2019/11/03

JOKIN URAIN
Zigorra
Kataluniako prozesuko epaiak eragin duen haserrea kaleetan hedatu bezain bizkor atera da espainiar Barne ministroa, Marlaska «inefablea», legea hausten eta indarkeria erabiltzen dutenei mehatxu eginez. Eta Madrilen mehatxuak espetxe zigorretan sostengatzen dira gehienetan. Eskarmentuz dakigu.

Zigorraren eta sariaren kontu hori, eta zigorraren eta sariaren arauekin bizi behar hau, aldatzeko itxurarik gabe, erremedio itxurarik gabe, egunero predikatzen digute, batzuen nahigabea besteen zorion balitz bezala. Egia da nornahik izaten dugula noizbait norbait zigortzeko gogoa...

Estatuak dira, beren aparatuekin, gizartean arau eta jokabideen guarda, zigor-ezpata jasoz batik bat... Baina suposatzen da arau horiek hiritarrentzat gero eta gizatiarrago, hobeago, duinago izateaz arduratu behar luketela, hiritar eta herritarrei entzunez, hauen beharrei eta nahiei erreparatuz eta kasu eginez...

Baina estatuetako gobernuak hain dira handi, ahaltsu, beti legitimo! Herrien nahiak eta eskaerak entzuteko baino legitimoago dira, eta armada, polizia, epaitegi eta espetxeekin defendatzen dute beren legitimotasunaren legea.

Kataluniako prozesuko epaiak eragin duen haserrea kaleetan hedatu bezain bizkor atera da espainiar Barne ministroa, Marlaska inefablea, legea hausten eta indarkeria erabiltzen dutenei mehatxu eginez. Eta Madrilen mehatxuak espetxe zigorretan sostengatzen dira gehienetan. Eskarmentuz dakigu. Herritarren edozein protesta eta adierazpide baita indarkeria eta lege hauste Estatu ordenaren begietan, eta lege hausteen arrazoiketa horretan zein eroso moldatzen den edozein agintari totalitario! Horrela zen Francorekin ere. Eta Estatuaren sorgortasunak indarkeria handiagoa erabiliz erantzuten du beti: borrak, gomazko pilota tiroak, ostikadak, atxilotzeak, espetxea. Estatua, jokabide gizatiarraren, arrazoiaren, justiziaren eta zera polit horien guztien gordailu den hori, beti izango baita prest herritarrek ahal duten baino indarkeria handiagoa erabiltzeko.

Eta ez dago espetxea baino indarkeria handiagorik. Katalunian herri borondatea ordezkatu dutenei urteetarako espetxealdia ezarri diete. Estatu sorgorraren aurrean protesta egiten duten herritarrak espetxeratzea ez da, ordea, gizartearen onurarako, batzuk espetxean egoteak ez diolako mesederik egiten inori, batzuek espetxean sufritzen dutela ikustea ezin delako inoiz besteen onura izan. Ez behintzat gizabidezko gizarte batean.

Eta gizabidez eskatzen dugu preso politiko katalanak aska ditzatela, eta Altsasukoak aske! Baina Etxarriko bostak ere, Boltio, Oihan, Gurutz, Luis eta Popi, etxera!, eta euskal preso politiko guztiak ere etxera!