkaria egongo da Urrezko Maskorraren norgehiagokan; Txinaren mendeko Tibet. “La Mu Yu Ga Bei” (“Lhamo and Skalbe”, Sail Ofizialean) &dcThree;filmean Sonthar Gyal zinemagileak sekretu mingarriak ezkutuan gordetzen dituen amodio istorio bat dakar, “Gesar erregearen epopeia” izeneko opera tibetarraren entseguen artean. Sonthar Gyal: «Nire herria Tsolho tibetar prefektura autonomoan dago, Qinghai eskualdean. Erdinomada da, biztanleriaren erdia baserritarra delako eta beste erdia nomada. Lehorteek bizitzaren kalitatea zaildu egiten dute erabat, gu pobreak gara beste tibetarrekin alderatuz. Nire aita izan zen gure eskualdeko unibertsitatean graduatu zen lehena». Eta Tibet maite dutenek ez dezatela 1984an Tian Zhiangzhanek egindako “Dao ma zei” (“The Horse Thief”, Klasikoen atalean) galdu. Txinatarrak gutxiengo etnikoei buruz gauzatu zuen trilogiaren atal honetan tibetar artzain familia baten drama islatu zuen modu zirraragarrian. “The New York Times-en” esanetan, «Tibeteko paisaiak iraganeko amerikar westernen erabateko edertasuna du pantaila handian. Bertan drama tribal bat jokatzen da. Ikusgarria da oso, bizitza primitiboan fokua jartzen duen arren, sofistikazio harrigarriarekin islatzen baitu».

Hego Korea. Zinemagintzako potentzia batetik beste batera; Hego Korea, inolako konplexurik gabe nazioarteko jaialdietara ikusleen entretenimendurako egindako filmak bidaltzen dituen industria. Bong Joon-ho zuzendariak gurera egiten duen laugarren bisitaldian “Parasite” (Perlak atalean) titulua dakar. Cannesen Urrezko Palmondoa eskuratu du film honek, nazioarteko kritikak txalotu du aho batez... eta Korean, zinema aretoak bete ditu. Genero poliziakoari heldu dio berriz ere Bong Joon-hok Hego Koreako gizartearen disekzioa egiteko, klaseen arteko borrokari buruz hausnartzen du thriller egitura erabiliz. Ki-taeken familiako guztiak langabezian daude, eta Park familia aberatsaren bizimoduak izugarrizko interesa pizten die. Egun batean, Parken etxean ingelesezko eskolak emateko gomendatuko dute semea. Bidaia kontrolaezin baten hasiera izango da.

Japonia. Kalitatearen zigilua eraman dezakeen zinema eta “klasikoen fabrika” den lurraldetik datozen tituluen artean bi bitxikeria aukeratu ditugu; hasiberri baten estreinako lana –“Yoake no Takibi” (Zuzendari Berrien atalean lehian), Koichi Doi-ren lehen film luzea, Japoniako antzerki tradizionaleko Kyogen adarrean kokatuta– eta anime edo marrazki bizidunen harribitxi bat. “Weathering With You” (Perlak atalean) Makoto Shinkaki (“Your Name” zoragarriaren egilea) animatzailearen azken lana da, eta marka guztiak hautsi ditu Japonian, bai sarreren salmentari dagokionez, bai kritikaren onespena jasotzean. Oscar sarietara aurkeztuko den lehen anime lana izango da, pentsa, Japoniako Zinema Akademiak oraintxe aukeratu berri baitu atzerriko film onenaren sailean ordezkatu dezan. “Drama ekologiko” bezala defini daiteke, protagonistetako batek, Hina neskak, eguraldia kontrola dezakeelako.

Kazakhstan. Aldizkari espezializatuek indie kultura edo Aki Karusmäki finlandiarra aipatzen dituzte, bata zein bestea, Adilkhan Yerzhanov zuzendari kazakharen eraginei buruz mintzatzean. Bai, kazakha da, areto komertzialetan oso ohikoa ez den lurraldeko ordezkari. Jezkazgan eskualdean jaioa, Kazakhstaneko Arteen Eskola Nazionalean zinema ikasketak egin ondoren New Yorkera joan zen beka batekin, eta ordutik film batzuk egin ditu, horien artean “The Owners”, 2014ko Cannesen proiekzio berezi batean kritikarien onespena jaso zuena. “Varity” aldizkari estatubatuarraren esanetan: «Petrolio ekoizlea da Kazakhstan, askogatik Erdialdeko Asian kokatutako errepublika sobietar ohietatik aberatsena, baina bere zinemagintza irregularra da; barnean film epiko astunak kontsumitzen dituzte, eta nazioarteko jaialdietara, aldiz, drama indie artistikoak esportatzen dituzte». Azken atal honetan kokatuko genuke Adilkhan Yerzhanov. Donostiara dakarren “A Dark-Dark Man” (Sail Ofizialean, Urrezko Maskorraren lehian) filmak thriller beltz-beltzaren egitura dauka, Kazakhstango herri batean kokatutako polizia ikerketa baten bidez.

Tunisia. Kontinente beltzeko zinemagintzen azken garaietako berpiztearen isla ez da izango aurtengo Zinemaldia –uste izan daitekeenez, hainbat arrazoi direla medio; Europako zirkuituetara iristeko zailtasunak, dagoen ekoizpen murritza…–, baina, dena den, egitarauan Afrikatik datozen aire berrien erakusgarri interesgarriak topa daitezke. Esaterako, afrikar emakume zinemagileen artean dagoen erabateko begirada feminista. Hinde Boujemaa zuzendari belgikar-tunisiarrak –aita tunisiarra eta ama valoniarra du, filma ere Belgikaren eta Tunisiaren artean ekoitzi dute– Tunis hiriko Jebel Jelloud auzo herrikoian filmatu du bere bigarren film luzea, “Le rêve de Noura” (“Nouraren ametsa”, Zuzendari Berrien atalean). Hinde Boujeemak berak argitzen du nondik nora doan gakoa: «Istorio honen protagonista (Hed Sabri aktore tunisiar ospetsua) emakumeen eskubideen alde lanean ari den talde baten partaidea da. Senarra delitu bategatik kartzelatzen dutenean, maitale bat aurkitu eta dibortzioa eskatzen dio. Baina senarra askatzen dutenean, legeak berriz berarekin bizitzera behartzen du dibortzioaren epaia indarrean sartu arte, bestela emakumea atxilotzeko arriskuan egongo baita, adulterio salaketapean».

Senegal. Cannesen lehiaketa ofizialean zihoala harriduraz hartu zuen Mati Diopek marka bat hautsi zuenaren berri; zinema jaialdirik handienean lehian dagoen lehen emakume beltza baitzen: «Harrituta eta triste nago, aurretik bide luzea gelditzen zaigu». Estatu frantsesean jaioa, jatorri senegaldarreko familia batean, Diop kritika onak jaso dituzten bost film laburren egilea da. “Atlantique” (Zabaltegi Tabakalera sailean) bere lehenengo luzea da eta bertan hainbat gai ukitu ditu, horien artean migrazioa eta itunpeko ezkontzak. Hona sinopsia: Gutxi barru irekiko den dorre futurista bat altxa dute Dakarreko aldirietan. Ada, 17 urteko gaztea, Souleimane eraikuntzako langile gaztearekin maiteminduta dago, baina beste gizon batekin ezkonarazi nahi dute. Gau batean, Souleimanek Europarako bidea hartuko du. Senegaleko emakumeen egoeran jartzen du fokua Diopek, gizon gazteek migrazioaren bide latza hartzen dutenean bizitzari aurre egiteko beharrean aurkitzen baitira.

Argentina. Latinoamerikan egiten den zinemak presentzia handia izan du betidanik Zinemaldian. Interes berezia du ukitzen dituen gaiengatik, egituragatik eta, batez ere, handik datorren ekoizpena itzulinguruka ez dabilen horietakoa delako. Arrazoi horiek direla medio, atal propioa du Zinemaldian, Horizontes Latinos izenburupean. Dagoen eskaintza oparoa kontuan izanik, ez da batere erraza titulu gutxi batzuk aipatzea, baina saia gaitezen. Komedia generoa aukeratu du krisi ekonomikoaren disekzioa egiteko Sebastian Borensztein argentinarrak: “La odisea de los giles” (Sail Ofizialean lehian). Argentinan abuztuan estreinatu zenetik, sekulako arrakasta lortu du, gainera. Ez da harritzekoa, lehen mailako aktoreak biltzen baititu, horien artean Ricardo Darin handia. Argentinan, gil esaten diete on puskei, inuzenteei eta, aldi berean, nolabaiteko arduragabekeriaz jokatzen dutenei; baina film honetako protagonistak, Buenos Airesko herri bateko zortzi biztanleak, justizia beraien kabuz ezartzea erabakitzen dute iruzur baten biktima suertatu ondoren. Bestalde, Juan Solanasek, “La ola verde (Que sea ley)” (Horizontes latinos atalean) filmean, dokumental egiturarekin, Argentinako kaleak hartu dituen beste gai polemiko bati heldu dio: abortua legeztatzeko borrokari, alegia.

Mexiko. Zer egin ahalko zenuke zure egunerokoa itogarria balitz, bortizkeriaz eta txirotasunez blaituta, eta itotzen zaituen etorkizun gabezia horretatik ihes egin nahiko bazenu? Galdera hauxe berau luzatzen du Gael Garcia Bernal aktoreak kameraren atzean jarri den bigarren saiakeran. Oraingoan ere Mexikok gazteekin duen problematika latza plazaratu du “Chicuarotes” (Horizontes Latinos sailean) filmean. Bi nerabe, Cagalera eta Moloteco –Xochimilco bortitzean denek dute goitizenen bat–, San Gregorio Atlapulco herrian bizi dira, edo bizirauten dute. Cagalera eta Moloteco Mexiko Hiriko mundu kriminal ilunean barrenduko dira, handik alde egiteko “askatasuna” erosteko ahaleginetan. Canneseko jaialdian aurkeztu zen filma, emanaldi berezi batean eta, diotenez, lehenengo sekuentzia adrenalinaz beteta dago. Torontoko jaialditik dator zuzenean, bestalde, “Mano de obra” (Sail Ofizialean lehian), David Zonanak zuzendu duen lehen film luzea. Aktore profesional eta ez-profesionalak erabilita, eraikuntza alorreko langile batzuen gorabeherak islatzen ditu. Istorio honetan Mexiko Hirian luxuzko etxe bat egiten ari dira, beraiek prekaritatea bortizki pairatzen duten bitartean.

Brasil. Paxton Winters fotokazetari estatubatuarra zazpi urtez aritu izan da Rio de Janeiroko Morro dos Prazereseko favelako komunitatearekin elkarlanean “Pacificado” (Sail Ofizialean lehian) gauzatzeko. Auzoa Santa Teresan dago, O Cristo Redentor estatua ikonikotik gertu, eta narkotrafikatzaileen esku dago, Poliziaren tropa “baketzaileak” sartzen ez direnean, noski.

Guatemala. Gatazka armatua da erabateko protagonista Erdialdeko Amerikako zinemaren aurtengo uztan. Jayro Bustamantek “La Llorona” (Horizontes Latinos sailean) Veneziako jaialdian aurkeztu zuen. Alma neska indigena neskame sartzen da militar ohi baten etxean, alegia komunitate indigenen aurkako genozidioagatik zigortua izan den militarraren etxean. Mendekua eta samina nahasita daude istorio gogor honetan. Bestalde, Cesar Diazen “Nuestras madres” (Horizontes Latinosen ere) filma Cannesen ikusi ahal izan zen, eta bi hamarkadaz Guatemalak pairatu zuen gerra zibil odoltsu eta krudelak batez ere indigenentzat izandako ondorioen gainean nagusitu den isiltasun ofiziala azaleratzen du. Protagonista Ernesto da, desagertuen identifikazioan lan egiten duen antropologo gaztea. Aita gerrillaria zuen, hain zuzen ere, gatazkan desagertua.

Kolonbia. Erreferentzia ezin hobeekin dator Alejandro Landes zuzendari kolonbiar-ekuadortarraren “Monos” (Horizontes Latinos sailean), Epaimahaiaren Sari Berezia jaso baitzuen Sundaceko jaialdian. Gatazkaren gaia berreskuratzen du Landesek, kolonbiar zinemagintzan nahi eta nahi ez behin eta berriro, egoerak bultzatuta, jorratu dena, boterearen eta indarkeriaren aurrean gizakiok nola erantzuten dugun azaltzen duen metafora erdiragarria gauzatzeko. Abiapuntua: mendi erraldoi baten gailurrean, lehen ikusian udalekua dirudien toki batean, sarjentu paramilitar baten begirada ernearen pean bizi dira “Los Monos” izeneko zortzi haur gerrillari.

Txile. Patricio Guzman nazioarteko onarpena duen zinemagilea da. Pinocheten estatu-kolpearen ondoren, Santiagoko Estadio Nazionalean egon zen gatibu, fusilamenduaren mehatxupean. 73an erbesterako bidea hartu zuen eta, Kuban bizi ondoren, urteak daramatza Estatu frantsesean. «Zinemagintza dokumentalik ez duen lurraldea argazki albumik ez duen familia baten parekoa da», dio. Hau da Cannesen txalo artean estreinatu zen “La cordillera de los sueños” (Horizontes Latinos sailean) filmaren abiapuntua, zeren eta Andes mendikateri buruzko dokumental eder honekin “Nostalgia de la luz” (2010, Atacamako basamortuari buruz) eta “El botón de nácar” (2015, Txileko hegoaldea islatzen duena) dokumentalarekin trilogia osatu du Guzmanek. Bestalde, egile beterano honek gertutik ezagutzen duen garaia islatzen du Andres Woodek “Araña” filmean (Horizontes Latinosen hau ere). Gai deserosoa aukeratu du, Patria y Libertad talde ultraeskuindarreko hiru partaide ohien gaur egungo bizimodu eta kezken erretratua baita.

Kuba. Bata Kuban bertan egina, bestea Karibeko uhartea protagonista duena, bi ikuspuntu –eta aurrekontu– desberdin dituzte Armando Capo kubatarraren “Agosto” (Horizontes Latinos sailean) eta Olivier Assayas frantsesaren “Wasp Networdk” (Donostia saria emanaldiak, Penelope Cruzen omenez). “Agosto” filmak urteak eman ditu diru bila, 1994ko udako balsero-en auziari heltzen baitio. Hau da, Aldi Berezian, legez kanpo AEBetara iristen saiatu ziren milaka kubatarrei buruzko filma da... eta polemikarekin lagunduta dator, antza. “Wasp Network” ere gertakari errealetan dago oinarrituta, zehazki Liztor Sarearen historian, alegia 90eko hamarkadan Miamiko kubatarren artean espioi lanak egin zituen inteligentziako talde militar batean.

Britainia Handia. Bizitza osoa darama era errealistan egunerokotasuneko injustiziaren inguruan mintzatzen; gizarte honek jende anonimo eta ona nola inguratzen duen, ito arte. Europa eta Ingalaterrako kronikaria da Ken Loach handia. “Sorry We Missed You”-n (Perlak atalean), Ricky Newcastlen bizi da familiarekin, prekaritatearen aurkako etengabeko borrokan, berak eta emazteak beti lana eduki izan arren. Ricky aldi baterako langabezian geldituko da eta, furgoneta bat eskuratuz gero, gidari eta banatzaile aritzeko aukera izango du, baina familia osoa eroriko da uberizazioaren tranparen amesgaiztoko espiralean.

Grezia. Costa Gavras zinemagile beteranoak –aurtengo hiru Donostia sarietako bat jasoko du–, Yanis Varoufakis Greziako Gobernuko ministroa izan zen ekonomialariaren biografia eraman du pantaila handira. “Adults in the Room”-n (Donostia saria emanaldiak), bere 19. filmean alegia, 2015ean herrialdeak pairatu zituen hilabete gogorrenetara itzuli da. Grezia klasikoaren garaiko tragedia bat izango balitz bezala ulertu du.

Estatu frantsesa. Pariseko aldirietan edo banlieu-etan «mugimendua dago, bizitza, sekulako energia », Ladj Ly zinemagile alternatiboaren esanetan. Zuzendari konprometitu hau “Les Misérables” (Perlak sailean) gauzatzean errealitatean oinarritu da, zehazki Hexagonoko hiriburuko istiluetan, Victor Hugoren klasikoaren bertsio propioa eginez.

Euskal Herria. Helena Taberna nafarra, “Varados” (Zinemira) tituluan, Mediterraneoa zeharkatzen duten migratzaileen egoerara hurbildu da, zehazki iraupen luzeko iheslarien eguneroko bizitzan jartzen du fokua. Horretarako, Atenaseko eraikin okupatuetan nahiz herrialdean zehar sakabanatutako errefuxiatu eremuetan ibili da. Eta, zer gehiago? “Agur Etxebeste!”-n (Zinemira) barre algaren artean euskal gizartearen “bekatuak”, ustelkeria politikoa barne, azaleratuko dituzte, eta “La trinchera infinita” filmak (Sail Ofizialean lehian) memoria historikoa izango du ardatz...