Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Inoren bila

Bagdadeko kaleetan hartutako argazkia da goian ikusten duzuna, Tahrir plazatik gertu egindakoa. Emakume bat, bakarrik, kaleetan barna. Mezuz betetako murala du atzean, baina badirudi ohartu ere egin gabe pasatzen dela aurretik, nahiz eta bala bat haur baten burua zulatzeko prest den, nahiz eta beste bat txori bati “konpainia” egiten ari dela dirudien. Bi irudion artean, Nazio Batuen Erakundeko ikurra ageri da. Eta galdera goian: «Non zaudete?».

Noren bila ari da, bada, azken denboran munduaren nahia, nahaspilak, oztopoek, odolak, minak, artilleria pisutsuek gidatutako gurdi zamatsuen atzetik ez bada? Irakeko gerrak utzitako biharamunaren argazkia izan daiteke goikoa. Altxa begirada lerrootatik eta aztertu zer ikusten duzun, behatu, ikuskatu, haztatu eta pentsatu norantz doan muralaren aurretik ia oharkabean pasatzen ari den emakume hori.

Ez ote da mundua bera bertan gertatzen ari diren izugarrikerien aurretik oharkabean pasatzeko saiakeran ari den subjektu politikoa? Neokapitalismoaren eskuetan kulunka gozoan bizi den aro globalizatu honetan, ez ote da mundua neutralizatuta geratzen ari? Arnas isilean bizi den gizaki kolektibo otzana ez ote gara bilakatu, begien aurrean ikusten duen ezerk aztoratzen ez duen jende multzo ahalketsua, diruaren botereak sortutako hipnosi ankerraren menpe soilik bizi den masa sozial apaldua? Inoren bila ari den begirada itsu bat?