amagoia mujika
IRITZIA

Sukaldea

Behin, behin bakarrik egin omen zuen zerbait sukaldean. Emazteak txukun-txukun utzi zizkion patatak prest, arrautzetan nahastuta. Berak zartagina berotu eta tortilla egin behar zuen, seme-alaba txikiei afaltzen emateko. Erraza zirudien. Baina tortillari buelta ematen hasi eta... ederra triskantza. Armairuen arteko zirrikituetatik irristatu zen tortilla proiektua. «Behin gaizki egin eta ez dizute gehiago egiteko aginduko», kontatzen zuen harro lagunartean, elkartean astero egiten zituzten gizon afari horietan. Elkartean kozinatzen zuen.

Harekin akordatu naiz Lakuaren Bizigarritasun Dekretuaren zirriborroaren berri jakin dudanean. Aurrerantzean egiten dituzten etxebizitza berrietan sukaldeak gutxienez bost eta zazpi metro karratu artean izatea exijituko dute, sukaldeko lanak bikoteak eroso partekatzeko. Lekuaren aitzakiarik ez dadila izan, ezta? Ondo, seguru ondo pentsatua dagoela, baina barremurriak alde egin dit.

Sukaldean aise kabitzen dira bi emakume, edo gehiago. Edozein sukaldetan, gainera. Eta mahaian jateko zain dauden gizonezkoei gehiegitan entzun izan diete, «emakume bat sukalderako gutxitxo eta bi gehitxo».

Bai, esaera zaharrek jendarte baten erradiografiarik gordinena egiteko gaitasuna daukate. «Emakume leiho zale, etxean gobernu txarra». «Emakume zikinak etxean gobernu onik ez». «Emakumea eta zartagia sukaldean». «Emakumeak agintzen duen etxea eta apaizak agintzen duen herria berdin». Eta zerrendak jarrai dezake, edonoren pazientzia eta umore ona lehortzeraino.

Gauzak aldatzen ari dira. Zaharkitutako eta ozpindutako esaera horiek ez dute balio gaurko egunetarako. Baina, batez ere, ez direlako politikoki zuzenak. Egungo iragarkiek gauza berdintsuak esaten dituzte modurik modernoenean.

Sukaldeak handitzearekin batera, begiradak handitu beharko ditugu. Begiradak zabaldu, ahalik gehien ikus dezaten, etxekoandreak ikusten duen adina ia. Zer falta den sukaldeko armairuan, zer dagoen hozkailuan, gaur-bihar-etzi zer jango den etxe horretan, armairuan dagoen orban hori...

Zorionez, etxeko sukaldeak dagoeneko ez dira emakumeenak bakarrik. Baina ingurura begiratu eta iruditzen zait oraindik etxe askotan ordenagailu nagusia, sistema zentrala, emakumeak maneiatzen duela. Egitea lana da, baina zer egin behar den pentsatzea ere lana da. «Gizonak ezin ditu bi gauza aldi berean egin». Hori ere maizegi entzuten da. Utz ditzagun moldeak, atera ditzagun hankak estereotipo astun horietatik eta aska gaitezen. Eta esaera zaharretara bueltatuz, «auzoko sukaldea garbitzen hasi baino lehen, etxekoa garbitu».